EPPK-REN AGIRIA: 2010eko Aberri Egun bezperan

.

2010eko Aberri Egun bezperan

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak agiri honen bidez gai zehatzen inguruko gogoeta egin eta hartu berri dituen erabakiak jendarteari jakinarazi nahi dizkio:

Miaketak.
Espainiako espetxeetan aurrez aurrekoak egin ahal izateko, gure senideak miatzeko agindua eman dute iazko urriaz geroztik. Ukimenez miatzeko agindua. EPPKak egoera berriari erantzun beharra deliberatu du, urtetako borrokaz bisita duinak izateko ibilbidean atzerapauso larritzat jo dugulako.

Miaketa bidegabe eta probokatzaileon aurrean, bisitaldi duinak egitea eta senideak egoki tratatzea izan da protestaren funtsa. Espetxe askotan hilabeteotan aurrez aurrekoak etenda daude, gure senideekin kontakto fisikoa moztuta.

Otsailan Kolektibo osoak erantzun zehatza eman dugu, Espainiako espetxeetan aurrez aurrekoei uko eginez, eta Frantziakoetan elkartasun eta salaketa eginez. Barruan bezala hamaika izan dira kanpoan ere salaketa ekintzak, Euskal Herriko zokoetatik hasi eta bahituta gauzkaten espetxeotako atarietaraino. Sentitu da berotasuna eta haserrea ere bai. Beharrezkoa eta ezinbestekoa.

Gobernuak atzera egin duela dirudi. Tentsio larririk ez zen tokian sakatu du eta urrunegi joan da. Jazarpen probokatzailea egin du. Edonola jokabidea zuzendu du, gure protesta zilegizkoa eta arrazoizkoa konfirmatuz. Ukimenezko miaketa orokor eta arrazoitugabeak bertan behera uzten hasi dela dirudi.

Bidegabekeria gainditu eta garaitu dugu, euskal gizartearena ere badena. Egoera berriaren aurrean, miaketei erantzuteko urritik daramagun protesta dinamika orokorra eten egin dugula berresten dugu. Hurrengo mugimenduak atzera-erabakia gauzatzen doan arabera izango dira. Salaketa juridikoak, presoon protestak, senideen ekimenak, gizarte sektore ezberdinetako inplikazioak, zenbait instituzioen eskuartzearekin batera Gobernuaren urrats irrazional eta probokatzailea kolokan geratu da. Hari dagokio orain, presoon aurrean ezezik gizartearen aurrean, zuzenketa espetxe guztietan indarrean jartzea. Guri dagokigu, espetxez espetxe hori horrela izan dadin zorrotz zaintzen jarraitzea. Prestutasuna garbia dugu, erabakitasuna ere bai. Ez dugu senideon kontrako jazarpenik onartuko. Mobilizatu den orori eskertza helarazi eta eskubide urraketen zaindari izaten segitzea eskatzen diogu. Senideoi, hilabeteotako bizipen gogorrei eusteagatik gure adore eta esker ona publikoki eta bereziki helarazten diegu.

Ez da atsedenik halere. Otsailaren 27an burutu protesta egunean Espainiako espetxetan banaka eta binaka jarri gaituzte, espetxe barruko sakabanaketa areagotuz. Txanponaren beste aldea ote da? Miaketen afera zuzendu eta ordainean sakabanaketa indartu? Laborategiko enegarren ekimen antiterrorista.

Borrokaldia. Borroka gogorra izan arren emankorra da beti. Horretan dihardugu urte hasieratik. Urtarrileko saioak jarraipena izan du espetxe guztietan ekimen iraunkorrarekin. Estatus Politikoa aldarrikatzen dugu, barne biltzen duen eskubide sortaren jabe Euskal Herriratzea eskatuz. Espetxe egoera latzenak ere agerian utzi nahi ditugu, biziarteko zigorraren aplikazio arbitrarioek bahiturik dituzten hamarnaka kideek egoera, gaixotasun larriekin diren kideena, isolaturik direnena…

Martxoan, eskerok indartzeko 21 espetxetan protestaldiak intentsitate haundiagoz garatu ditugu. Preso multzo bat izan gara bultzada honetan parte hartu dugunok, propaganda lanak egitetik gose greba luzeak egiteraino. Ordainean aldiz, zigorra jasotzen ari gara.

Datozen hilabetetan martxokoa bezalako ekimena aurreikusten dugu, eskubideen errespetuan bidea egiten segitzeko. Zentzu honetan, agurtuko ditugu publikoki Belen Gonzalez eta Juan Jose Rego kideak, osasun egoerak ezindurik denon artean kaleratu izana goraipatuz. Salatzen dugu aldiz, haiei eta beste gaixo larriei eragindako presioa eta xantaia. Besteak beste eskumuturrekoa, heriotza eta bizitzaren artean inposatu izana. Kideok lez, guk, bizitzaren eta duintasunaren alde egiten dugu, beste guztiak kaleratu arte indar egitera animatuz.

Egoera eta eztabaida politikoa. Borrokaldia egoera politiko bizian kokatu da. Eztabaida politiko interesgarriaren erdigunean. Denak mintza dira presooi buruz. Zer pentsatu, idatzi eta esaten dugun zelatan. Toxikazio eta manipulazioz kutsatuta. Arbuiatzen dugu saiakera oro.

Gure kide batzuk galdezkatuak izan dira berrikitan, nazio askapen estrategiaren inguruan. Etsaiak dituen zalantzak asetu asmoz, bisita bereziak izan ditugu. Kolektiboak 30 urte daramazki borrokan eta eztabaida iraunkorrean. Nazio askapen eztabaidan parte hartzen du eta egungo eztabaidak motibazio haundia pizten digu, nola ez. Kolektibo gisara gure ekarpena, Euskal Herriaren eskubideak errespetatuak izan daitezen indar egitean datza. Ukazio horrek ekarri gaitu espetxera eta Kolektibo honetako partaide izatera. Dagozkigun eskubideak aldarrikatuz eta errespetaraziz ekiten dugu norabide horretan.

Bat egiten dugu ondorioz, gatazka politikoa gainditu eta erabakitzeko eskubidea gauzatzeko, prozesu demokratiko baten beharrarekin eta haren aldeko apostuaren determinazioarekin.
Independentziaren aldeko indar metaketa berrituak ilusioz eta kemenez betetzen gaitu. Guzti honek, gutxieneko demokratikoak borrokatzeko eta irabazteko indarra ematen digu, agertoki demokratiko bat irekitzeko akuilu.

Damuketa politika. Erabakitasun berberarekin, etsaiak Langraitzen bildutako 6 kide ohiak EPPKtik kanpo direla jakitera ematen diogu jendarteari eta partikularki nazio askapen mugimenduaren kidegoari: Fernando de Luis Astarloa, Josu Garcia Corporales, Luis Maria Lizarralde, Andoni Alza, JM Fernandez Perez de Nanclares eta Jose Antonio Hernandez Velasco, hurrenez hurren. Etsaiaren estrategiari men egin diote. Damuketa politikaren bazka dira eta salatzen dugu joko horretan erori izana. Ulergarri da nekea, gogorra baita borroka, latza etsaiaren presioa. Gupidagabea. Neke soilak ordea, ez du espetxe onura pozoitsu eta arbitrariorik ekartzen, ondoko kideon kontra jardun gabe. Izerdiz eta odolez gorpuztutako Kolektiboaren izen eta izanari muzin egin gabe. Hor da koska. Etsaiak markatutako norabidea segitu, borrokaren damua sinatu, erantzukizun zibilaren aitortza egin, eta saria jasotzeko kideak etsaiaren eremura eramaten saiatzea, ez dugu onartuko. EPPKren Historia duintasunez idatzita dago, jarrera hitsotatik urrun. Eskaini zaien babes politikoa aurrerantzean bertan behera uzten dugula adierazten dugu. Haien izenean soilik eta haien ardurapean arituko dira. Gobernuaren jukutria eta erabilpen politikoa salatzen dugu, orain eta gerora ere egin ditzakeen beste saiakerekin.

Agur eta ohore, Jon Anza.
Bere hautuaz inoiz damutu gabekoen zerrenda luzean dugu Jon. Eritasun larria ere ez zuen oztopo izan borrokan segitzeko. Non da Jon? Galdetu dugu harresi barrutik. Zer egin duzue berarekin? Galdetzen dugu orain gure erraietatik. Desagertarazi dute bizirik eta agertarazi hilik. Gorpuak baina, arduradunak seinalatu ditu. Alliot Marie eta Rubalcaba aferaren zingiran hondoratuko dira, hamaika egunez eta hamaika hilabetez bahitu eta heriotzera eraman dutenak. Estatuen ahultasun demokratikoaren paradigma da gerra zikina. Gerra zikina Estatu zapaltzaileen ezina. Independentziaren hautuaren paradigma dugu Jon. Biba Jon!

Herritarrekin batera eta Jon gogoan izango gara Aberri Egun Bateratuan: Nazioa gara, Estatua behar dugu! Euskal Presoak, Euskal Herrira!

EPPK

2010eko martxoan

Advertisements
  1. Utzi iruzkina

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

  • Atalak

  • Artxiboa

  • idatzi zure e-posta helbidea

  • etengabe[abildua]gmail.com
%d bloggers like this: