Archive for category Agiriak

#AdierazpenAskatasuna #AteakIrekiAurrera #HerriraAurrera

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasko epailearen 2013.11.11ko autoaren bidez Etengabe webgunea ixtea erabaki dute, ateakireki.com, egindezagunbideadonostia.com eta zarauzkoherrira.wordpress.com webgunekin batera. Auto horren berri Internet bidez jakin dugu eta bere edukia Interneten bidez ezagutu dugu.

Horren aurrean, hauxe esan nahi dugu:

Etengabe 2012ko maiatzetik hona itxita dago. Harrez gero, bi sarrera ditu, bata 2013ko martxoan, Angel Figueroaren heriotza jasotzen duena eta, azkena, 2013ko apirilean, EPPKren 2012ko adierazpena. Azken hau, webgunearen sarrera modura jarrita dago.

Etengabe ixtea erabaki genuen Herrira sortu eta bere baliabide komunikatiboak martxan jarri zituenean Etengabek betetzen zuen funtzioa beteta ikusten genuelako. Halabaina, Etengabe sarean mantentzea erabaki genuen, bertako informazioa sarean egoteko, urte hauetako artxibo modura.

– Hartara, zail da ulertzea itxita dagoen webgune bat ixteko oraingo erabakia, are gehiago autoan erabaki hori “con el fin de evitar la continuidad de la actividad ilegal de HERRIRA a favor de ETA” hartu dela irakurtzen dugunean.

– Baina zapaltzailearen logika ulertu behar da: bere neurriak arbitrarioak izan ohi dira. Ez dira ateaz tronpatu. Eta mezua argia da: gustuko ez duen gaien inguruan informazioa eman dezakeen edozeinen kontra jo dezakete. Zure kontra ere bai. Helburua informazioa isiltzea eta gertatutakoa izkutatzea da.

Egin, Egin Irratia, Ardi Beltza, Egunkaria, Kale Gorria, Askatu.org, Apurtu.org, Gaztesarea.info, Ernai.info, Burlataherria.org, Herriraren medio digital guztiak, AteakIreki.org, Etengabe

Euskal Herriak askatasuna behar du!
AMNISTIA ETA AUTODETERMINAZIOA

Advertisements

Utzi iruzkina

“Herrira” mugimendua

Herrira mugimendua datorren igandean aurkeztuko da Donostiako Kurtsaal aretoan, eguerdiko 12:00etan.

>> Herrira mugimendua.Sorrerako agiria.pdf

>> gara.net: El movimiento Herrira surge para traer a casa a los presos y huidos
>> algortako herri bilgunea: Egin Dezagun Bidea: “Lortuko dugu!”

Utzi iruzkina

EUSKAL IHESLARI POLITIKOEN KOLEKTIBOAK EUSKAL HERRIARI

Euskal iheslari politikoen adierazpena.pdf

EUSKAL IHESLARI POLITIKOEN KOLEKTIBOAK EUSKAL HERRIARI

Garai berriak bizi ditugu Euskal Herrian. Herri taupada inoiz baino ozenago entzuten ari gara. Abian da prozesu demokratikoa, eskubide denak eta proiektu politiko guztiak bermatuko dituen egoera erdiestea helmuga duen prozesu demokratikoa.

Azken urteotan Ezker Abertzaleak egindako lan eskergari esker ireki zaio atea itxaropenari. Ez parez pare, zoritxarrez, oraindik inposizioan, ukazioan eta errepresioan tematuta diren indarrek bereari eusten baitiote. Beraien ahuldade politikoa basakeriaz
ezkutatu nahi izan dute.

Hala eta guztiz ere, Ezker Abertzaleak, berarekin batera lanean murgildu diren Euskal Herriko beste indarrek eta nazioarteko zenbait eragilek bidean barrena lehen urratsak egitea lortu dute. Emankorra eta askotan aldapatsua ere izango den bideari hasiera ematea lortu dugu. Ez dezala inork inoiz inongo zalantzarik izan: azken hamarkada hauetan polizia indarren eta torturaren atzaparretatik ihesi Bidasoa eta Pirinioak gurutzatu behar izan ditugun gizon-emakumeok osatzen dugun Kolektiboak babes eta konpromiso osoa eskaintzen dizkio Euskal Herrian irekitako ibilbide berriari. Iheslarien Kolektiboak, gainerako euskal herritarrekin eta eragileekin batera, prozesuan parte hartzeko konpromisoa eta erabakia azaldu nahi du.

Beste aro bati ekin diogun honetan ezin ahantzi urteotan guztietan bidean eroritako lagunak. Askotan, gehiegitan, oso modu gordinean galdu ditugu, eta beti izango ditugu bihotzean. Gaurkoan, ordea, ez dugu haien heriotza gogoratu nahi. Gaurkoan, gure burkideen bizitza ekarri nahi dugu gogora. Haien ahalegina, haien egina, haien lana.

Utzitako ondareari eta pilatutako altxorrari esker, hementxe gaude, zutik, geroari esperantzaz so eginez, askatasuna eskuratuko dugun konfiantzarekin. Milaka eta milaka izan gara erbestea ezagutu dugun euskaldunak, bai euskal erresistentziaren azken 50 urteotan, baita lehenago ere. Iheslariak, orain lehen bezala, herri ukaziotik eratorritako gatazka politiko sakon baten ondorio eta erakusle gara, euskal preso politikoak diren bezalaxe.

Hamarkadotan modu eta era guztietako erasoak jasan ditugu, oinarrizko eskubide txikienaren ukapenetik hasi eta gerra zikineraino. Ez dute, ordea, gure buruari uko egitea eta gure konpromisoa pitzatzea lortu. Jaso dugu, gainera, beste herri batzuen babesa, beste askapen mugimenduetako elkartasuna, munduko giza-emakume askoren aterpea. Babesik garrantzitsuena, nolanahi ere, gure herrian bertan aurkitu dugu, Hego Euskal Herritik Ipar Euskal Herrira etorri izan garenean edota munduko azken bazterrean gure senide zein lagunen eta aberkideen sostengua jaso dugunean.

Hementxe gaude, beraz, berriro ere nazio askapen prozesuak fase politiko honetan eskatzen duenari erantzuteko prest. Gure ikuspuntua beste aro bat irekitzeko ahaleginean ari diren guztienarekin bat dator. Aieteko Adierazpenak marraztutako ibilbide orriak agertzen duenez, konponbide demokratikoak gatazkaren sorburuari eta gatazkaren ondorioei heltzea eskatzen du.

Hartutako erabaki historikoarekin, ETAk ekarpen erabakigarria egin du konponbideak aurrera egin dezan. Ez da hutsean emaniko urratsa. Azken urteotan egindako lan politikoaren, izandako harremanen eta egituratutako estrategia eraginkorraren ondorio da.

Euskal Herria beste egoera batera eramateko luzez landutako baldintza politikoak askatzeko ordua iritsia zegoen, eta horrela etorri da ETAren ekarpena ere.

ETAren erabakia, egia da, ez da nahikoa. Horregatik egiten diegu dei estatuei errepresio neurri berezi oro eten dezaten eta gatazkaren ondorioak konpontzeko luze gabe ETArekin elkarrizketa abia dezaten.

Euskal herritarrek argi bezain garbi adierazi dute –azkenekoz, joan den urtarrilaren 7an Bilbon izandako manifestazio erraldoian– euskal presoen eta iheslarien etxeratzea atzera ezin daitekeen erronka dela. Iheslarien Kolektiboak ere horrela ulertu du eta, horrenbestez, bere jarduera helburu horri lotuko dio, ETAk eta gobernuek osatu beharreko mahaian adostu behar diren aterabideei babesa emanez edota aldebakartasunetik urratsak eginez, betiere konponbide prozesu integrala elikatzeko eta ahal bezain beste aurreratzeko asmoarekin.

Hautua egina baitugu: bizi ala bizi, askatasuna ala askatasuna, irabazi ala irabazi.

Gora Euskal Herria askatuta
Gora Euskal Herria sozialista

Larresoron, 2012ko urtarrilaren 15ean

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboa

Utzi iruzkina

EPPKren agiria: KOLOSALA IZAN DA

KOLOSALA IZAN DA

Iragarpen guztien gainetik bai, kolosala izan da presoon eskubideen aldeko Bilboko mobilizazio erraldoia. Zinez, pozak gure bihotzak bete ditu. Zorionak helarazi nahi dizkiogu bertaratu zen jendetza osoari, arrakasta gauzatzeko lanean jardun duten guztiei. Harro gaude oso gure herriaz. Gutako bakoitzak eta Euskal Preso Politikoon Kolektiboak bere eskakizun eta ekimenekin jaso dugun babes sozial eta politikoa sekulakoa izan da. Madril eta Parisek herri osoa aurrez aurre dutela aurreratzen genuen azken agirian eta erakustaldi berria izan dute Bilbokoa.

Ez gara telefono deiaren ez egunkariaren zain geratu. Guk ere mobilizazio orokor honetan parte hartu dugu. Frantzia, Espainia eta beste lurraldeetan gaudenok mobilizazio astea egin dugu hilaren 9tik 13ra: baraualdi, txapeo, enkartelada eta bestelako ekimenak izan dira han eta hemen gure herriarekin batera. Halaxe jarraituko dugu aurrerantzean ere antolaturik, mobilizaturik eta baturik, gure hitza, herriaren hitza gauzatu arte. Eskubideak gauzatu arte.

Uzkur, zurbil eta lekuz kanpo geratu dira olatu honetatik at mantendu nahi izan dutenak. Halaxe izan da PNVren jokabidea, beste behin ere, inor gutxik uler dezakeen hautu politikoa eginez, autismotik hurbil eta hitzak hitz, oraino mugitu ez diren inposatzaileen lerroetan paraturik. Aukera berria galdu du eta faktura pasatu behar dio.

Gobernu espainola presionatuta sentitzen da, are `denbora berriek’ beharturiko egoera politikoak espetxe politika kuestionatu eta aldarazi beharra etxe atariraino heldu zaionean. Gobernu espainol zein frantsesari, arduradun politiko orori, jukutriak alboratzeko premia helarazten diegu. Konponbidea gutako bakoitzaren gainean jartzen dutenean tronpatzen dira; irteera indibidualik ez da egongo arazo politikoari heldu gabe eta ikuspegi orokor eta kolektiboari muzin eginez. EPPKri inposatu zaizkion salbuespeneko neurriak oro Kolektibo osoari aplikatzen zaizkio, hein berean dagokie neurriok indargabetzea. Kolektiboa prest da azken ekimenekin erakutsi bezala aurrera urratsak emateko, Euskal Herrian abiatutako prozesu demokratikoan bere ekarpen positiboa emateko. Ibilbide horretan hain mingots egiten zaien amnistiaren ideiak konponbide demokratiko integrala esan nahi du guretzat. Gatazka politikoaren existentzia eta konponbide demokratikoa bere baitan dituena, hitzak hitz eta legeak lege, euskal preso eta iheslari politiko guztiak etxera ekarriko dituen prozesu demokratikoaz ari gara. Arduragabekeria litzateke hori saihestea.

Azkenik, gure indar guztiarekin salatu nahi dugu administrazio penitentziarioaren jokabidea, Frantzia nahiz Espainiakoa, xantaia eta presio ankerrenean oinarritzen ari dena gaurko egoeran ere. Baita joko politikorako bazka diren komunikabideetako intoxikazioak. Urratsak emateko eta jokabidea aldatzeko garaia dute!

Euskal presoak Euskal Herrira! Amnistia eta autodeterminazioa!

Euskal Preso Politikoen Kolektiboa, 2012ko urtarrilaren 13an

Utzi iruzkina

EPPKren agiria: EUSKAL PRESOAK EUSKAL HERRIRA ORAIN!

Euskal Preso Politikoon Kolektiboak euskal gizartearekin bere ekimen eta gogoetak konpartitu nahi ditu agiri honen bidez:

Ospakizun, aldarrikapen eta salaketa egunak

Nazioarteko Giza Eskubideen Eguna abenduaren 10ean. Halako egunik bada, eskubideak urratzen direlako da, han eta hemen, nonahi. Gurean franko, hizkuntza eta kulturatik hasi eta eskubide politiko oinarrizkoetaraino, euskal presook pairatu behar dugun jazarpen eta beheramenduetatik pasatuz. Egun aproposa urraketen salaketa egiteko.

Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an, ospakizun eta errebindikazioa uztartuz. Egun seinalatu bera, Nafarroaren Eguna, ospakizun eta aldarri hau ere. Lingua navarrorum esamolde zaharra, euskaldunon hizkuntza, nafarron hizkuntza. Herri bat. Euskalgintza eta herri osoarekin bat gatoz gure hizkuntzaren aldeko mobilizazioan. Garai berriak hizkuntza eta kultur eztanda ekarri behar du, auzo eta herrietatik instituziotaraino, norbanakotik gizarte osoraino. Hizkuntzak lurraldea behar du, egitura juridiko politikoa, eskubideak. Non euskaraz, han Euskal Herria. Euskara ofiziala lurralde osoan!

Kontrara, Espainiako Konstituzioaren Eguna abenduaren 6an. Inposaketaren hautua egiten jarraitzen dutenek ospatu dute. Guk lerrootatik, Herri gisa dagozkigun eskubideak errebindikatzen ditugu gure herriko sektore zabalarekin batera eta ukazioa salatu. Presoarentzat bezala ziega da Konstituzio espainiarra Euskal Herriarentzat. Zerrailaren gakoa eskuan dugu!

Euskal Presoak Euskal Herrira, sakabanaketa amaitu

Sakabanaketa amaitu eta batu gaitzaten aldarrikatzera gatoz ekimen berrituarekin. Eskaera ez da berria, une honetan gaurkotzen dugu ordea, gure eskubidea delako, gure senitarteko eta lagunen eskubidea delako, gure herriaren eskubidea delako. Espetxe politika, sakabanaketa, preso politikoon kontra izateaz gain, senide eta lagunen kontrako zigor erantsia baita. Mende laurden indarrean, gaur, herriarekiko xantaia politikoa luzatzea dakar, abiatutako prozesu politikoa oztopo eta eraso iraunkorrean zangotrabatzea.

Konponbide demokratikoaren aldeko indarrek eta euskal gizarteak, permititu ezin dugun erasoa. Estatuei modu positiboan erantzutea besterik ez dagokie, luze gabe. Aurrez aurre Herri osoa baitute, gaur arte espetxe politikaren krudeltasun eta bortxakeria onartu, babestu eta sustatu dutenak ere. Amaitzea, urjentziazko ariketa demokratikoa. Erabaki ausart, sakon eta demokratikoak hartzeko garaia da. Konponbidearen ibilbide orriak exijitzen du.

Gutako bakoitzak Euskal Herriratzeko eskaera egingo dugu egunotan, agiri honen bidez jakinarazi eta babesten dugun eskaera.

2011-12 Eztabaida

Gure izaera politikoa errespetatua izan behar da, gatazka politikoaren ondorio zuzen eta ukaezin baikara, konponbidearena bezalatsu. Garai berriotan, prozesu politikoan gure ekarpen aktibo eta positiboa egiteko Euskal Herrian baturik izan behar dugu, dagokigun eztabaida, harreman eta ekimenak baldintza politiko egokietan eraman ahal izateko. Funtsezkoa da Euskal Herrian elkartzea.

Kolektiboak, Frantzia, Espainia eta beste lurraldetan garen kideok, eztabaida prozesua abiatu dugu, agiri honen bidez ofizialki ezagutzera ematen duguna. Nazio askapen mugimenduaren estrategia eta egoera politikoa dugu eztabaidaren abiapuntua. Amnistia eta autodeterminazioaren bidean, Kolektiboaren ildo politikoa zehaztu eta eguneratzea eztabaidaren muina.

Eztabaidaren ondorioek Kolektiboaren norabidea markatuko dute. Konponbide demokratikoaren bidean zeresana badugu. Konponbidearen korapilo nagusia autodeterminazioa da, gatazkaren ondorioen korapiloa ondoan duela. Biak askatu behar ditugu. Askarazi.

Horra gure erronka berria. Ausardiaz, arduraz eta baikortasunez gure Herriarekin batera, herritarrekin batera aurrera jotzeko erabakitasun osoa dugu. Urratsak eman behar dira.

Askatasun eskaerak

Udazken honetako ekimenak norabide horretan kokatzen ditugu. Eskaera demokratiko premiazkoa egin dugu: muturreko egoerak altxatzea. Estatuek urtetan eraikitako legeria eta mekanismo juridiko-judizial errepresiboek, hamarnaka preso espetxean bahiturik dituzte, preso ororen askatasunerako eskubidea behin eta berriz ukatuz. Gaixo direnak, kondizionalaren epeetan aspaldi sartuak direnak, bizi arteko zigorra de facto eta irregularki aplikatuta espetxealdia luzatu dietenak.

Guztion berehalako kaleratzea exijitzen dugu. Orain arteko jukutria, intoxikazio eta manipulazioak, etekin gose miserableak, alboratzeko garaia dute.

Espainiako Gobernu berriari, Frantziako Gobernuari, Nazioarteko Komunitateari

Oinarrizko eskakizun hauei Espainiako Gobernu berriak eta Frantziako agintariek erantzun beharko diete, esan bezala luze gabe. Nazioarteko komunitateari ere luzatzen diogu deia, egoeran esku hartu eta urrats erabakior eta atzeraezinak eman daitezen susta dezan.

Euskal herritarrei: Mobilizazio Kolosala urtarrilaren 7an

Agintariak mugitzeko, mobilizatu beharra dago. Herriaren Hitza entzunaraziko dugu. Bat egiten dugu herri mobilizazio orokorrarekin: asteburu horretan ez da bisitarik izango, zuekin izango gara Bilbon. Entzun dadin euskal herritarren ahotsa, Madril, Paris eta munduan zehar. Protagonista eta sustatzaile izan gaitezen denok, guztion eta bakoitzaren bultzadak hautsiko ditu eta kateak.

Euskal Presoak Euskal Herrira!
Amnistia, Autodeterminazioa!

Euskal Preso Politikoen Kolektiboa

2011ko abenduaren 10ean

Utzi iruzkina

EUSKAL PRESO POLITIKOEN KOLEKTIBOAREN AGIRIA

EUSKAL PRESO POLITIKOEN KOLEKTIBOAREN AGIRIA (agiria.pdf)

Hiru hamarkada luze igaro dira 1977ko abendu hartan, Euskal jendartearen bultzada eta indarrak espainiar kartzelatan zuten azken preso politikoa atera zuenetik. Espainiak Euskal Herriarekin mendeetan zehar mantentzen duen gatazkari benetako irtenbidea eman ez, gatazkaren oinarri den euskal herriak bere buruz erabakitzeko eskubideari heldu ez eta berehala, 1978ko urtarrilean espetxeak euskal jendez betetzen hasi zen Espainiako aparatu errepresiboa. Gatazkaren oinarrizko arrazoien konponbideari lotutako Amnistia aldarrikapenaren esanahia hustu eta gure herriaren zapalketa eta bere eskubideen ukazioen oinarri-pean ekin zion espainiar estatuak bere trantsizioari. Ez zuten baina, Euskal Herriak bere eskubideei uko egiterik lortu. Mendeetako askatasun goseak herritarrak borrokari lotuta jarraitzera eraman gintuen. Ehunka baino milaka izan gara azken hamarkada hauetan atxilotu, torturatu eta espetxeratuak izan garenok, baita ihesari ekin diogunok ere. Espainiar Estatuaren zapalkuntza, ankerkeria, krudelkeria eta mendeku gosea bizi izan ditugu; bizi ditugu oraindik. Espainian iruzurrez iruzur sorturiko demokrazia ezaren garai haietatik egungo sakabanaketa politika hiltzailearen errealitaterainoko sufrikarioa. UCD, PSOE zein Alderdi Popularraren esku faxista, mendekatzaile eta odoltsuek gure kontra kolpez kolpe eginiko marra gorri latza, alegia.

Egun ere, beraien eskuetan gauzkatela-eta, ahalik eta denbora gehien nahi gaituzte burdin eta porlanezko etxola mingarri hauetan; egunerokotasunaren krudelkeriak mugarik ezagutu ezinean, gure izatearekin bukatu nahirik. Baina gu aspalditxo lotu ginen borrokari. Gure herriak eta bere historiak erakutsi eta emandakoak barne barnean daramatzagularik, bere askatasunaren aldeko lubakietan eraikuntza lanetan jardutea merezi duela ongi aski dakigu: halaxe sentitzen dugulako, halaxe amesten dugulako, halaxe lortuko dugulako.

Hiru hamarkada hauetan gure hatz minduekin ildoa egiten ari gara, Euskal Herriaren aurreneko egun askerainoko zubia gurutzatu nahirik. Une horretan, gure herria aitortua, gure etorkizunari buruz euskal herritarrok erabakiko duguna errespetatua izango dela bermatua izanen denean, espetxeak hustuta eta iheslariak etzean izango garenean, Amnistia bere zentzu zabalean izango dugunean alegia, izango du herri honek benetako bakea.

Urteetako lan horretan aldaparik eta harri koskorren kolperik ere pairatu izan dugu; bidean burkide, lagun eta senide askok utzi gaituztelarik. Madarikatuak diogu sarri, madarikatuak hiltzaileak, geureak direnekin batera gailurrera ailegatu nahi izan eta utzi ez digutelako. Haiei, inori baino lehenago, haiei diegu zor lortuko dugun garaipen hori.

Oraindik orain, lubaki honetan egin beharrekoak ez dira gutxi izango. Iruzurrez eta bortxaz inposatu diguten gatazka honek, finean, Euskal Herria eta bere eskubidearen aitortza baino ez du behar. Dagokiona. Jakinik gure konpromisoak hamarkadetako historia duela eta euskal eragileen arteko indar metaketak konpromiso eta zintzotasun berbera behar duela, horrelako benetako bultzada beharko dugu Estatuei gure herriaren etorkizuna beraien atzapar bortitz horietan duten giltza kentzeko.

Eta ari gara. Etorkizun askea irudikatu nahi dugun aro berri honetan euskal eragileok gatazkaren behin betiko gainditze bidean urrats esanguratsuak ematen ari gara. Horietan azkena, ETA erakundeak adierazitako borroka armatuaren bertan behera uztearena. Bere historia luze eta emankorraren ildotik, oraingoan ere ETA erakundeak arduraz eta Euskal Herriaren askatasunaren mesedetan ekin du. Bere ereduari begiratu behar dionik ez da falta ez, tamalez. Duela ez asko esan genuen, eta berriro diogu: Hobe lukete errepresio eta zapalketaren bide antzuari uko egin eta, beraiek ordezkatzen dituzten Estatuek ere prozesu demokratikoa bultzatzeari begira jarriko balira. Historiaren lezioa ikas dezatela behingoz Sarkozy, Zapatero, Rubalcaba, Rajoi eta enparauek. Konturatu daitezela “Et Domuit Vascones” zaharrarekin ametsetan joango direla beraiek ere. Beste batzuk saiatu ziren aurretik, baita porrot egin ere. Ibi amiltsu hori baztertu eta Euskal Herriarekin duten gatazka politikoa konponbidean jartzeko hautua egin beharrean daudela konturatu daitezela behingoz.

Guri dagokigunez, jakitun gara espainiar zein frantziar estatu horiek geu, euskal preso politikook gaituztela itu beraien zapaltzaile eta hiltzaile den asimilatze politika horretan. Zapalketa eta errepresio gordinaren bitartekoez baliatuz oraindaino ez dutela gure herriaren asimilatzerako obsesioan atsedenik. Atxiloketak, torturak, milaka herritarrekiko apartheid politika, aske geratu diren kideenganako herritarren ongietorri adierazpenak kolpeka ekiditeko saioak, kolaborazio eskaintza-mehatxuak, espetxe politika kriminalaren mantentzea… luzea da, bai, zerrenda. Legeak errepresioaren mesedetan nahikoa manipulatu ez eta jazarpen eta mendeku politikoak agintzen dutela erakutsi digute argi eta garbi.

Kontrako norabidean kokatu du etorkizuna gure herriak. Aspaldi hartu zuen etorkizun askearen hautua. Ez da, egun, Espainia eta Frantziaren errepresio eta mendeku politika justifikatzen duen herritarrik. Are gehiago, herritarren gehiengo zabal batek egin du bat euskal preso politikoen kontrako jazarpenaren kontra. Gernikako akordioaren baitan bildu diren indarrek, Amnistia osoaren bidean eta lehen urrats gisara Euskal Preso Politikoen eskubideak, oinarrizkoak zein politikoak, errespetatuak izan daitezen aldarria jarri du mahai gainean.

Bide horretan, presoon eskubideak berehala errespetatu, gaixo larriak askatu, baldintzapeko askatasunean egon beharko genukeenak aske utzi, bizi arteko espetxe zigor politikarekin amaitzea dira jada Estatuek eman behar dituzten lehen urratsak. Berehala eta inongo baldintzarik gabe.

Euskal Preso Politikoen kolektiboak indarra jarri nahi du aldarrikapen hauetan. Zentzu horretan, egoera horietan dauden gure kolektiboko kideek berehalako askatasun eskaera egingo dute datozen egunotan. Aldarrikapena kolektiboa da, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak eskaera hori publikoki berresten du eta euskal Jendarteari baldintza horiek inolako baldintzarik gabe eta berehala bete daitezen aldarrikatzeari dei egiten dio.

Prozesu demokratikoan urratsak eman bidean dispertsioarekin amaitu eta euskal preso politikoak, dagokigun estatus politikoa aitortuta Euskal Herrian batzea ezinbestekoa da ere. Prozesuan gure parte hartzea ahalbidetuko duen egoera betetzea ezinbestekoa baita prozesuak aurrera egin dezan.

Geuk, gure aldetik, heriotza edota bizi arteko zigor guztien gainetik, Euskal Herri aske baten aldeko apustuan tinko eginen dugu. Esan moduan, tinkotasunez, harrotasunez, umiltasun osoz eta itxaropentsu, nola ez, bada?

Jite honetan, igandean ere gure ekarpena egingo diogu apustu horri.

Gure herrian aro berri bat gauzatzeko urratsak ematen ari garen honetan, garrantzi berezia dute igandean Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroa Garaian izango diren espainiar gorteetarako hauteskundeak. Konpromiso une honetan ere gure bozka zuenarekin batera izango da bozka ontzietan.

Ez dezatela Espainiako estatuaren egonkortasunaren aldeko apustuan dihardutenek gure arteko inoren bozik jasoko dutenik espero. Madrilek finkatzen duen Estatu politika babestu, gure herriaren etorkizuna Espainiari lotuta irudikatu, autonomismoan sakonduz Euskal Herriaren zatiketa iraunkortu, Espainiako gobernuek urteetan abiatu dituzten ekimen errepresiboak esplizituki onetsi eta egun ere, Espainiako gobernuari egonkortasuna emanez gure kontra indarrean daukan dispertsio politika babesten duenak ez du, ez, gure bozik jasoko. Aho txikiarekin gure eskubideen alde daudela esan baina aho handiarekin eta ekintzekin gure kontra eta gure herriaren kontra estatuen jazarpen politika babesteak ez du balio. Hautua egin behar dute. Euskal Herriaren alde herri gisa gure hitza aurkezteko aukera paregabeari berriro ere ezetza eman dioten PNV eta pareko alderdiek ez dute gure bozik izango, inolaz ere.

Euskal Preso Politikoen Kolektiboa abertzaleekin, independentistekin, eraldaketa sozialaren aldeko borrokalariekin, parekotasunaren aldekoekin… finean, ezkertiarrekin! Gure herriaren askatasunarekiko konpromisoa dutenekin, apartheid politikoa sufritzen eta borrokatzen dutenekin, baztertuekin egongo da igandean EPPK. Baita etorkizuna den gazteria erreboltariarekin. Azken batean, Euskal Herria eszenatoki demokratikoan kokatu ahal izateko indarra egingo duten Euskal herritarrekin batera egongo da EPPK. Haiekin nahi baitugu askatasunerako zubia gurutzatu. Igandean milaka eta milaka izango gara Euskal Herri aske baten aldeko apustua egingo dugunok, Euskal Herria libre baterantz zubi hori igarotzeko apustua egingo dugunok. Eta astelehenean proiektu hori garatzen jarraituko dugu. Herri gisa, Espainiako gorteetan gure eskubideak aldarrikatuz behar bada ere, herritarronak diren udaletxe eta herrialdeetako parlamentuetatik noski, baina bereziki herri antolakundeetatik eta herritar dinamiketatik, baita gauzkaten ziega ilunetatik ere. Aurrerantzean ere, gure kolektibo izaerari eutsiko diogu, gure izaera politikoak eztabaida mahaietan izanen du tokirik, ahotsik eta ekimenik, elkar lanari hauspoa eman eta herri honi beharrezkoa egiten zaion prozesu horretan indar horiek askatuko ditugu: gutxiengo baldintzak lortuz, prozesuaren eraikuntzari hatz mindu umil hauekin ekinean jarraituz eta Estatuei euskal herritarron hitzari errespetua exijituz, beste biderik ez baitago herriaren libertatetik eratorritako bakean bizitzeko.

Hau da gure konpromisoa eta hau da Euskal Herritar orori luzatzen diogun eskaera.

Euskal Herriak amnistia eta autodeterminazioa!

Gora Euskal Herria askatua!

2011eko azaroan

Utzi iruzkina

EPPK-ren oharra Gernikako akordioko ekitaldi nazionalerako

.

Kaixo lagunok!

Gaur, hor bildu zaretenean eta «konpromisoa» hitzak argirik dizdiratsuena izango duelakoan, bahiturik gauzkaten ziegetatik gatozkizue; pozik, besoak zabalik eta bidea elkarrekin egiteko prest.

Bai, bidea diogu, Euskal Herriari dagokion demokraziaraino ibilbide politikoa, justizian eta errekonozimendu politikoan oinarrituriko irabazi beharreko eszenatokia, hain zuzen ere.

Mingarri egiten zaigu hamarkada luzeetan azaletik bizi duguna. Halatan ere, sinesmen osoz jakin izan dugu borrokari bere zentzua ematen; indibidualismoa edota damu politikoa erabat bazterturik, aniztasunez osatzen dugun Koletiboa hau aktibo eta bizirik mantenduz; eta, etorkizunari so, itxaropentsuak izanez. Halaxe gatozkizue, bai, itxaropentsu; gure betiereko borondate politikoa zuen konpromiso-eskuetan pausatuz, bidea elkarrekin egin asmoz.

Nahitaezkoa deritzogu espetxe politika Euskal Herriari inposatu zaion gatazkaren konponbide klabean lerrokatu beharra, gure eskubide zibil eta politikoak biltzen dituen estatus politikoaren aplikapena prozesuaren osagaiak izan behar diren gutxieneko baldintza demokratikoetan kokatzea, alegia.

Bidea borrokatu eta prozesua garatu dezagun, bada. Esan moduan, pozik eta borondate osoz gatozkizue hainbat eta hainbat konpromiso zintzo bildu dituzuen honetan. Lagunok, Euskal Herriaren aurkako Estatuen errepresioa lege bilakatu den injustizia honi, inpunitateak sorturiko inboluzio edota salbuespen egoera honi aurre egin behar diogu; indarrak metatu ditzagun eta gure herri honen askatasun egarriak eskatzen digun ofentsiba politikoan egin dezagun bultza Euskal Herriaren etorkizuna euskaldunona izan dadin.

Zuen ondoan gaituzue; amnistia bidean bidelagun sentitzen zaituztegularik.

Ea, bada, oztopo guztien gainetik, eskatu izan dizuegun harremana berehala abiatzen dugun, elkarren berri izan, dinamika bat sortu eta jarrera bateratu eta eraginkor bati ekin.

Urruti baino gertuagotik eta laster elkartuko garelakoan, konpromiso zintzoz beteriko borondate politikoz eta maitasunez agurtzen zaituzegu.

Gora Euskal Herria!

Utzi iruzkina

Euskal Preso Politikoek Kolektiboaren oharra

.

Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren oharra

Euskal Preso Politikook 30 urte luze beteak ditugu jada gatibu gaituzten lubaki honetan. 30 urte gure herriaren aitortza lortu eta euskal herritarrok gure etorkizunaz erabakitzeko eskubidea errespetatu dadin borrokatuz.

Ongi baino hobeto ezagutzen ditugu gatazkaren ondorio latzak. Atxilo hartu gintuztenetik etengabeko erasoak pairatu behar izan ditugu, polizia etxeetako tortura saio basatietatik hasita espetxean inposatzen dizkiguten bizi baldintza ankerretaraino.

Etengabe zigortuak, basakeriaz eta mendeku gosez sarritan, beti sakoneko helburu bat dute Euskal Preso Politikoen kontrako erasoek: Gure herriaren ukazioa betikotu eta aterabide demokratikoa ekiditeko tresna gisara erabili nahi gaituzte Euskal Herria ukatzen duten espainiar eta frantziar estatuek. Euskal Herriak bere buruaren jabegoa, autodeterminazio eskubidea alegia, bereganatzeko daraman borroka baldintzatzeko tresna bihurtu nahi gaituzte.

Ez dute baina horrelakorik lortu gaurdaino. Ezta lortuko ere!

EPPK osatzen dugun euskal herritarrok erabateko determinazioa dugu. Euskal Herria izango da! Hori da gure borroka. Eta helburu horretan gaur arteko errepresioaren bidezko erabilpen politiko saioei aurre egin diegun bezala, etorkizunean ere aurre egiteko determinazioa erabatekoa daukagu.

Gure borroka Euskal Herriaren borroka da, gure herriaren aitortzaren aldeko borroka; gure herriaren burujabetasunaren aldeko borroka hain zuzen ere.

Euskal herritarron hainbat generazioen konpromisoak eta borrokarako prestutasunak ekarri gaitu egun bizi dugun abagune politikora. Urte luzeetan egin dugunari jarraiki, une honetan ere, EPPK eragile politiko aktibo gisara arituko da. Gure kolektiboaren existentzia osoan zehar bezalaxe, gauden, gauzkaten ziegetatik, Euskal Herriaren askapen prozesuari gure ekarpen xumea egiteko borondate irmoa daukagu. Euskal Herriarentzat marko demokratiko bat eraikitzea helburu duen prozesu demokratikoan gure ekarpenak egin eta prozesu bera ezaugarritzeko eztabaidatan parte aktibo izateko eskubide osoa dugu eta horretarako prestutasuna eta grina ere baditugu.

2010eko Abenduaren 27an argitara emandako azken agirian horrela genioen: «Hausnarketa sakonak, eztabaida zabalak eta erabaki politikoak Prozesu Demokratiko baten beharraz mintzo dira. Bere abia irabazi, garatu eta gauzatu behar den ibilbide politiko bat, behin betiko konponbide demokratiko batera eraman behar gaituena: Euskal Herriaren aitortza, bere etorkizunaz duen erabakitzeko eskubidearen onarpena eta erabaki horren errespetua, hain justu.

Gure isolamendu politikoa bilatzen duen politika krudelaren gainetik, EPPK ibilbide politiko horretan murgildurik izanen da, eragin egingo dugu, nola ez, bada. Gure izaeraren aitortza eta Estatuen gure aurkako jarrera bortitzaren etenak, prozesua abiatze edota indartze aldera, gutxiengo baldintza demokratikoetan kokatuak eta lortuak izan behar direlakoan gaude. Presoon estatus politikoaren aplikazioaz ari gara; jasan beharreko tratu duinetik hasi eta prozesuan geure parte hartzeraino, eskubide zibil eta politikoen aldarri taularen errespeturaino, gure errekonozimendu politikotik pasatuz».

Aipatutako bide horretan, Gernikako akordioak garrantzia duela deritzo EPPK-k. Euskal Herriaren etorkizuna modu demokratikoan eraikitzea ahalbidetuko duten zutoinen artean Amnistia kokatzen du akordioak berak. Halaber, amnistiaren bidean euskal preso politikoen eskubideen aitortza eta errespetua eskatzen du. EPPKrekin erabateko lotura duten gaiak dira aipatutakoak, baita zuzen zuzenean eragiten diotenak ere.

Prozesu demokratikoa ezaugarritu eta abian jartzeko ahalegin horretan, harremanak normalizatu eta prozesuan EPPKren parte hartzea bermatzeko ahalegina eskatu diegu aipatu eragileei. Gernikako akordioaren ordezkaritza ofizial bat EPPK-k izendatua duen mintzakidetzarekin harremanetan jar dadin da eskatu dieguna hain zuzen ere.

2011eko urtarrilaren 25

Utzi iruzkina

ETAren adierazpena

ETA erakundearen agiriaren aurrean Amnistiaren Aldeko Mugimenduak:

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak baikortasuna agertu nahi du ETA erakundeak eman duen urrats garrantzitsu honen aurrean. Agiria ETA erakundeak Euskal Herrian bizi dugun gatazka, enfrentamendu eta errepresio egoera gainditzeko duen borondate argiaren adierazlea dela ulertzen dugu. Zentzu honetan, Gernikako Akordioaren sinatzaile bezala, Amnistiaren Aldeko Mugimendutik ETA-k Gernikako akordioaren eta Bruselako adierazpenaren aurrean harturiko konpromisoa txalotu nahi du.

Gure herriak konponbide demokratikoa behar du. Euskal Herriaren eta euskal herritarren eskubideak bermatuak izango diren egoera da finean demokraziaz ulertzen duguna. Bide honetan atzeraezinak diren urratsak ematen ari gara azken hilabeteotan Euskal Herrian. Eragileen arteko akordioek, herritarren mobilizazioak, ETA-ren erabakiek eta nazioarteko eragile eta norbanako hainbaten esku hartzeak prozesu demokratikoaren oinarria jarri dute.

Aldebakarreko urratsek errepresioa izan dute ordainetan gaur arte. Estatuek berean jarraitu dute, gure herriaren ukazioan sakonduz, errepresiorik basatiena erabiliz, espetxeetan muturreko egoerak areagotuz, atxilotuei tortura latzak aplikatuz eta legez kanporatze estrategian bide berriak zabalduz. Estatuek gure herrian zabaldu den aro berria errepresioaren eta ukazioaren bidez zapuztu nahi dute. Datozen hilabeteotan, beraz, ezinbestekoa izango da Estatuak jarrera aldaketara bultzatzea. Errepresio eta konfrontazio estrategia alboratzera behartu behar ditugu estatuak, prozesu demokratikoan bestelako jarrera bat hartzera bultzatu behar ditugu. Zentzu honetan, urgentzia berezi du espetxeetako egoera latza konpontzeak.

Bi gobernuetako arduradun politikoei ausardia eskatu nahi diegu errepresioa eta gerra estrategia albo batera utzi dezaten eta bide demokratiko soilekin aurre egin diezaioten gure herrian duten arazo politikoari. Honek benetako konponbidearen atarian jarriko gintuzke.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak euskal herritar guztiak gonbidatu nahi ditu prozesu honetan parte hartzaile aktibo izan daitezen. Bilbon larunbatean burutu genuen manifestazioa eredu argi bat da aurrera begira egin beharreko bidean.

Bakoitzak bere eremutik, bere konpromisotik. Denon lana beharrezkoa izango da.

ETAren Adierazpena

ETAk, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak, adierazpen honen bidez bere erabakiaren berri eman nahi dio Euskal Herriari:

Azken hilabeteotan, Bruselatik Gernikara, mundu mailako izen handiko pertsonalitateek eta euskal eragile politiko eta sozial andanak, mendeetako gatazkari konponbide justu eta demokratikoa ematearen beharra nabarmendu dute.

ETAk bat egiten du. Konponbidea elkarrizketa eta negoziazioa lanabes eta euskal herritarren borondatea iparrorratz duen prozesu demokratikoaren bidez etorriko da.

• Prozesu demokratikoak ukazio egoera eta eskubide urraketa oro gainditu behar du eta gatazka politikoaren muinean dauden lurraldetasuna eta autodeterminazioaren gakoei erantzun behar die.
• Euskal eragile politiko eta sozialei dagokie Euskal Herria eta erabakitzeko eskubidearen aitortzaren formulazioa adosteko akordioak erdiestea, proiektu politiko guztiak ahalezko eginez, Independentzia barne.
• Prozesuaren buruan, euskal herritarrek beren etorkizuna inolako muga eta esku-sartzerik gabe hautatzeko hitza eta erabakia izan behar dute.
• Alde orok, erdietsiko diren akordioak eta euskal herritarrek erabakitakoa errespetatzeko konpromisoa hartu behar du, horretarako berme eta bitartekoak ezarriz.

Honenbestez:

Nazioarteko komunitateak egiaztatu ahalko duen su-eten iraunkor eta orokorra adieraztea erabaki du ETAk.

Horixe da behin betiko konponbiderako prozesuarekiko eta konfrontazio armatuaren amaierarekiko ETAk duen konpromiso irmoa.

Erantzukizun historikoarekin jokatzeko garaia da. ETAk, Espainia eta Frantziako agintariei dei egiten die,
errepresio neurri oro indargabetu eta Euskal Herriarekiko ukazioa behin betiko albora dezaten.

ETAk, prozesu demokratikoa sustatzeko eta burura eramateko ahaleginean eta borrokan etsi gabe jardungo du, Euskal Herrian egiazko egoera demokratikoa erdietsi arte.

GORA EUSKAL HERRIA ASKATUTA!
GORA EUSKAL HERRIA SOZIALISTA!
JO TA KE INDEPENDENTZIA ETA SOZIALISMOA LORTU ARTE!

Euskal Herrian, 2011ko urtarrilaren 8an

Euskadi Ta Askatasuna
E.T.A.

>> ETAren adierazpena.pdf
>> ETAren agiria.BIDEOA
>> ETAren adierazpena.AUDIOA

Utzi iruzkina

Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren agiria

.

Euskal Preso Politikoek Kolektiboaren agiria:

«2010 urteari borrokaldi baten bidez ekin zion EPPK-k. Espainiar eta frantziar estatuek ezartzen diguten espetxe politikari aurre egin, berori salatu eta, Amnistia helburu, gure kolektiboari estatus politikoa aitortu, sakabanaketa politikarekin amaitu eta euskal preso politikoon eskubide urraketarekin amaitzea ziren garaian plazaratu genituen aldarrikapenak. Urte luze zein gogor hau amaitzear dagoenean, gure Gatza, 30 urte eta gero, oraindik orain ziegan eta bahiturik dute; gure ondoan eta zutik. Hamarnaka kide erabat isolatuak gauzkate, gutariko bost gaixotasun larri eta sendaezina izanagatik ere preso daude oraindik; hamarnaka gara bizi bitarteko espetxe zigorra aplikatuta daukagunak eta ehunka dagoeneko ezarri ziguten zigorra beteta izanda ere, oraindik orain preso gaudenak. Urtea amaitzear dagoen honetan, aipatu borrokaldiari amaiera eman diogun arren borrokan eta zutik darrai Euskal Preso Politikoen Kolektiboak.

Jon Anza burkidea, hamarkadak espetxean eman ondoren, Estatuaren Terrorismoaren betiko formulak aplikatuz kalean bahitu, torturatu, erail eta desagerrarazi zuten. Euskal Herritarren eta nazioarteko elkartasunaren adoreak bere gorpua agerrarazi zuen arren berriro bahitu ziguten Jon. Hilda ere arriskutsua omen! Azkenean herriaren bultzadak lortu zuen bere gorpua etxeratu eta ama Euskal Herriaren altzoan pausatzea. Agur eta ohore burkidea!

Espainiako demokraziak Euskal Herritarroi eskaintzen digunaren adibideak besterik ez dira: ukazioa eta errepresioa besterik ez. Urtez urte espetxe politika suntsitzailea mantendu eta, ahalik eta min handiena egiteko helburuaz bere ankerkeria handitzen joan dira.

Euskal Preso Politikoen Kolektiboa betidanik izan da estatuen estrategia errepresiboaren helburu nagusienetakoa. Askapen borrokaren ukaezinezko erreferentzia dela jakinda, hamaika izan dira Kolektiboaren zatiketa eta preso politikoen damua bortxatzera bideratutako neurriak. Egun ere horretan dihardute, inoiz baino indar gehiagorekin gainera.

Gure isolamendu politikoa eta afektiboa areagotu asmoz, gure senide eta lagunak espetxe atarietan uneoro umiliatu nahi dituzte. Gure maiteekin dugun harremana eten nahi dute; eta oraingoan miaketak dira erabiltzen duten aitzakia.

Gure arteko isolamenduan ere urrats sakonak ematen ari dira estatuak. Espetxe barruan isolamendu eta sakabanaketa politika muturreraino eramateko saioan ari dira egun. Hainbat kide erabat bakartuak gaude, beste hainbat binaka jarri gaituzte moduluetan eta denak, gure herritik, gure esparru afektibo, kultural eta politikotik urrun, ahalik eta urrunen.

Bizi ditugun pasarteak ez dira goxoak, ez horixe. Borroka toki beronek sortutako gaixotasunak, espetxe zigorrak luzatzeak, debekuak, bakardade egoerak edota, azken batez, bizi baldintzak oraindik gehiago okertzeak; errepresioa eta asimilatze politika hori araudi edota legea bilakatzeak…, guzti horren bitartez, gure hondamendi pertsonala eta politikoa lortu nahi dute.

Politika horren txanponaren beste aurpegia inoiz baino ageriago uzten ari dira estatuak azken hilabeteotan. Maiz ditugu gobernuen ordezkariak preso gaituzten ziega hauetako ate ondoan, xantaiak eta mehatxuak ez ezik, halako eta bestelako proposamen eta eskaintzak eginez. Ate joka dabiltza, presoz preso, idazki hau edo beste sinatuz gero onura penitentziarioak eskaini eta kalera ateratzeko aukerak zabalduz. Euskal Preso Politikoen Kolektiboa utzi, damu politikoari bide eman eta, safari batean lortutako trofeo gisara erakusteko baimena ematen badiegu, gure bizimodua arindu eta espetxea uzteko aukerak eskaintzen dizkigute trukean. Gure printzipioei eta duintasunari eutsi eta bide hori onartzen ez dugunontzat aldiz, baldintzen okertzea automatikoa da. Haien damuak dakarzkien onuren neurrikoak dira guretzako ondorioztatzen diren sufrimenduak. Ez da joko berria, inolaz ere. Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren existentzia bezain zaharra da. Hala ere, azken hilabeteotan, gure kontrako jarrerak areagotu eta gure bizi baldintzetan estutze sakon bat emanez, Euskal Herriaren askapen borrokaren aurkako erabilpenaren saio berri eta indartsu baten aurrean gaude.

Estatuen gupidarik gabeko terrore politika honek gogor kolpatzen gaitu. Izatez, hamarkada luze hauetako bortizkeria hori medio, gure barne itsaso zabal, duin eta konprometitu honetatik hiru-lau tanta baino besterik ez ditu xurgatu; gero lorpen edota altxor politiko preziatu gisara saldu dituztenak. Baina gure izaera eta borroka jarreraren bustidurarekin ez dute bukatuko. Kalean eta arlo ezberdinetan Euskal Herriaren eta euskal herritarren eskubideak defendatzeagatik ekarriak izan gara honat eta hementxe bertan ere, kolektibo politiko anitz eta aberats bat osatzen dugularik, askapen borrokan aktiboak mantentzearen deliberoa egina dugu. Espetxe politika honen aurrean, kohesioa eta herriarenganako konpromiso politikoa dira gure tresnarik indartsuenak eta halaxe izaten jarraituko dute. Hau dugu Amnistia eta Autodeterminazio bideari egiten diogun ekarpen zintzoa, humanoa zein politikoa.

Gauzak horrela, espetxez espetxeko eguneroko borroka gaindi, gure kolektibo osoak, hilabete luzeetako borroka ibiltari bati ekin dio aurten eta Estatuei gure jarrera eta helburu politikoak halaxe argitu izan dizkiegu. Bahiturik gauzkate, baina ez geldi; isolaturik, baina ez isil; mindurik, baina zutik. Eta eskuak zabalik gure herriak bizi duen inposaturiko gatazkari behin betiko irtenbide politiko bat emateari begira elkarrekin bidea jorratzen hasteko. Argi gera dadila, bada, ez gabiltza, ez gara inoiz aritu, gure sufrimendu pertsonalari irtenbide bat bilatu nahian, gure Herriaren etorkizuna, injerentziarik gabe, bere eskuetan utzi nahian baizik. Zapalkuntza politikoak eta bere beso biolentoak ekarri gaitu honat eta inposizio eta jazarpen politiko horren desagertzeak etxeratu behar gaitu: premiaz, bizirik eta betirako. Ezbairik gabe, gatazkaren konponbidea klabe politikoan eman behar baita. Hartara, kartzelara ekarri eta bahiturik gauzkaten arrazoi politikoei eman beharreko konponbidea. Hots, Amnistia.

Testuinguru horretan, gure borrokarekiko sinesmenaren animoak areagotu egin dira. Gurean, Ezker abertzaleak plazaratu duen iniziatiba politikoak beste ondoriorik ezin du izan. Hausnarketa sakonak, eztabaida zabalak eta erabaki politikoak Prozesu Demokratiko baten beharraz mintzo dira. Bere abia irabazi, garatu eta gauzatu behar den ibilbide politiko bat, behin betiko konponbide demokratiko batera eraman behar gaituena: Euskal Herriaren aitortza, bere etorkizunaz duen erabakitzeko eskubidearen onarpena eta erabaki horren errespetua, hain justu.

Gure isolamendu politikoa bilatzen duen politika krudel horren gainetik, EPPK ibilbide politiko horretan murgildurik izanen da, eragin egingo dugu, nola ez, bada. Gure izaeraren aitortza eta Estatuen gure aurkako jarrera bortitzaren etenak, prozesua abiatze edota indartze aldera, gutxiengo baldintza demokratikoetan kokatuak eta lortuak izan behar direlakoan gaude. Presoon estatus politikoaren aplikazioaz ari gara; jasan beharreko tratu duinetik hasi eta prozesuan geure parte hartzeraino, eskubide zibil eta politikoen aldarri taularen errespeturaino, gure errekonozimendu politikotik pasatuz. Bide honetan baina premia handikoak ditugu gaixotasun larriak dituztenen eta espetxe zigorra bete dituztenen kaleratzeak, isolamenduarekin amaitzea eta Euskal Herrian bilduak izatea geure eskubideen jabe.

Hobe lukete Sarkozy, Zapatero eta enparauek, banan banan eta maltzurkeriaz Kolektibo hau zatitu nahian ibili ordez, beraiek ordezkatzen dituzten Estatuek ere prozesu demokratikoan parte hartzeari begira jarriko balira. Bide horretan eta gutxiengo demokratikoak gauzatu asmoz, ezaguna duten Kolektiboaren mintzakidetzarengana hurbildu eta presoon eskubideak berehala nola errespetatu adostea izango litzateke lehen urratsa.

Hartara, EPPKren egungo zeregin nagusia bere eragiletza politikoa aktibatu eta eragitean datza. Iniziatibarik izanen da; gure ikuspegi propioa azalduz, ekarpenak mahairatuz… Inolako zalantzarik gabe, eragileen arteko harremanak indartu egin behar ditugu. Denon arteko konpromiso zintzo eta praktikoaren bitartez estatuen borondate politikoa eta demokratikoa eskuratu eta Euskal Herriak behar duen prozesuari abiadura egoki bat eman behar diogu. Eta hortantxe aurreikusten dugu, hain zuzen ere, errepresaliatu guztien etxeratzea.

Esanak esan, gutxiengo baldintza demokratikoen gauzatzea borroka marko batean kokatzen dugu, prozesu demokratikoa bera gauzatzea bezalaxe. Hamarkadak daramatzagu lubaki honetan militante politiko gisara borrokatzen, aldaketa politikorik sortu nahian. Estatuek ez digutela borondatez eta dohainik ezer emanen, denon artean borrokatu eta lortu beharreko helburuak ditugula oso argi dakusagu. Marko demokratiko hori elkarrekin lortu ahal izateko, eskua luzatzen diegu eragiteko aktibo zuzenak diren euskal herritarrei eta eragile orori ere, batik bat oso hurbiletik sentitzen dugun iheslari politikoen kolektiboari. Gure besarkadarik handiena, burkideok!

Gure Kolektibo honen betiereko ilusiopean, poztu eta harrotu egiten gaitu herritarren jarrerak datorren urtarrilaren 8an Bilbon izanen den mobilizazioaren aurrean: euskal preso politikoon eskubideen defentsan, hain zuzen ere. Euskal Herriaren eskubidearen defentsarako markoan kokatua izanen delakoan gaude. Hala, bertan izango gaituzue, geure izaera eta indarra hortik hedaturik, elkarrekin Euskal Herriak bizi duen egoera orokorrari zein azal azaletik bizi dugun egunerokotasunari aurre eginez, lortuko dugunaren sinesmenez. Bildutako indarrak aktibatu ditzagun, bada. Euskal Herrriak konponbide politiko eta demokratiko bakarra du: Amnistia eta Autodeterminazioa».

Utzi iruzkina

  • Atalak

  • Artxiboa

  • idatzi zure e-posta helbidea

  • etengabe[abildua]gmail.com