Autodeterminazioaren eta amnistiaren bidean borrokari eutsi!

EPPKren agiria:

«Urtarrilean Anoetako belodromora zuzendu genuen komunikazioan iragarri bezala, borrokaldi berri bati ekin diogu Frantziako eta Espainiako espetxe guztietan. Menpe hartzen gaituzten bi Estatuetako ziega zuloetan bizi irautea, berez, borroka iraunkorra bada ere, gure jarrera trinkotzea erabaki baitugu.

Atzo hasiera eman genion borrokaldiari planto orokor baten bidez. Segidan, otsailaren 6tik 11ra bitartean, itxialdi bat burutzen ari gara. Otsailaren 12tik 18ra, propaganda astea izango da. Eta, azkenik, 19tik 25era, komunikazio greba egingo dugu. Aipatu behar da, otsailaren 24an, Kolektiboak sustaturiko manifestazioarekin batera barau eguna egingo dugula.

Euskal Herriaren autodeterminazioa, lurraldetasuna eta amnistia oinarri hartzen dituen prozesua blokeatu dute. Gure herriaren ukazioan tematurik, gatazkaren aldeko apustu garbia egiten dute, bai frantziar eta espainiar gobernuek, bai beren estrategiaren morroi dabiltzan eragile erregionalistek. Blokeoa eragin duen faktore nagusia Euskal Herria aitortzen duen akordio politikoaren eza delarik.

Bi urrats dira ezinbesteko, beraz, prozesuak ibilbide demokratikoa egingo badu: Euskal Herriaren erabakitzeko gaitasuna berrestea, bata; eta berau ahalbidetuko duen marko demokratikoaren zehaztea, bestea.

Zehaztapen hori, gainera, Pirinioen bi aldeetara eman beharra dago. Estatuek ezartzen dizkiguten bi errealitate politiko-instituzionaletatik abiaturik, Euskal Herri aske, batu, euskaldun eta sozialista baterako bide luzean urrats sendoak emanez.

Kari horretara biziki txalotzen dugu urtarrilaren 27an, Uztaritzen, abertzale zintzo eta saiatu andanada batek plazaratutako aldarria, Ipar Euskal Herriak ere marko demokratiko propioa izan dezan Frantziaren aurrean. Instituzionalizazio proposamen horretan borroka tresna eragingarri bat ikusten dugu, eta ez dugu dudarik berau lortzera garamatzana borroka ibilbidea izango dela.

Euskal Herriak behar duen marko demokratikorako bidean, ordea, errepresio ekimen oro indargabetu behar da. Kari horretara, berriz salatzen dugu gure kide Iñaki de Juanarekin egiten ari den ankerkeria. Gure Kolektiboak ez du onartuko errepresioaren adierazpen gordin eta krudel hori, eta are gutxiago bere egoerak izan lezakeen bilakaera tamalgarriena. Deialdia egiten diogu euskal gizarteari tamaina horretako bidegabekeriaren kontra altxatzeko, oldartzeko.

Jakitun izan behar dugu, hala ere, errepresio honen guztiaren atzean gobernuen gogo maltzurra dagoela, borondate iruzurgilea, prozesuak aurrera egitea ahalbidetuko duen akordio politikoaren ukazio eta desitxuratzea, alegia. Hortaz, autodeterminazioaren eta amnistiaren alde indarrak metatzetik soilik lortuko dugu Iñakirena eta beste askoren estatus errepresiboa gainditzea.

Agerian denez, prozesuak guztion bultzada behar du aipaturiko norabidean, eta gure Kolektiboak bere indar guztia jartzen du horretara garamatzan auzolanean, une honetan, borrokaldi berri honen bidez. Autodeterminazioa, lurraldetasuna eta amnistiaren alde eginez, prozesuaren bideragarritasun eta atzeraezintasuna berrindartuko direlakoan.

Urtarrilean Euskal Herriari, eta bereziki presoon alde jarduten duzuen guztioi, egindako deialdia berresten dugu, otsailean barna espetxeetan gauzatuko dugun borrokaldiarekin batera, inoiz baino ozenkiago autodeterminazioa eta amnistia! aldarrikatzeko, guztiok batera.

Euskal Herriak bizi behar du eta borroka da bidea!»

Euskal Herrian, 2007 otsaila

Advertisements
  1. Utzi iruzkina

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

  • Atalak

  • Artxiboa

  • idatzi zure e-posta helbidea

  • etengabe[abildua]gmail.com
%d bloggers like this: