EPPK: Egungo espetxe politika bateraezina da prozesuarekin

«Euskal Herrian abiatu den prozesu politikoaren aurrean, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak bere posizioa finkatu eta haren berri ematen dio Euskal Herriari agiri honen bidez.

Euskal Herriaren aldeko askapen borrokaren beste une garrantzitsuetan bezala, oraingo atakan ere euskal preso politikook indar egiten dugu gure herriaren askatasunerantz garamatzan bidea zabaltzeko. Borroka bidea baizik ez den ibilbide luze honetan Kolektiboak bere egoeraren eta ahalaren araberako urratsak eman ohi ditu. Txiki eta zalaparta handirik gabekoak hainbatetan; kostu pertsonal handikoak bestetan. Kasu orotan, esku zabaltasunez, gure herriarekiko maitasunez eta borroka engaiamendu tinkoz.

Antolakunde, ekinbide eta lan arlo ezberdinetatik eratorriak izanik, ezaugarri bat dugu amankomunean: Euskal Herri ukatu eta zapalduaren askatasunaren alde saiatu izana, borrokatu izana, aldez edo moldez. Geure burua kolektibo gisa eratzen dugu, gainera, espetxe errepresioari aurre egiteko, batetik; eta espetxean ere Euskal Herriaren alde egiten segitzeko, bestetik.

Kolektibo bat osatzen dugu, beraz, gu geu ondorio garen gatazkaren korapilo nagusia askatzen laguntzeko. Hau da, Euskal Herriaren izateko eta erabakitzeko eskubidearen errespetua. Ez bailegoke gurea bezalako kolektiborik, euskal gatazka politikorik izango ez balitz; ez bailegoke gatazka politikorik, Euskal Herriaren oinarrizko eskubideak urratuak izango ez balira; gure herria kultur, nortasun eta egitura politiko arrotz batetara biltzeko saiakera izango ez balitz, azken batean.

Franco aldiaren urte luze eta ilunetan baginen makina bat euskal herritar atxilotu, torturatu eta espetxeratu. Frankismoarena ordezkatzera etorri zen erreforma politikoan zehar ere bai. Ondoren inposatu ziguten autonomia zatikatzailearen aldi luze bezain tamalgarrian ere bagara euskal herritar asko eta asko izan atxilotu, torturatu eta espetxeratuak. Hala erbesteratuak, nola erailak.

Aldi politiko horiek guztiek eragin dute euskal preso politikoen izatea. Aldi politiko horiek guztiek ukatu egin baitute Euskal Herria. Aldi politiko horietan guztietan zehar joan da trinkotzen euskal gatazka politikoa, beste aro historikoetara ez jotzekotan.

Izan ere, euskal gatazka politikoa konponduko bada, Euskal Herria aitortu beharra dago. Frantziar eta espainiar estatuek aitortu behar dute Euskal Herriarena. Gure herriaren zatiketan eta deuseztapenean oinarrituriko autonomia zale guztiek aitortu behar dute gure herriaren bizinahia, lurraldetasuna eta autodeterminaziorako eskubidea. Soilik Euskal Herriaren eta euskal herritarren eskubide guztiak biltzen dituen marko demokratiko baten eraikitzetik etorriko baita gatazkaren konponbidea.

Hortaz, biziki salatzen dugu presoon egoerarekin eta gure senitartekoen sufrikarioarekin saiatzen ari diren instrumentalizazio politikoa. Espetxe politika ezberdinak pairatu ditugu azken hogeita hamar urtean, zein baino zein krudelagoa. Soriako garaiak, Puertorako espetxe aldaketa, Herrerako militarizazioa eta gaurdaino aplikatzen diguten dispertsioa. Espetxe politika horien helburu amankomuna askapen borroka baldintzatzea izan da. Espetxe politika horien ezaugarri amankomuna eskubide guztien urraketa izan da.

Porrot egin duten espetxe politika errepresibo horiek harago eramaten dituzte egun gobernuek, eta bizi arteko espetxealdia ezarri dute indarrean. Zuzenbidea jipoituz, legediari muzin eginez, mota orotako jukutriez baliatuz, euskal preso politikoon espetxealdia mugagabe luzatzen dute. Aldi berean, espetxe egoera nabarmen gogortu dute. Doakiola gure lagun eta presokide Iñakiri besarkadarik beroena une latz hauetan. Jakin dezatela gobernu biek, ordea, gure Kolektiboaren indarra segituko duela metaturik Euskal Herriaren eskubideen aldeko borrokan.

Berriz ere presoona erabiltzen dute askapen borroka baldintzatzeko. Kasu honetan, gatazkaren muinari heldu eta Euskal Herriaren eskubide guztiak biltzen dituen markoa taxutu behar duen prozesu demokratikoa nahi dute desitxuratu, mami politikoaz hustu. ‘Presoak bakearen trukean’, ‘presoak legalizazioaren trukean’, espekulazioak presoon espetxe eta tratamendu aldaketaz, balizko espetxe aldaketa interesatuak… eta antzeko burrunba politiko-mediatiko guztiak iruzur politiko baten adierazle besterik ez dira.

GOBERNUEI. Euskal preso politikook frantziar eta espainiar gobernuei ohartarazten diegu:

– Ez dugula utziko geure burua erabiltzen gure herriaren askatasun nahiaren eta eskubideen aurka.

– Euskal gatazka politikoa ez dela konponduko guri aplikatzen diguten espetxe politikaren ondorioz, ez eta preso politikoon kaleratzearen ondorioz ere, baizik eta Euskal Herriaren eta euskal herritarren eskubideak errespetatzearen ondorioz. Hau da, espetxera ekarri gintuen borrokaren zioa gaindituta.

– Hala ere, egungoa eta gatazka klabean aplikatu dizkiguten espetxe politika guztiak bateraezinak direla abian den prozesu demokratikoarekin. Beraz, prozesuak aurrera egingo badu, espetxe politika ere konponbide demokratikoaren klabean jarri behar dutela.

– Horrek esan nahi duela euskal preso politikook Euskal Herrian batuak izan behar dugula, estatus politiko osoaren, hau da, gure eskubide guztien, jabe. Modu horretan, gure Kolektiboak bideratuko duela bere ekarpenik borobilena prozesu demokratikora.

– Prozesu demokratikoak Euskal Herriaren eta euskal herritarren eskubide guztiak errespetatzera eta aplikatzera garamatzan heinean, euskal preso politiko guztiok gure herrira, gure etxera, gure lagun eta senideen artera, itzuli behar dugula. Edonola, jada behar dute kalean izan gaixo diren presokideek, eta espetxealdia bete eta bakarrik salbuespenezko neurriez bahiturik segitzen duten guztiek.

Izan ere, gure Kolektiboa urrats berri eta eragingarriagoak emateko prest dago, gure herriaren askapen bidean aurrera egiteko, abian den prozesu politikoak euskal demokrazia esparrua ireki dezan behin betiko. Alta, Euskal Herriaren ukazioan oinarritzen den proiektu politiko ororen kontra oldartzen segituko dugu. Hortaz, jai daukate guri errepresiorik ankerrena aplikatuaz, prozesu politikoa noraezean jarriko dutena sinesten dutenek.

Deialdia egiten diegu Euskal Herriko emakume eta gizon orori presio bideak indartzeko aplikatzen zaigun espetxe politikaren kontra, oraindik ere gatazka klabean erroturik dagoen espetxe politika horren erantzuleen kontra, eta gure eskubide guztien, hots, gure estatus politikoaren, alde. Halaber, amnistia osoaren alde.

Deialdi biziagoa, hala ere, egiten diogu euskal herritar orori Euskal Herriaren aitortzaren alde, gure herriaren eskubideen alde, lurraldetasuna eta autodeterminazioaren alde lan eta borroka egin dezaten. Merezi du eta!».

Advertisements
  1. Utzi iruzkina

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

  • Atalak

  • Artxiboa

  • idatzi zure e-posta helbidea

  • etengabe[abildua]gmail.com
%d bloggers like this: