Xabier Galdeano


XABIER GALDEANO ARANA
Bilbo 1934.06.15 – Donibane-Lohitzun 1985.03.30

Xabier Galdeano 1985eko martxoaren 30ean hil zuten Espainiako indarrek GAL izena erabiliz Donibane-Lohitzunen. Bere oroimena oso bizia dago Algortan  Xabier ezagutu zutenen artean. Bere izena aipatzea nahikoa da utzi duen  oroimenaren goxoa nabaritzeko.

galdeanoAAM285

1.- Biografia (Txalaparta argitaletxeak kaleratutako EUSKADI TA ASKATASUNA bilduma)
2.- EGINeko Kontseiluen eta langileen oharra (1985.03.30)
3.- BASEKO GIZONA ZEN. J. Abiranetaren artikulua  (EGIN 1985.03.31)
4.- EZ DA GAL IZAN. Luis Nuñezen artikulua (EGIN 1985.03.31)


Bego alabarekin, Donibane-Loizuneko etxetik gertu

1. Biografia (Txalaparta argitaletxeak kaleratutako EUSKADI TA ASKATASUNA bilduma)

Santi Brouardek bururatzen zitzaizkion susmo guztiak azaltzen zizkion Xabier Galdeanori, Donibane Lohizuneko etxera bisitan joaten zitzaion bakoitzean: «Ez zaizkit batere gustatzen etxe honek dituen sarrerak; oso kokagune arriskutsuan dago».  Eta Xabierrek eta Maribek -emazteak-, Brouardek kezka azaltzen zien bakoitzean, gauza bera erantzuten zioten beti: «Berdin da; harrapatu nahi baldin bagaituzte, etxean ez bada beste edozein lekutan egingo dute».

 Handik oso gutxira gertatu zen ezbeharra, Donibane Lohizuneko Urdazuri auzoan hain zuzen, bizi zen etxetik oso gertu.  Xabier Galdeanok bazekien zer jartzen zuen arriskuan: «GALek Santi Brouard hil eta oso denbora gutxira -gogoratzen du Maribe Prietok, Galdeanoren emazteak-, hurrengoa Xabier izan zitekeela susma zitekeen erraz».  Bikoteak oso asumitua zuen: «Gure girotik aldenduz gero, haiek nahi zutena, gu baztertzea alegia, lortuko zutela hegi bistakoa zen».  Xabierrek ez zuen zalantzarik: «Baztertu baino, nahiago dut aurrera jarraitu.  Arriskatu egingo naiz.  Azken finean, nere bizitzak, ez luke batere zentzurik ezkutuan eta ahal dudana eskaini ezinean ibili beharko banu».

1985eko martxoaren 30ean Galdeano bere eguneroko zereginetan ziharduen.  Bezperan Les Pyrénees kafetegiaren kontrako atentatuan zauritu zituzten errefuxiatuak bisitatu zituen lehenik, eta arratsaldean, GALen ekintza berri honen kontra protestatzeko antolatu zuten manifestaldira joan zen Baionara.  Maribe Miarritzen utzi eta bere bi alabak eta Hotz bere zakur fidela hartu eta manifestaldiko argazkiak egin zituen, gero Egin egunkarira igortzeko.  Carmen alabari bromak egiteko betarik ere izan zuen: «Egidazu niri ere argazkia», esan zion alabari argazki kamera eskaintzen zion bitartean, «’Gogoan zaitugu’ jarri behar didatenerako».  Baita halaxe egin ere.  Handik gutxira, bi alabak erositakoak etxean uztera joan zirelarik, broma hura herio-dantza bilakatu zen.  Carmenek eta Begok goitik, etxetik bertatik entzun zituzten tiroak.  Hotz, lekuko bakarra, jabearen gorpuaren ondoan gelditu zen, isilik.  Odoletan blai zegoen Galdeano.


Gendarmeek Xabier Galdeanoren gorpua jasotzen, familiarrak eta lagunak inguratuta

Bilboko enpresaria

1934ko ekainaren 15ean sortu zen, Bilboko familia burges batean.  Mundu enpresarialerako hezi zuten.  Urteak egin zituen Galdeano Hijos famili enpresan lanean.  Gurasoak nazionalistak izaki, bolada luze bat pasatu zuen familiak Ipar Euskal Herrian, Xabier oraindik oso txikia zela.  Bueltan, aitak eraikuntza enpresa familiarrari heldu zion berriro, eta Xabierrek, bitartean, Ekonomia ikasi zuen josulagunekin lehenik eta Madrilen ondoren.

1961ean, familiaren enpresan lanean jada, Xabier Maribe Prieto Algortako familia akomodatu bateko alabarekin ezkondu zen.  Hamarkadaren amaierara arte, beren bizimailak agintzen zuen moduan bizi izan ziren, lana kirola eta bidaiekin tartekatuz.  Txikitatik ikasitako sentimendu nazionalista barnean zeramaten.  Ez zioten, ordea, ezeren gainetik jartzeko moduko garrantzia ematen: «Nazionalistatzat geneukan geure burua -dio Maribek -.  Baina Aberri Egunean edota Eguberrietan ikurrin batez apaindutako opilaren aurrean «Gora ta gora» kantatzea zen nazionalismoaren izenean egiten genuen ia bakarra.  Moralki, gerran galtzaileak izan ziren horietariko batzuk ginen gu ere, baina ezer ez zitzaigun falta.  Urrun utzitako zerbait zen guretzat nazionalismoa.  Gure inguru eta giroan sekula ez zen gai hori aipatzen».

ETAko kide bati babesa

Bego alaba zaharrena ikastolara joaten hasi zenean familiakoak estu lotu ziren mugimenduarekin.  Xabier Galdeanok bidaia ugari egin zituen Madrilera, Espainiako Hezkuntza Ministerioak ikastolei baimena emateko tramiteak arintzeko ahaleginetan.  Handik gutxira, 1968an, Maribek eta Xabierrek ordura arte igerri gabeko errealitatea azaldu zitzaien begien aurrean.

 «Eskiatzen ibiliak ginen eta bueltan, Poliziarengandik ihesian zebilen pertsona bat topatu genuen etxean.  Familiako batek ekarri zuelarik, amak babesa eman zion gurean.  Gu beste modu batekoak izanik ere, kanpoan beste mundu bat bazela erakutsi zigun hark.  Gure nazionalismoa ulertzeko modua erabat erosoa eta irreala zela erakutsi zigun.  Gure bizimodua erraza zen, egia da, baina kanpoan gertatzen zenarekiko sentsibilitate handia geneukan, eta inguruan gertatzen zena ulertzeko ahalmenik ere ez zitzaigun falta».  Hala ere, Maribe Prietok aitortzen duenez, «Egoeraren giltza zein izan ote zitekeen guztiz arrotza zitzaigun.  Gaur egun, barregarria egiten zait pertsona hark bestaldera pasatzen laguntzeko eskatu izana.  Ni prest agertu nintzen laguntzeko.  Algortan autoa hartu eta zubia zeharkatu genuen… ibaiaren bestalderaino. «Ez, ez da hemen», erantzun zidan, «bestaldea esaten dudanean Ipar Euskal Herriaz ari naiz».  Harri eta zur gelditu nintzen, baina eraman egin nuen».

  Denborak aurrera jo ahala, bere konpromezu maila handitzen joan zen.  Militante asko eta asko pasatu ziren Xabier Galdeanok Algortan zeukan etxetik.  Konpromezuaren garapen honetan, ezker abertzalearen mesederako izango zen proiektu ideologiko baten ideia sortu zen 1976an: Egin egunkaria.

Ideia mamitzen hasi bezain pronto, Galdeanok irriki handiz lagundu zuen, azpiegitura antolatzen, batipat.  Haren lokalean jorratu zen Egin proiektua errealitate bilakatu aurreko kanpaina.  Eta gainera, Juan Mari Arregi kanpainako Bizkaiko arduradunari prozesuan aktiboki parte hartzeko gogoa azaldu zion. «Hasieran, herrietan egin beharreko bisitetara elkarrekin joaten hasi ginen.  Handik gutxira, laneko zereginak bukatuta eta traje dotorea kentzeko denborarik hartu ere egin gabe, afitxak itsasten eta propaganda banatzen laguntzen zigun».

1977ko irailaren 29an Egin egunkaria plazaratu egin zen azkenean.  Handik hilabete gutxira, Bizkaian ordezkari komertziala izendatzeko premia nabarmendu zelarik, Galdeanok berehala onetsi zuen ardura horren inguruan egindako proposamena.  Supituan enpresa utzi eta buru belarri jarri zen egunkarian lanean.

Handik urtebetera sekula ezagutu gabeko unerik larriena heldu zitzaion Egin-i.  Mili-en eta polimili-en 1974eko eszisioak eta Erreformaren lehenengo hauteskundeek mundu politikoa erabat baldintzatzeak eragin handia izan zuen aipatu egunkarian.  Egin-en kontrolaren inguruan sortutako lehia egoera ekonomiko larriarekin batera egokitu zen.  Bertako langileen grebak behin betirako zapuztu zezakeen proiektua.

Larritasun hartan, Galdeano Hernanira, Egin-eko egoitza zentralera eramatea erabaki zuten.  Xabier Irigoien orduko kontseilari ordezkariarekin batera, egunkaria altxatzeko diru bilketari ekin zion.  Herriz herri emandako hitzaldien ondorioz, helburua lortu ahal izan zen. «Enpresa bateko buru izatetik -laburbiltzen du Juan Mari Arregik- Egineko militante bilakatu zen Galdeano».

Esfortzu hura ezagutu zutenentzat, egunkarikoak bertakoak izan edota kanpokoak izan, Galdeano langile fin, nekaezin eta isila izan zen. «Txinaurrien modukoa zen, euskorra eta etenik gabea, protagonismoaren harrokeriaren atzaparretan erori gabe bere buruari ezarritako helburua lortzen zuen.  Pragmatikoa zen, urrats bakoitzeko zereginen aurrean efikazia bilatzen zuen, eta ikuspegi zabalekoa izanik ere tinko eusten zien bere printzipioei».

Jose Miguel Beñaran Argala-ren hiletetan Arrigorriagara sartu ahal izan zuen azkenetakoa izan zen bera.  Bere argazki makinaz lagundurik, oso gutxik ikusi ahal izan zuten omenaldiko uneak paratu zituen paperean.

Maribek, Argalaren heriotzak sortarazi zion mina gogorarazten digu: «Bi egun lehenago berarekin egon ginen.  Lur jota bueltatu zen hiletetatik.  Xabier oso lasaia eta orekatsua zen, baina gau hartan, ohean zetzala, negarrez ikusi nuen lehendabiziko aldiz».

1979an, bueltan zetorrela, poliziez inguratuta topatu zuen bere etxea. Ihes egitea otu zitzaion lehendabizi, baina bertan behera utzi zuen burutapena.  Ordukoak geroztik azaldu zizkion emazteari: «Ihes egin izan banu, zu eramango zintuzketela konturatu nintzen eta etxean sartzea deliberatu nuen».  Komisaldegian hamar egun egin ondoren, Basauriko espetxean sartu zuten.  Baldintzapeko askatasunean irten zen presondegitik, baina epaitu zutenean urtebeteko espetxe zigorra ezarri zioten.

Garai hartako egunkarietako kronikek oso ongi adierazi zuten ETAri laguntzeaz epaitu behar zuten bat Madrileko Entzutegi Nazionalean traje eta korbataz jantzita agertzeak sortu zuen harridura: «Xabier Galdeano dotore jantzita» zegoela nabarmendu zuten Espainiako hiriburuko egunkari batek baino gehiagok.

Beste aukerarik gelditzen ez zitzaionean bakarrik baztertzen zuen jendaurrean hitz egiteak sortzen zion erreparoa. Egin-en alde dirua bildu behar zenean erakutsi zuen erreparoak utzita zeukan trebetasuna.  Eta baita Zizurkilen, Joxe Arregiren omenaldian familiak hilkutxa zabaltzeari uko egin zionean.  Orduko hartan, hilkutxa zabaltzea legezkoa ote zen edo ez erabakitzeko, Galdeanok bertan zirenen artean botazioa egitea proposatu zuen. «Oso samur mintzatu zen, euskaraz mintzatzen ez jakiteagatik barkamena eskatu ondoren.  Jendeak txaloka erantzun zion».

Presondegian ezagutu zutenek ere planta baketsuko gizontzat zeukaten.  Hitz egitea baino, entzutea gustatzen zaien horietakoa omen zen.  Xabier biharamunean aske utzi zuten arren, Maribe Yeseriaseko espetxean giltzapetu zuten hainbat hilabetez.  Maribe kaleratu eta oso denbora gutxira, Guardia Zibila Galdeanotarren etxean azaldu zen berriro. 1982ko urtarrila zen. «Hiru egun egin zituen La Salveko koartelean.  Lur jota, belarriak makur irten zen handik, ulertzen zaila egiten den beldurra hezurretaraino sartua zuen.  Hirugarren atxiloketa zen, eta ezin genuen horrela jarraitu.  Urte hartako udan Ipar Euskal Herrira joan ginen».

Analista politikoa

 Donibane Lohitzunen bizitzen jarri zirenean, Galdeanok helburu garbia jarri zion bere buruari.  Egin-en presentzia hobe antolatu nahi zuen Ipar Euskal Herrian.  Bere etxea erabaki-gune bilakatu zen.  Egunkariak eremu hartan behar zituen zeregin guztietan jarri zen lanean.  Salmentarako puntuen banaketa antolatzeko ibilbideez bezala, erredakzio lanez nahiz grafikoez ere arduratzen zen. «Ongi prestatuta zegoen -dio bertan ezagutu zuen lagun batek-.  Lasaia eta optimista, Euskal Herriak irabazi egingo zuela ziurtzat jotzen zuen.  Ez zuen sekula bozik altxatzen, ezta eztabaidarik beroenean ere.  Bere kezkarik nagusienetariko bat negoziaketa lortzeko bidea asmatzea zen.  Bere analisi politikoak komunikabideen irakurketa ideologikoan oinarritzen ziren.Trebea zen analisietan, eta bere ideiek pisu handia zuten, errealitatea biziki ongi ezagutzen baitzuen».

Kirolari aparta, modalitate ugari gustatzen zitzaizkion -gazteagoa zenean rally vasco-navarroko txapelduna izan zen-.  Jendea erakartzeko dohain berezia zuen, berezkoa, eta lagunak inongo esfortzurik gabe jartzen zituen lanean.  Laguntza eskaini asmotan zebiltzan lagunak edozein ordutan azaltzen ziren Donibane-Lohizuneko etxean.  Maribek dioenez, «adin gutxiko jendea ezagutzeak eta egunkarian zuen zereginak gaztetu egin zuen.  Etxea bete jende edukitzeak, errefuxiatuak bazkaltzera nahiz lotara etortzeak pozez betetzen zuen Xabier.  Hura zen bere saltsa-maltsa: bere ametsetako lekuan zegoen, hark maite zituen lagunekin eta bere ustez egin behar zuena burutuz.  Berrogeita hamar urte zituela zoriontsua zen, adin horretan gutxik sentitzen dutena sentitzen zuen».

galdeano2007B

2.- EGINeko Kontseiluen eta langileen oharra (1985.03.30)

    Administrazio eta Fundatzaileen Kontseiluok eta Egin egunkariko langileok, Xabier Galdeano heriotzara eraman duen atentatuaren berri jakinda larritasunez bildurik, honako hau adierazi nahi dugu:

    1.- Xabier Galdeano Egin egunkariko sortzaileetariko bat, Administrazio Kontseiluko kide eta azken aldi honetan Ipar Euskal Herriko gure ordezkaria zen.

    2.- Bere heriotza Egin-en kontrako atentatu zuzena da, Egin boteretik urrun prentsa independiente baten eraikitzeko proiektu eta errealitatea den neurrian eta, gure Herriaren eskubide nazionalen berreskurapenerako borrokan, jende xumeak gehien estimatzen duen komunikabidea izaki.

    3.- Egineko Kontseiluok eta langileok berretsi egiten dugu Xabier Galdeanok beretzat hartu zuen sinesmena. Horren lortzeko bizitza ere galtzera eraman zuten konpromezu guztiak asumitzen ditugu.

    Hernani, 1985eko martxoaren 30ean    

3.- BASEKO GIZONA ZEN. J. Abiranetaren artikulua  (EGIN 1985.03.31)

    Xabier Galdeano ez zen, prezeski, elitearen inguruko izarra. Ezta, sasipolitiko ahobero bat ere. Xabier ez genuen sekula nabarmenen podiumean ikusi. Ez zuen, halaber, zerrenda publikoetan agertzeko aukerarik izan, lanean gogor aritzeko sortzen ziren horietan ez bazen. Xabier zeregin neketsu eta arduratsuetan baitzegoen beti, jendearekin batera, isilik eta tinko, bere laguntza garrantzitsu eta apala eskaintzen.

    Baseko gizona zen.

    Hitz topiko eta erabili hori sinbolo batez definitzea posible izango balitz, Xabier aipatu beharko genuke ezinbestean. Ziur naiz hori izan dela borreroak Xabier hiltzera eraman duten arrazoia: beren setakeria etsiak gure sustraia, gure Herriari eusten dion oinarria suntsitzera eraman baititu.

    Baseko gizona zen.

    Atsegina, lasaia, baketsua eta jostaria zen. Zentzuduna, herriko kideenganako solidarioa eta intuizio bereziko gizona. Mahai inguruko solasaldi errazetan bezala bilkura inporbisatuetan aise moldatzen zen horietarikoa. Herriaren arimarenganako sentibera, zorigaitzean bezala zorionean ere. Bat egin zuen alaitsua eta borrokan kementsua den herriarekin.

    Baseko gizona zen.

    Horregatik hil zuten.

     J.ABIRANETA


Bego eta Karmen Galdeano, lagun batekin, Algortan Xabierren omenez egindako ekitaldi batean

4.- EZ DA GAL IZAN. Luis Nuñezen artikulua (EGIN 1985.03.31)

    Atzoko atentatua, herenegungoa eta aurreko egunekoa bezala, sosez, armaz, bi estatuetako laguntzaileez eta mertzenariz josia dagoen erakunde batek egina da. Existitzen den terrorismo bakarra, herriaren kontrako terrorismoa antolatzeko behar den guztia dute eskueran.

    Euskadin, aspaldidanik honantz, "inkontrolatuak" deitzen diegu hauei. Horrelaxe, bere horretan, komatxoak eta guztia, eta zergatia ongi asko dakigu denok ere. Baina beste siglarik, beste izen antzurik ez dugu behar definitzeko.

    "Inkontrolatuek" pagatzen duten ahots anonimo batek, edo protagonismo eta nahsmen bila dabilen batek Santiren, Xabierren edota beste inoren atentatua Triple A, Batallon Vasco Español edo GALen izenean erreibindikatzeak ez du batere garrantzirik. Ez du ezertxo ere esan nahi.

    Ez Batallon Vasco Español, ez GAL, ez dira ezer beren horretan. Izenik badute, deitura arloteak dira nahi bada, baina erakunde boteretsu baten zati ñimiñoak besterik ez dira. Erakundea ez dute bataiatu, ezta sekula egingo ere, boterren arteko gurutzaketa beldurgarri baten sorkuntza baita. Honako hau mertzenari gutxi batzuek osatzen duten azken muturra bakarrik da.

    Erakunde indartsu hori badenik ez du inork zalantzak jartzen. "Inkontrolatu" deritzon antolakuntza horrek sustrai sakonak ditu. Eta Euskadi osoak daki, salbuespenik gabe, non dagoen patriotismo inperialistak -espainolak kasu honetan- antolatu duen OAS delako hau, erresistentzian dagoen herria, Euskal Herria alegia, beldurtzeko.

    GAL flash soila besterik ez da, izaerarik gabeko alderdi soila. Ezer ez da. GALik ez dago.

    "Inkontrolatuak" daude. Eta ez ditugu uxatuko geure herrian KAS alternatiba ezarri arte.

    Xabier, lagun maitea, guztion adiskidea, iraultzaile nekaezina, libratuko dugu herria "inkontrolatuen" gaitzetik.

    LUIS NUÑEZ

Advertisements
  1. Xabier Galdeano gogoan, 27 urte « ETENGABE

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

  • Atalak

  • Artxiboa

  • idatzi zure e-posta helbidea

  • etengabe[abildua]gmail.com
%d bloggers like this: