#AdierazpenAskatasuna #AteakIrekiAurrera #HerriraAurrera

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasko epailearen 2013.11.11ko autoaren bidez Etengabe webgunea ixtea erabaki dute, ateakireki.com, egindezagunbideadonostia.com eta zarauzkoherrira.wordpress.com webgunekin batera. Auto horren berri Internet bidez jakin dugu eta bere edukia Interneten bidez ezagutu dugu.

Horren aurrean, hauxe esan nahi dugu:

Etengabe 2012ko maiatzetik hona itxita dago. Harrez gero, bi sarrera ditu, bata 2013ko martxoan, Angel Figueroaren heriotza jasotzen duena eta, azkena, 2013ko apirilean, EPPKren 2012ko adierazpena. Azken hau, webgunearen sarrera modura jarrita dago.

Etengabe ixtea erabaki genuen Herrira sortu eta bere baliabide komunikatiboak martxan jarri zituenean Etengabek betetzen zuen funtzioa beteta ikusten genuelako. Halabaina, Etengabe sarean mantentzea erabaki genuen, bertako informazioa sarean egoteko, urte hauetako artxibo modura.

– Hartara, zail da ulertzea itxita dagoen webgune bat ixteko oraingo erabakia, are gehiago autoan erabaki hori “con el fin de evitar la continuidad de la actividad ilegal de HERRIRA a favor de ETA” hartu dela irakurtzen dugunean.

– Baina zapaltzailearen logika ulertu behar da: bere neurriak arbitrarioak izan ohi dira. Ez dira ateaz tronpatu. Eta mezua argia da: gustuko ez duen gaien inguruan informazioa eman dezakeen edozeinen kontra jo dezakete. Zure kontra ere bai. Helburua informazioa isiltzea eta gertatutakoa izkutatzea da.

Egin, Egin Irratia, Ardi Beltza, Egunkaria, Kale Gorria, Askatu.org, Apurtu.org, Gaztesarea.info, Ernai.info, Burlataherria.org, Herriraren medio digital guztiak, AteakIreki.org, Etengabe

Euskal Herriak askatasuna behar du!
AMNISTIA ETA AUTODETERMINAZIOA

Utzi iruzkina

EPPKren adierazpena

>> EPPKren adierazpena.PDF

Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren adierazpena euskal jendarteari

EPPK-k azken hilabeteotan burutu duen eztabaida politikoaren ondorioetan oinarriturik honako adierazpen publikoa zabaltzen du:

1- GATAZKA POLITIKOA ETA KONPONBIDE DEMOKRATIKOA

Gatazka politiko honek gure Herriaren eskubideak urratu ditu. Gernika bonbardatu zuten 75. urteurren honetan eta euskal Estatua (Nafarroa) okupatu zuten V. mendeurren honetan, Frantzia eta Espainiak zapalkuntzari eusten diote.

Gatazkaren konponbide demokratikoak proiektu politiko guztiak ahalbidetu beharko ditu, independentzia barne. Herriak du hitza eta erabakia.

2- EZKER ABERTZALE OSOAREN HAUTU POLITIKOA

Kokapen politiko berritua eskaini du Ezker Abertzaleak, iniziatiba politikoa berreskuratuz eta helburu politikoen erdiespena indar metaketa politiko, instituzional eta sozialean finkatuz.

Estrategian sakondu eta urrats erabakigarriak hartzen jarraituko dugu. Euskal gizartearen eskaera eta mandatua ere horixe baita. Eraginkorrak izateko eta prozesua azken porturaino heltzeko, Herriaren indarrak biderkatu behar ditugu eta denok elkar batera jo.

EPPK Ezker Abertzalearen estrategia politikoari atxikitzen gatzaizkio fermuki.

3- ETAren ERABAKIA

ETAk ildo armatua bertan behera uzteko erabaki historikoa hartu du. ETAren borrokak herri honek pairatzen duen zapalkuntza agerian utzi du, Estatuen izaera ez-demokratikoa biluztaraziz.

EPPK-k ETAren erabakiari bere errespetu eta babes osoa helaraziz, borroka armatua tresna gisa erabiltzeko garaia gainditutzat ematen du.

4- ANOETA, GERNIKA ETA AIETE-ko ERREFERENTZIA POLITIKOAK

Anoetako planteamenduarekin bat etorriz (2006) gure aitortza eskaintzen diogu ETAri, Gobernuekin balizko negoziazioan presoon kaleratzeari buruzko urrats eta akordioak finkatzeko.

Gernikako Akordioa (2010) konponbide integralari begira erreferentzia nagusitzat jotzen dugu.

Aieteko Adierazpena (2011) gatazkaren konponbide prozesua egituratzeko eta negoziazio bide orri gisa sustengatzen dugu.

5- EGOERA POLITIKOA

Ezker Abertzalearen berregokitzapen estrategikoak egoera soziopolitikoa errotik irauli du, Herri indarrak metatuz eta eraldaketa politikoa gorpuztuz.

Estatuen jokabidea blokeoan eta honen bidez euskal jendartean etsipena eragin nahian datza.

Estatuek prozesu demokratikoan urratsak eman ditzaten, indar metaketa eraginkorrena lortu behar dugu. Jabe gaitezen bizi dugun une historiko eta politikoaz. Orain da ordua! Ofentsiba politikora pasa behar dugu, urte luzeotan metatutako kapital politikoa berraktibatuz helburuak erdiesteko. Borroka garaia da!

6- ESPETXE POLITIKA

Espetxe politikak gerra estrategiari erantzun dio. EPPK-k tinkotasunez egin dio aurre, estatuen asmoak porrotera kondenatuz. Aukera politiko berria EPPK-ren borrokaren emaitza ere bada, borrokak ekarri gaitu honaino, borrokak askatuko gaitu.

Espetxe politika egoera berrian, prozesu demokratikoaren kontrako murru gisa baliatzen da eta euskal presoak bahitu politiko gisa. Eskubide urraketa du oinarri, heriotza eta sufrimendu asko eraginez. Salbuespen neurri guztiak, sakabanaketa eta biziarteko zigorra besteak beste, lehenbailehen altxatu behar dira dagozkigun eskubideak onartuz.

Damuketa-salaketa militanteak eta pertsonak suntsitzeko bidea besterik ez da, erabat baztertu eta arbuiatzen duguna. Presio, xantaia eta jokaera makurrak bertan behera utzi behar dira, eskubideak ukatzeko espetxe onuren erabilpena bezala.

Gatazka politikoaren isla gara eta irtenbidea konponbide integralarekin loturik doa, Amnistia-Autodeterminazioarekin. Gatazkarako arrazoiak konponbidean jarri, preso guztiak kaleratu eta berriak ez sortzearekin. Kaleratzeko oztopoak indargabetu behar dira, Euskal Herriarekin batera, euskal herritarrekin batera prozesu politikoan parte hartzeko.

Kolektiboak aurrerantzean, baldintza berrien argitan, urrats berriak emateko prestutasun osoa du.

7- GATAZKAREN BESTE ONDORIOAK

Zapalkuntzaren biktima dira Euskal Herria eta euskal herritarrok. Gatazkaren parte eta ondorio preso eta iheslari politikoak. Gatazkak kaltetuak eta biktimak eragin ditu. Abenduan Gernikak egindako adierazpenarekin bat egiten dugu.

Alde anitzetako minaz jabetzen gara erantzukizun osoz. Gure larruan eta hurbilekoenean ezagutzen dugu belaunaldiz belaunaldi. Ulerkor izateak ez gaitu itsutzen ordea, samina helburu politiko batzuen alde erabiltzen baita. «Biktimen auzia» gatazka betikotzeko erabiltzen duten bezala. Biktimak eta presoak kontrajartzen dituzte bi auziei errotik irtenbide propioa eman beharrean.

Hainbeste min eragindako gatazkaren erroak ulertzea, alde bakoitzaren ikuspegiarekin, ezinbesteko eginbeharra izango da. Ariketa sakon eta mingarria, egiatia izango bada askatasunetik egin beharrekoa, gatazka gainditzeko borondatetik eta konponbide asmoz.

Konponbideak, ondorioak aztertu eta osatu behar ditu.

8- ESKAINTZA

Espainia eta Frantziako gobernuak ausart eta erantzukizun historikoz, aurrean duen aukera baliatzeko dei egiten diegu. Konponbide demokratikoaren ibilbidean sar daitezela. Espainia, Frantzia eta Euskal Herriak irabaziko dute. Herritarrok irabaziko dugu.

EPPK-k euskal preso politikoon egoera eta eskakizunen inguruan mintzatzeko prestutasun osoa adierazten du. Berrikitan izendatutako Mintzakidetza eginkizun horretarako hautatua izan da.

Nazioarteko komunitatea, azken garaietako inplikazioa biderka dezan animatzen dugu.

Amnistia-Autodeterminazioa!

EPPK Euskal Herria bihotzean, 2012ko ekaina.

Utzi iruzkina

Anjel Figueroa hil egin da


http://anjelkalera.mundua.com/

Gaur 14:30etan hilik aurkitu dute Anjel Figueroa bere etxean.


Anjel Figueroa Txagorritxu ospitalean

2007ko uztailaren 30ean bertso-bazkariaren ostean bertso poteoan ibili ziren Amets Arzallus eta Andoni Egaña Algortako tabernetan zehar. Amnistia tabernan presoak gogoratu eta Anjel Figueroaren inguruko bertso hauek bota zituzten.

Irabazi arte, Anjel!

Utzi iruzkina

Irlandako preso politikoen gaurko egoerari buruzko hitzaldiak


Aste honetan Diarmuid Breatnach irlandarraren hitzaldi pare bat eukiko doguz gurean.

Diarmuid Irlandako preso politikoekin lanean dabilen talde bateko militante independiente bat da eta bertako presoen eta gatazkaren gaur egungo egoerari buruz arituko da.

-Ekaina 14, osteguna, 19:30, Eztabaida Gunea, Algorta.
-Ekaina 15, ostirala, 20:30, Plaza Beltza, Larrabasterra
.

EZTABAIDA GUNE ANTIAUTORITARIOA
Villamonte plaza, A4 bajo
Algorta 48991 BIZKAIA
Tlf: 94 656 29 85
eztabaida@eztabaida.org

PLAZA BELTZA KULTURGUNEA
Akilino Arriola kalea
LARRABASTERRA
EUSKAL HERRIA
plazabeltza@gmail.com

Utzi iruzkina

Orkatz Gallastegiri ezarritako zigorra kentzea eskatu dute, Nazio Batuek torturak ikertu ez zituztela esan ostean

Orkatz Gallastegiren abokatuek eta etxekoek, Torturaren Aurkako Taldeko ordezkariekin batera eginiko agerraldi batean, ezarritako zigorra kentzea eskatu dute, NBEko Torturaren Aurkako Komiteak Espainiak ez zuela Orkatz Gallastegiren salaketari buruz ikerketa azkar eta inpartzial bat egin esan ondoren.

Orkatz Gallastegiren kasuan ezarritako zigorraren arrazoia Lironen familiari 1.000.000 euro eman ahal izatea izan zela salatu da behin baino gehiagotan, “Orkatz Gallastegiri 26 urteko espetxe zigorra ezarri diote” sarreran egindako lehen eta bigarren iruzkinetan irakur daitekeen bezala.

>> berria.info: Nazio Batuen Erakundeak dio Espainiak torturaren aurkako hitzarmena urratu duela
> naiz.info: Instan a Madrid a que revise la sentencia contra Orkatz Gallastegi
>> naiz.info: Naciones Unidas acusa al Estado español de violar la Convención Contra la Tortura
>> etengabe: Orkatz Gallastegiri egindako torturak aipagai izan dira NBE-aren Torturaren Aurkako Komisioan
>> estengabe: Paule Sodupe: Demokraziak ez du esan nahi justizia nahitaez

Orkatzen tortura lekukotasuna

“Ahalik eta zehatzen idazten saiatuko naiz atxiloketa momentua eta inkomunikazio egunak. Agian, detaileren bat edo beste ez ditut gogoratuko baina dena gogoratzen saiatuko naiz.

ATXILOKETA MOMENTUA- Goizaldeko seiak aldera ateari joka hasi ziren eta “zabaldu atea, Ertzantza!”, “zabaldu atea, bestela behera botako dugu!” esaten. Etxe ingurua guztiz hartua zeukaten ertzain ugarik, linternekin argiztatzen zuten etxe aurrea, baita “ertzantza, irten etxetik” oihukatuz ere. Orduan, anaiak zabaldu zuen atea eta nere izena oihukatzen hasi ziren. Metrailetaz armaturik zeuden eta ni agertzearekin batera lurrera bota ninduten lepoa indar handiz zapalduaz eta besoa, bortizki, atzera botaz eskuburdinak jarri ahal izateko. Azkenean, sokazko eskuburdinak jarri zizkidaten eta kanpo aldera eraman ninduten hormari begira belaunikaraziz. Horrela eduki ninduten idazkari judiziala etorri arte, terrorismo delitu bategatik atxilotua nengoela jakinarazi zidan eta, “nire presentzian”, etxea arakatzeari ekin zioten. Baina kanpoaldean eduki ninduten denboran eta arakatze momentuan ere ertzain mordoa ibili ziren etxe barruan, beraz, ni egon barik etxea miatu zezaketen. Miaketa bukatuta furgona batean sartu ninduten eta Arkautera eraman. Furgona barruan, justu-justu jesarri nintekeen toki batean sartu ninduten eta leiho txiki batetik ikusi nuen Arkautera eramanak ginela.

INKOMUNIKAZIOA- Furgonatik jaistearekin batera lurrera begiratzera edota begiak ixtera eta makurtutik ibiltzera behartu ninduten bertan izan ninduten denbora guztian. Argazkiak atera, hatz markak hartu eta grabatua izan ostean kalabozora eraman ninduten. Bertan, zutik mantentzera eta hormara begiratzera behartu ninduten. Jarraian, galdeketekin hasi ziren. Begiak ixtera eta makurtzera behartzen ninduten eta gela batera eraman. Sarritan, begiak itxirik izanagatik hormen kontra kolpatua izaten nintzen. Galdeketetan hormaren aurka, besoak altzata eta belaunak flexionatuak izatera behartzen ninduten. Orduan, galderak egiten, mehatxatzen eta kolpeak ematen hasten ziren. Beno, galderak beharrean egozten zitzaizkidan gauzak esaten zizkidaten, mehatxuak era guztietakoak ziren: “egun batean, bide bazterrean utziko zaitugu buruan tiro bat duzula”, “hemetik, hankak aurretik dituzula irtengo zara, gero, istripu bat izan dela esan eta ezer gertatu izan ez balitz bezala izango da”, “anaia atxilotuko dugu baina etxean ez badago ama atxilotuko dugu”, “Lasai egon, nik ez zaitut hilgo, elbarri utziko zaitut”… mehatxuak heriotzezkoak eta familiaren aurkakoak ziren. Galdeketetako batean, “kolaborazioa eta negoziazioa” eskaini zidaten. Kolaboratuz gero bost aukera eskaintzen zizkidaten: espetxe zigorra murriztea, Euskal Herriko espetxeren batean sartzea, EAJ-k dena kontrolatzen duenez aitaren lan-eskeintzetan esku ez hartzea… ez ditut besteak gogoratzen.
Bi galdetegi mota bereiztuko nituzke, batetik informazioa eskuratzeko egiten zutena bestea, aldiz, egurtua eta mehatxatua izaten nintzen. Bi galdetegi mota hauek tartekatu egiten zituzten.
Postura behartuetan izaten ninduten, garrasika eta mehatxatzen zidaten bitartean ukabilkadak zein ostikadak ematen zizkidaten gorputz guztian eta ezintasunagatik lurrera erortzen nintzanean kolpeka hasten ziren eta postura behartuan jartzen ninduten. Horrela behin eta berriz egiten zidaten konortea galtzen nuen arte. Ondoren, aulkian eserita agertzen nintzen eta ura edanarazten zidaten, orduan, galdetegia hasten zen baina lortu nahi zutena lortzen ez zutela ikusirik berriro hasten ziren. Noizbehinka, kalabozora eramaten ninduten eta hormaren kontra, besoak altzata eta belaunak flexionatuta egotera behartzen ninduten, horrela egon ezean kalabozora sartu eta kolpeka hasten ziren. Galdeketetako batean ahoa zabaldu zidaten eta zerbait sartu zidaten ahoan eta hau izan daiteke hormetan ikusten nituen irudien arrazoia (neska baten aurpegia, zaldi gurdi bat…). Baita, barrabilak indar handiz ebatzen zizkidaten ere eta hankatartean ostikadak eman, anaia edo ama atxilotuko zutenaren harira “anaiaren” ahotsa entzuten nuen kalabozoan eduki ninduten batean, gainontzeko atxilotuen garrasiak entzuten nituen ere.
Momentu batean hospitalera eramango nindutela esan zidaten baina nik ezetz esan nien, “ondo” nengoela. Ez bainuen haiekin atzera eta aurrera ibili nahi, kontaktu minimoena izan nahi nuen, beste barik. Forensea bi aldiz ikusi nuen, esan nion belaunean min nuela (herrenka nenbilen) eta bizkarraldea zein zerbikalak minduak nituela.
Azkenean, igande goizaldera gutxi gora behera, deklaratzera eraman ninduten. Deklaratu ostean kalabozora jaitsi ninduten eta jarraian mehatxatua eta zorabioa arte kolpatu ninduten. Ondoren, bigarrren deklarazioa egitera eraman ninduten, igandeko goizladeko zortziak edo bederatziak ziren, eta bukatu ostean kalabozora eraman ninduten berriro ere. Berttan, etzanda egotea baimendu zidaten, lo egiteko esan eta zerbait jateko erregutu zidaten.
Lehenengo eta bigarren deklarazioen artean, eta egurtua izan ostean, txarto pasatu nahi ez banuen eta familiari buruzko mehatxuekin bat, deklaratu behar nuena errepikatzen zidaten behin eta berriz.
Astelehen goizaldera furgonan sartu eta Madrilera eraman ninduten, oraingoan tratu zuzena edukiz.
Beno, espero dut ahalik eta zehatzen deskribatu izana. Nahi izanez gero, dena delakorako prest egongo nintzateke.
Bakarrik esatea, torturaren profesionalak direla, den dena neurtua daukatela. Noiz, nola eta non jo; zerekin mehatxatu; zein hizkera eta hizkuntza erabili…

Beste barik, zerbaitetarako balio izango duelakoan

Orkatz.”

Utzi iruzkina

Maiatzak 26: Azken Ostirala

Utzi iruzkina

Maiatzaren 19an, GOAZEN PLAZARA!

Erandio, 13:00etan Udaletxe plazan.
Leioa, 19:00etan Bulebarrean
Erromo, 12:30etan Santa Eugenia plazan
Algorta, 13:00etan Telletxen
Sopela, 19:00etan Udaletxe plazan
Urduliz, egitaraua hemen
Plentzia, 17:30etan Eliza plazan
Gorliz, 12:30etan Txoko Etxen
Lemoiz – Armintza, 12:30etan Eliza plazan

Utzi iruzkina

EPPKren oharra

Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren oharra

Gobernu espainolak euskal preso politikooi zuzendutako egitasmo berritua aurkeztu du. Euskal Herritik, nazioartetik eta baita Espainiatik ere espetxe politikan urratsak eman ditzan eskaera zabalari itzuri egin nahi dio. Hau dela eta ohar honen bidez, lehen gogoeta ezagutzera ematera gatoz:

1-Euskal presook sistema penitentziarioaren helburu eta eskubide orokorren hartzaile gisa onartzen gaitu. Izaera politikoa izanagatik ere.

2-Euskal presoon kontrako estrategia politiko berezitua, eta ondorioz tratamendu berezitua (eta kolektiboa) inposatzen zaigula onartzen du: hala eskubide eta onura penitentziarioak lortzeko ezartzen zaizkigun baldintza eta exijentzia maila altuagoak, nola klasifikazio penitentziarioaren eta sakabanaketa beraren diskrezionalitatea.

3-Damuketa-salaketarako ʻLangraitzeko bideaʼ deitutakoaren porrot politikoa onartzen da. Bere horretan esanguratsua, orain arte arduragabeki ukatua izan baita. Aldiz, biziarteko zigorra eta honenbestez espetxe politika bera indartzera heldu den Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko erabaki politikoaren ondotik jakinarazi izana, esanguratsua ere bada. Gauzak horrela, irakurketa osatzera gatoz:

4-Ez dio erantzuten euskal jendarteak gehiengo zabalaz hamaika aldiz eskatzen dionari: espetxe politika errotik aldatu eta aukera politiko berrien argitara egokitzea. Izan ere, euskal presoon eskubideak ezagutzeko baldintza eta xantaiaren politikaren haritik jarraitzen baitu.

5-Salbuespeneko neurriak indargabetu behar dira. Muturreko egoerekin eta sakabanaketarekin amaitu beharra dago (istripuek asteburuoroko errealitatea erakutsi bezala), eskubideak oro bermatu eta baldintza demokratikoen baitan presoon kaleratzea ahalbidetzen hasi.

6-Aurreko egitasmo ankerrekin bezala, damuketa-salaketa oinarri duen edonolako ʻprogramaʼ hilda eta antzu jaioko da. Presio eta xantaia oro baztertuta ordea, EPPKk urratsak emateko prestutasuna adierazten du, azken garaietako adierazpenen ildotik eta eztabaidaren ondorioak plazaratu zain.

Amnistia eta Autodeterminazioa!
2012ko maiatzean

>> EPPKren oharra.pdf
>> gobierno de españa: PROGRAMA PARA EL DESARROLLO DE LA POLÍTICA PENITENCIARIA DE REINSERCIÓN INDIVIDUAL EN EL MARCO DE LA LEY

Utzi iruzkina

Urko Labeaga Murtzia II espetxera urrundu dute


Urko Labeaga (Sopela) C.P.Murcia II

Urko Villabonatik Murcia II espetxera eraman dute. Joan zen ostegunean atera zuten Villabonatik eta asteartean deitu zuen etxera Murtzian zegoela abisatzeko.

Murtzia II espetxea Sopelatik 826 kilometrotara dago

Helbidea

Urko Labeaga
Centro Penitenciario Murcia II
Paraje Los Charcos,
30191 Campos del Río (Murcia)

Sakabanaketarik ez!
Euskal Presoak Euskal Herrira!
Euskal Herriak askatasuna behar du!

Utzi iruzkina

Larunbatean Bilbon manifestazio nazionala

13 dira gaur hasita Madrilen epaituko dituzten lagunak eta 2009ko hauteskundeetan 53.000 herritarren sinadura lortu zituen D3M plataforma sortzea eta ETAko kidea izatea leporatzen diete. Fiskaltzak 7 eta 9 urte bitarteko kartzela zigorrak eskatu ditu auzipetuentzat eta haiek argi utzi nahi izan dute euren delitu bakarra “euskal herritarrei hauteskunde eskaintza abertzale eta ezkerrekoa aurkeztea” izan dela.

Epaiketa gaur hasi eta hilaren 18ra bitartean iraungo du, baina maiatzaren 3an, 4ean, 7n, 8an, 9an, 17an eta 18an agertu beharko dira epailearen aurrean. Bestalde, biharko saioan inputatuak izango dira deklaratzen lehenak.

EPAIKETA POLITIKORIK EZ!
EUSKAL HERRIAK ASKATASUNA BEHAR DU!

Epaiketa politiko honetan, Eli Zubiaga eta Iker Rodrigo epaituko badituzte ere, gogora ekarri behar da, arrazoi politikoak direla medio beste auzipetu batzuk ere badaudela Getxon: Jose Luis Franco, Maite Amezaga, Marije Fullaondo, Gabi Basañez, Imanol Beristain. Hauek ere atxilotuak, kartzelatuak eta une honetan epaiketaren zain aurkitzen direlarik.

Eli Zubiaga. 2009ko martxoaren 25ean Espainiako Justiziak aske utzi zuen Eli Zubiaga Algortako alaba, bere senideek 6.000 euroko fidantza ordaindu ostean. Zubiaga urtarrilaren 25ean atxilotu zuten D3M alderdiaren aurkako operazioaren baitan. Polizia operazio hori D3M eta Askatasuna alderdien zerrendak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hauteskundeetan baliogabetzeko lehenengo ekimena izan zen. Algortan harrera beroa eskaini zioten Zubiagari (ukberri.net)

Iker Rodrigo. 2009ko martxoaren 25ean Espainiako Justiziak aske utzi zuen Iker Rodrigo Lutxanako semea, bere senideek 6.000 euroko fidantza ordaindu ostean. Rodrigo urtarrilaren 25ean atxilotu zuten D3M alderdiaren aurkako operazioaren baitan. Polizia operazio hori D3M eta Askatasuna alderdien zerrendak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hauteskundeetan baliogabetzeko lehenengo ekimena izan zen. Erandion eta orain bere bizitokia den Itzubaltzetan harrera beroak eskaini zizkioten Rodrigori (ukberri.net)

Iruzkin 1

  • Atalak

  • Artxiboa

  • idatzi zure e-posta helbidea

  • etengabe[abildua]gmail.com