Archive for category EPPK

EPPKren adierazpena

>> EPPKren adierazpena.PDF

Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren adierazpena euskal jendarteari

EPPK-k azken hilabeteotan burutu duen eztabaida politikoaren ondorioetan oinarriturik honako adierazpen publikoa zabaltzen du:

1- GATAZKA POLITIKOA ETA KONPONBIDE DEMOKRATIKOA

Gatazka politiko honek gure Herriaren eskubideak urratu ditu. Gernika bonbardatu zuten 75. urteurren honetan eta euskal Estatua (Nafarroa) okupatu zuten V. mendeurren honetan, Frantzia eta Espainiak zapalkuntzari eusten diote.

Gatazkaren konponbide demokratikoak proiektu politiko guztiak ahalbidetu beharko ditu, independentzia barne. Herriak du hitza eta erabakia.

2- EZKER ABERTZALE OSOAREN HAUTU POLITIKOA

Kokapen politiko berritua eskaini du Ezker Abertzaleak, iniziatiba politikoa berreskuratuz eta helburu politikoen erdiespena indar metaketa politiko, instituzional eta sozialean finkatuz.

Estrategian sakondu eta urrats erabakigarriak hartzen jarraituko dugu. Euskal gizartearen eskaera eta mandatua ere horixe baita. Eraginkorrak izateko eta prozesua azken porturaino heltzeko, Herriaren indarrak biderkatu behar ditugu eta denok elkar batera jo.

EPPK Ezker Abertzalearen estrategia politikoari atxikitzen gatzaizkio fermuki.

3- ETAren ERABAKIA

ETAk ildo armatua bertan behera uzteko erabaki historikoa hartu du. ETAren borrokak herri honek pairatzen duen zapalkuntza agerian utzi du, Estatuen izaera ez-demokratikoa biluztaraziz.

EPPK-k ETAren erabakiari bere errespetu eta babes osoa helaraziz, borroka armatua tresna gisa erabiltzeko garaia gainditutzat ematen du.

4- ANOETA, GERNIKA ETA AIETE-ko ERREFERENTZIA POLITIKOAK

Anoetako planteamenduarekin bat etorriz (2006) gure aitortza eskaintzen diogu ETAri, Gobernuekin balizko negoziazioan presoon kaleratzeari buruzko urrats eta akordioak finkatzeko.

Gernikako Akordioa (2010) konponbide integralari begira erreferentzia nagusitzat jotzen dugu.

Aieteko Adierazpena (2011) gatazkaren konponbide prozesua egituratzeko eta negoziazio bide orri gisa sustengatzen dugu.

5- EGOERA POLITIKOA

Ezker Abertzalearen berregokitzapen estrategikoak egoera soziopolitikoa errotik irauli du, Herri indarrak metatuz eta eraldaketa politikoa gorpuztuz.

Estatuen jokabidea blokeoan eta honen bidez euskal jendartean etsipena eragin nahian datza.

Estatuek prozesu demokratikoan urratsak eman ditzaten, indar metaketa eraginkorrena lortu behar dugu. Jabe gaitezen bizi dugun une historiko eta politikoaz. Orain da ordua! Ofentsiba politikora pasa behar dugu, urte luzeotan metatutako kapital politikoa berraktibatuz helburuak erdiesteko. Borroka garaia da!

6- ESPETXE POLITIKA

Espetxe politikak gerra estrategiari erantzun dio. EPPK-k tinkotasunez egin dio aurre, estatuen asmoak porrotera kondenatuz. Aukera politiko berria EPPK-ren borrokaren emaitza ere bada, borrokak ekarri gaitu honaino, borrokak askatuko gaitu.

Espetxe politika egoera berrian, prozesu demokratikoaren kontrako murru gisa baliatzen da eta euskal presoak bahitu politiko gisa. Eskubide urraketa du oinarri, heriotza eta sufrimendu asko eraginez. Salbuespen neurri guztiak, sakabanaketa eta biziarteko zigorra besteak beste, lehenbailehen altxatu behar dira dagozkigun eskubideak onartuz.

Damuketa-salaketa militanteak eta pertsonak suntsitzeko bidea besterik ez da, erabat baztertu eta arbuiatzen duguna. Presio, xantaia eta jokaera makurrak bertan behera utzi behar dira, eskubideak ukatzeko espetxe onuren erabilpena bezala.

Gatazka politikoaren isla gara eta irtenbidea konponbide integralarekin loturik doa, Amnistia-Autodeterminazioarekin. Gatazkarako arrazoiak konponbidean jarri, preso guztiak kaleratu eta berriak ez sortzearekin. Kaleratzeko oztopoak indargabetu behar dira, Euskal Herriarekin batera, euskal herritarrekin batera prozesu politikoan parte hartzeko.

Kolektiboak aurrerantzean, baldintza berrien argitan, urrats berriak emateko prestutasun osoa du.

7- GATAZKAREN BESTE ONDORIOAK

Zapalkuntzaren biktima dira Euskal Herria eta euskal herritarrok. Gatazkaren parte eta ondorio preso eta iheslari politikoak. Gatazkak kaltetuak eta biktimak eragin ditu. Abenduan Gernikak egindako adierazpenarekin bat egiten dugu.

Alde anitzetako minaz jabetzen gara erantzukizun osoz. Gure larruan eta hurbilekoenean ezagutzen dugu belaunaldiz belaunaldi. Ulerkor izateak ez gaitu itsutzen ordea, samina helburu politiko batzuen alde erabiltzen baita. «Biktimen auzia» gatazka betikotzeko erabiltzen duten bezala. Biktimak eta presoak kontrajartzen dituzte bi auziei errotik irtenbide propioa eman beharrean.

Hainbeste min eragindako gatazkaren erroak ulertzea, alde bakoitzaren ikuspegiarekin, ezinbesteko eginbeharra izango da. Ariketa sakon eta mingarria, egiatia izango bada askatasunetik egin beharrekoa, gatazka gainditzeko borondatetik eta konponbide asmoz.

Konponbideak, ondorioak aztertu eta osatu behar ditu.

8- ESKAINTZA

Espainia eta Frantziako gobernuak ausart eta erantzukizun historikoz, aurrean duen aukera baliatzeko dei egiten diegu. Konponbide demokratikoaren ibilbidean sar daitezela. Espainia, Frantzia eta Euskal Herriak irabaziko dute. Herritarrok irabaziko dugu.

EPPK-k euskal preso politikoon egoera eta eskakizunen inguruan mintzatzeko prestutasun osoa adierazten du. Berrikitan izendatutako Mintzakidetza eginkizun horretarako hautatua izan da.

Nazioarteko komunitatea, azken garaietako inplikazioa biderka dezan animatzen dugu.

Amnistia-Autodeterminazioa!

EPPK Euskal Herria bihotzean, 2012ko ekaina.

Advertisements

Utzi iruzkina

EPPKren oharra

Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren oharra

Gobernu espainolak euskal preso politikooi zuzendutako egitasmo berritua aurkeztu du. Euskal Herritik, nazioartetik eta baita Espainiatik ere espetxe politikan urratsak eman ditzan eskaera zabalari itzuri egin nahi dio. Hau dela eta ohar honen bidez, lehen gogoeta ezagutzera ematera gatoz:

1-Euskal presook sistema penitentziarioaren helburu eta eskubide orokorren hartzaile gisa onartzen gaitu. Izaera politikoa izanagatik ere.

2-Euskal presoon kontrako estrategia politiko berezitua, eta ondorioz tratamendu berezitua (eta kolektiboa) inposatzen zaigula onartzen du: hala eskubide eta onura penitentziarioak lortzeko ezartzen zaizkigun baldintza eta exijentzia maila altuagoak, nola klasifikazio penitentziarioaren eta sakabanaketa beraren diskrezionalitatea.

3-Damuketa-salaketarako ʻLangraitzeko bideaʼ deitutakoaren porrot politikoa onartzen da. Bere horretan esanguratsua, orain arte arduragabeki ukatua izan baita. Aldiz, biziarteko zigorra eta honenbestez espetxe politika bera indartzera heldu den Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko erabaki politikoaren ondotik jakinarazi izana, esanguratsua ere bada. Gauzak horrela, irakurketa osatzera gatoz:

4-Ez dio erantzuten euskal jendarteak gehiengo zabalaz hamaika aldiz eskatzen dionari: espetxe politika errotik aldatu eta aukera politiko berrien argitara egokitzea. Izan ere, euskal presoon eskubideak ezagutzeko baldintza eta xantaiaren politikaren haritik jarraitzen baitu.

5-Salbuespeneko neurriak indargabetu behar dira. Muturreko egoerekin eta sakabanaketarekin amaitu beharra dago (istripuek asteburuoroko errealitatea erakutsi bezala), eskubideak oro bermatu eta baldintza demokratikoen baitan presoon kaleratzea ahalbidetzen hasi.

6-Aurreko egitasmo ankerrekin bezala, damuketa-salaketa oinarri duen edonolako ʻprogramaʼ hilda eta antzu jaioko da. Presio eta xantaia oro baztertuta ordea, EPPKk urratsak emateko prestutasuna adierazten du, azken garaietako adierazpenen ildotik eta eztabaidaren ondorioak plazaratu zain.

Amnistia eta Autodeterminazioa!
2012ko maiatzean

>> EPPKren oharra.pdf
>> gobierno de españa: PROGRAMA PARA EL DESARROLLO DE LA POLÍTICA PENITENCIARIA DE REINSERCIÓN INDIVIDUAL EN EL MARCO DE LA LEY

Utzi iruzkina

Elkarrizketa. EPPK-ko mintzakidetza berria

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) 640 preso inguru biltzen ditu bere barnean, 82 espetxetan barreiatuta. EPPK-k bere antolakuntza berritu du, eta mintzakide talde berria izendatu. EPPKren Mintzakide talde berria honako sei preso hauek osatzen dute: Anabel Eguesek, Jon Olarrak eta Xabier Alegriak, Espainiako espetxeetan; eta Lorentxa Gimonek, Marixol Iparragirrek eta Mikel Albisuk, Frantziako espetxeetan.


EPPK-ko Mintzakidetzako kideak

EPPKrekin elkarrizketa

>> jatorrizko elkarrizketa.PDF
>> GARA: ENTREVISTA A LA INTERLOCUCIÓN DE EPPK. “Respetar los derechos de los presos traería un cambio evidente”
>> BERRIA: EPPKrekin elkarrizketa. Euskal Preso Politikoen Kolektiboa. «Oinarrizko eskubideak onartuz gero, prest gaude urratsak egiteko»

Nola dago osatua Euskal Preso Politikoen Kolektiboa? Zein da haren eginkizuna? Nola aukeratu du Mintzakide talde berria?

MARIXOL IPARRAGIRRE: Euskal Herriaren aldeko askapen borrokagatik espetxeratuta gauden kideok osatzen dugu EPPK. Askapen borrokaren aldi bakoitzean preso politikoek antolaketa berezia izan dute kartzela barruan. Frankismoan eta trantsizioaren lehen urteetan hainbat antolakunde politiko eta armatutako kideak zeuden espetxeetan, eta, orduan, bakoitzaren antolakundearen arabera elkartu eta antolatzen zuten beren komuna. Denborak aurrera egin arau, espetxeetan ETArekin zerikusia zuten kideek osatzen zuten kolektiboaren gehiengo nagusia. Azken hamarkadan, ordea, errepresioa zorroztu ahala jendartean arlo eta zeregin oso desberdinetan ari diren antolakundeetako pertsonak kartzelatu eta zigortu dituzte. Errealitate hori bere barnean islatzen jakin zuen kolektiboak, 2003ko eztabaidan ondorioztatu bezala. Kolektiboaren eginkizun nagusia da Euskal Herriaren aldeko borrokaren kausaz espetxeratua denari kartzela-administrazioaren aurrean gure eskubideak bermatuz babesa ematea eta kartzelak ezartzen dituen mugak muga militanteari bere ekinbide politikoan jarraitzeko aukera ematea, hezkuntza pertsonalean sakonduz eta Euskal Herriarekiko lotura mantentzen lagunduz.

JON OLARRA: Giltzapean ez da amaitzen gure konpromiso politikoa; gure neurrian, gure herriaren aldeko borrokan jarraitzen dugu kolektiboan antolatuta. 2011ko udazkenean abiatu genuen eztabaidaren barnean, ildo politikoa zehaztu eta antolakuntza berritzearekin batera, ikusi dugu beharrezkoa dela egoera eta garai berriei erantzuteko kolektiboaren ahotsa izango diren kideen indarberritzea. Mikel Albisu, Marixol Iparragirre eta Lorentxa Gimon Frantziako Estatuan eta Jon Olarra, Xabier Alegria eta Anabel Egues Espainiako Estatuan hautatu gaituzte kolektiboaren mintzakide gisa. Beste hamalau kide, zazpina estatu bakoitzean, Mintzakidetza ondoko talde gisa izendatu dira. Mintzakidetzaren espetxeaz kanpoko eragiletza bermatzeko ere, laguntza taldea izendatu dugu.

Presoek itxaropenez hartu dute garai berria?
Post osoa irakurri »

Utzi iruzkina

2012ko martxoa: 650 euskal herritarrek osatzen dute Euskal Preso Politikoen Kolektiboa

>> etxerat.info: 650 euskal herritarrek osatzen dute Euskal Preso Politikoen Kolektiboa

>> EH eta Estatu espainola,PDF
>> Estatu frantsesa eta nazioartea.PDF

Euskal Herrian kokatutako 4 espetxeetan 7 euskal herritar aurkitzen dira preso. Espainiar Estatuko 49 espetxeetan 489 aurkitzen dira preso. Frantziar Estatuan 138 preso 31 espetxeetan. Bi estatuetatik haratago, Portugalen, Ipar Irlandan, Ingalaterran eta Mexikon preso bana aurkitzen da. Konfinamendu egoeran bat aurkitzen da (Autun-Frantzia), eta espetxe arindu egoeran 11 euskal herritar aurkitzen dira.

>> DISPERTSIOAREN MAPA
>> wikipedia: EPPK

Utzi iruzkina

2012 otsaila: 665 preso politikok osatzen dute EPPK

>> etxerat.info:665 preso politikok osatzen dute EPPK

>> estatu espainolean.pdf
>> estatu frantsesean eta beste.pdf

85 espetxetan banatuta daude 665 presok osatzen dute Euskal Preso Politikoen Kolektiboa. 11 preso etxean ari dira zigorra betetzen eta 8 preso aurkitzen dira Euskal Herriko espetxeeta; beste presoak Espainia, Frantzia, Portugal, Ipar Irlanda, Ingalaterra eta Mexikoko espetxeetan aurkitzen dira.

Utzi iruzkina

EPPKren agiria: KOLOSALA IZAN DA

KOLOSALA IZAN DA

Iragarpen guztien gainetik bai, kolosala izan da presoon eskubideen aldeko Bilboko mobilizazio erraldoia. Zinez, pozak gure bihotzak bete ditu. Zorionak helarazi nahi dizkiogu bertaratu zen jendetza osoari, arrakasta gauzatzeko lanean jardun duten guztiei. Harro gaude oso gure herriaz. Gutako bakoitzak eta Euskal Preso Politikoon Kolektiboak bere eskakizun eta ekimenekin jaso dugun babes sozial eta politikoa sekulakoa izan da. Madril eta Parisek herri osoa aurrez aurre dutela aurreratzen genuen azken agirian eta erakustaldi berria izan dute Bilbokoa.

Ez gara telefono deiaren ez egunkariaren zain geratu. Guk ere mobilizazio orokor honetan parte hartu dugu. Frantzia, Espainia eta beste lurraldeetan gaudenok mobilizazio astea egin dugu hilaren 9tik 13ra: baraualdi, txapeo, enkartelada eta bestelako ekimenak izan dira han eta hemen gure herriarekin batera. Halaxe jarraituko dugu aurrerantzean ere antolaturik, mobilizaturik eta baturik, gure hitza, herriaren hitza gauzatu arte. Eskubideak gauzatu arte.

Uzkur, zurbil eta lekuz kanpo geratu dira olatu honetatik at mantendu nahi izan dutenak. Halaxe izan da PNVren jokabidea, beste behin ere, inor gutxik uler dezakeen hautu politikoa eginez, autismotik hurbil eta hitzak hitz, oraino mugitu ez diren inposatzaileen lerroetan paraturik. Aukera berria galdu du eta faktura pasatu behar dio.

Gobernu espainola presionatuta sentitzen da, are `denbora berriek’ beharturiko egoera politikoak espetxe politika kuestionatu eta aldarazi beharra etxe atariraino heldu zaionean. Gobernu espainol zein frantsesari, arduradun politiko orori, jukutriak alboratzeko premia helarazten diegu. Konponbidea gutako bakoitzaren gainean jartzen dutenean tronpatzen dira; irteera indibidualik ez da egongo arazo politikoari heldu gabe eta ikuspegi orokor eta kolektiboari muzin eginez. EPPKri inposatu zaizkion salbuespeneko neurriak oro Kolektibo osoari aplikatzen zaizkio, hein berean dagokie neurriok indargabetzea. Kolektiboa prest da azken ekimenekin erakutsi bezala aurrera urratsak emateko, Euskal Herrian abiatutako prozesu demokratikoan bere ekarpen positiboa emateko. Ibilbide horretan hain mingots egiten zaien amnistiaren ideiak konponbide demokratiko integrala esan nahi du guretzat. Gatazka politikoaren existentzia eta konponbide demokratikoa bere baitan dituena, hitzak hitz eta legeak lege, euskal preso eta iheslari politiko guztiak etxera ekarriko dituen prozesu demokratikoaz ari gara. Arduragabekeria litzateke hori saihestea.

Azkenik, gure indar guztiarekin salatu nahi dugu administrazio penitentziarioaren jokabidea, Frantzia nahiz Espainiakoa, xantaia eta presio ankerrenean oinarritzen ari dena gaurko egoeran ere. Baita joko politikorako bazka diren komunikabideetako intoxikazioak. Urratsak emateko eta jokabidea aldatzeko garaia dute!

Euskal presoak Euskal Herrira! Amnistia eta autodeterminazioa!

Euskal Preso Politikoen Kolektiboa, 2012ko urtarrilaren 13an

Utzi iruzkina

Presoak borrokan espetxeetan

>> Estremeran aurkitzen diren 11 preso politikoek BORROKA ASTEA HASI DUTE DAGOZKIEN ESKUBIDEN JABE IZAN DAITEZEN (legeak jasotzen dituen espetxe – onurak aplikatuak izan daitezen, murrizketarik eta arbitrariotasunik gabe) eta BALDINTZA HAUEK EXIJITU DIZKIOTE GOBERNU FRANTSEZ ETA ESPAINIARRARI.

-Preso guztiak Euskal Herrira ekartzea, dispertsioarekin amaituz.
-Gaixotasun larriak dituzten presoak aske uztea.
-Bere unean ezarritako zigorrak gaindituta dituzten kideen berehalako kaleratzea, (197/2006 doktrina desagertuz).
-Kondizionalaren epeak bete dituzten presoei, hau da 2/3 edo 3/4ak bete dituzten presoei baldintzapeko askatasuna ematea.
-Bakarrik aurkitzen diren kideak berehala beste kideekin elkartzea
-Honez gain, prozesu politikoan parte hartze zuzena edukitzeko eskubidea aldarrikatu dute, DENAK ETXEAN IZAN DAITEZEN HELBURU HARTUTA!

BORROKA ASTEAN egingo dituzten eguneroko ekintzak hauek izango dira:
URTARRILAK 9= TXAPEOA
URTARRILAK 10= JANARIARI UKO (espetxeak ematen duen janaria).
URTARRILAK 11= GOSE GREBA
URTARRILAK 12= TXAPEOA
URTARRILAK 13= JANARIARI UKO.

Hilabete honetan, EPPK-k ateratako azken komunikatuan agertu zen moduan, preso politikoek ekintza desberdinak burutuko dituzte, Espainiako eta Frantziako espetxeetan eta martxotik aurrera ere, borroka aleatorioa burutuko dute. (Ein daigun bidi)

>> Monterroso espetxean borrokaldia burutzen ari dira urtarrilaren 9tik 13ra arte. 11 eta 13 bitartean itxialdia egingo dute (presoen senide batek jakinarazi digunez).

>> Fleuryko gizonezkoak, esate baterako, kartzela barruan informazioa zabaltzeaz gain, gaur (asteazkena) eta bihar ostegunean, itxialdiak egiten ari dira. Horrez gain, ostiralean baraualdia egingo dute. (etxerat.info)

>> Puerto III espetxean berriz, astelehen, asteazken eta ostiralean baraualdiak burutuko dituzte; eta astearte eta ostegunean janariaren bandejari uko egingo diote (etxerat.info)

Utzi iruzkina

EPPKren agiria: EUSKAL PRESOAK EUSKAL HERRIRA ORAIN!

Euskal Preso Politikoon Kolektiboak euskal gizartearekin bere ekimen eta gogoetak konpartitu nahi ditu agiri honen bidez:

Ospakizun, aldarrikapen eta salaketa egunak

Nazioarteko Giza Eskubideen Eguna abenduaren 10ean. Halako egunik bada, eskubideak urratzen direlako da, han eta hemen, nonahi. Gurean franko, hizkuntza eta kulturatik hasi eta eskubide politiko oinarrizkoetaraino, euskal presook pairatu behar dugun jazarpen eta beheramenduetatik pasatuz. Egun aproposa urraketen salaketa egiteko.

Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an, ospakizun eta errebindikazioa uztartuz. Egun seinalatu bera, Nafarroaren Eguna, ospakizun eta aldarri hau ere. Lingua navarrorum esamolde zaharra, euskaldunon hizkuntza, nafarron hizkuntza. Herri bat. Euskalgintza eta herri osoarekin bat gatoz gure hizkuntzaren aldeko mobilizazioan. Garai berriak hizkuntza eta kultur eztanda ekarri behar du, auzo eta herrietatik instituziotaraino, norbanakotik gizarte osoraino. Hizkuntzak lurraldea behar du, egitura juridiko politikoa, eskubideak. Non euskaraz, han Euskal Herria. Euskara ofiziala lurralde osoan!

Kontrara, Espainiako Konstituzioaren Eguna abenduaren 6an. Inposaketaren hautua egiten jarraitzen dutenek ospatu dute. Guk lerrootatik, Herri gisa dagozkigun eskubideak errebindikatzen ditugu gure herriko sektore zabalarekin batera eta ukazioa salatu. Presoarentzat bezala ziega da Konstituzio espainiarra Euskal Herriarentzat. Zerrailaren gakoa eskuan dugu!

Euskal Presoak Euskal Herrira, sakabanaketa amaitu

Sakabanaketa amaitu eta batu gaitzaten aldarrikatzera gatoz ekimen berrituarekin. Eskaera ez da berria, une honetan gaurkotzen dugu ordea, gure eskubidea delako, gure senitarteko eta lagunen eskubidea delako, gure herriaren eskubidea delako. Espetxe politika, sakabanaketa, preso politikoon kontra izateaz gain, senide eta lagunen kontrako zigor erantsia baita. Mende laurden indarrean, gaur, herriarekiko xantaia politikoa luzatzea dakar, abiatutako prozesu politikoa oztopo eta eraso iraunkorrean zangotrabatzea.

Konponbide demokratikoaren aldeko indarrek eta euskal gizarteak, permititu ezin dugun erasoa. Estatuei modu positiboan erantzutea besterik ez dagokie, luze gabe. Aurrez aurre Herri osoa baitute, gaur arte espetxe politikaren krudeltasun eta bortxakeria onartu, babestu eta sustatu dutenak ere. Amaitzea, urjentziazko ariketa demokratikoa. Erabaki ausart, sakon eta demokratikoak hartzeko garaia da. Konponbidearen ibilbide orriak exijitzen du.

Gutako bakoitzak Euskal Herriratzeko eskaera egingo dugu egunotan, agiri honen bidez jakinarazi eta babesten dugun eskaera.

2011-12 Eztabaida

Gure izaera politikoa errespetatua izan behar da, gatazka politikoaren ondorio zuzen eta ukaezin baikara, konponbidearena bezalatsu. Garai berriotan, prozesu politikoan gure ekarpen aktibo eta positiboa egiteko Euskal Herrian baturik izan behar dugu, dagokigun eztabaida, harreman eta ekimenak baldintza politiko egokietan eraman ahal izateko. Funtsezkoa da Euskal Herrian elkartzea.

Kolektiboak, Frantzia, Espainia eta beste lurraldetan garen kideok, eztabaida prozesua abiatu dugu, agiri honen bidez ofizialki ezagutzera ematen duguna. Nazio askapen mugimenduaren estrategia eta egoera politikoa dugu eztabaidaren abiapuntua. Amnistia eta autodeterminazioaren bidean, Kolektiboaren ildo politikoa zehaztu eta eguneratzea eztabaidaren muina.

Eztabaidaren ondorioek Kolektiboaren norabidea markatuko dute. Konponbide demokratikoaren bidean zeresana badugu. Konponbidearen korapilo nagusia autodeterminazioa da, gatazkaren ondorioen korapiloa ondoan duela. Biak askatu behar ditugu. Askarazi.

Horra gure erronka berria. Ausardiaz, arduraz eta baikortasunez gure Herriarekin batera, herritarrekin batera aurrera jotzeko erabakitasun osoa dugu. Urratsak eman behar dira.

Askatasun eskaerak

Udazken honetako ekimenak norabide horretan kokatzen ditugu. Eskaera demokratiko premiazkoa egin dugu: muturreko egoerak altxatzea. Estatuek urtetan eraikitako legeria eta mekanismo juridiko-judizial errepresiboek, hamarnaka preso espetxean bahiturik dituzte, preso ororen askatasunerako eskubidea behin eta berriz ukatuz. Gaixo direnak, kondizionalaren epeetan aspaldi sartuak direnak, bizi arteko zigorra de facto eta irregularki aplikatuta espetxealdia luzatu dietenak.

Guztion berehalako kaleratzea exijitzen dugu. Orain arteko jukutria, intoxikazio eta manipulazioak, etekin gose miserableak, alboratzeko garaia dute.

Espainiako Gobernu berriari, Frantziako Gobernuari, Nazioarteko Komunitateari

Oinarrizko eskakizun hauei Espainiako Gobernu berriak eta Frantziako agintariek erantzun beharko diete, esan bezala luze gabe. Nazioarteko komunitateari ere luzatzen diogu deia, egoeran esku hartu eta urrats erabakior eta atzeraezinak eman daitezen susta dezan.

Euskal herritarrei: Mobilizazio Kolosala urtarrilaren 7an

Agintariak mugitzeko, mobilizatu beharra dago. Herriaren Hitza entzunaraziko dugu. Bat egiten dugu herri mobilizazio orokorrarekin: asteburu horretan ez da bisitarik izango, zuekin izango gara Bilbon. Entzun dadin euskal herritarren ahotsa, Madril, Paris eta munduan zehar. Protagonista eta sustatzaile izan gaitezen denok, guztion eta bakoitzaren bultzadak hautsiko ditu eta kateak.

Euskal Presoak Euskal Herrira!
Amnistia, Autodeterminazioa!

Euskal Preso Politikoen Kolektiboa

2011ko abenduaren 10ean

Utzi iruzkina

Azaroak 21: 673 euskal preso politikoek osatzen dute EPPK

Azaroaren 21ean, 673 euskal preso politikoek osatzen dute EPPK. Espainiako estatuko espetxeetan 518 dituzte preso, Frantzian 137 preso eta 1 konfinatuta. Lisboan 1 preso; Ipar Irlandan bat, Ingalaterran bat, Mexikon bat eta Begikan bi. Hamaika preso gaixo etxean ari dira betetzen espetxe zigorra.

Hona hemen zerrendak:

>> Espainiako estatuan.pdf
>> Frantziako estatuan eta beste.pdf

>> EPPK wikipedian.

Utzi iruzkina

EUSKAL PRESO POLITIKOEN KOLEKTIBOAREN AGIRIA

EUSKAL PRESO POLITIKOEN KOLEKTIBOAREN AGIRIA (agiria.pdf)

Hiru hamarkada luze igaro dira 1977ko abendu hartan, Euskal jendartearen bultzada eta indarrak espainiar kartzelatan zuten azken preso politikoa atera zuenetik. Espainiak Euskal Herriarekin mendeetan zehar mantentzen duen gatazkari benetako irtenbidea eman ez, gatazkaren oinarri den euskal herriak bere buruz erabakitzeko eskubideari heldu ez eta berehala, 1978ko urtarrilean espetxeak euskal jendez betetzen hasi zen Espainiako aparatu errepresiboa. Gatazkaren oinarrizko arrazoien konponbideari lotutako Amnistia aldarrikapenaren esanahia hustu eta gure herriaren zapalketa eta bere eskubideen ukazioen oinarri-pean ekin zion espainiar estatuak bere trantsizioari. Ez zuten baina, Euskal Herriak bere eskubideei uko egiterik lortu. Mendeetako askatasun goseak herritarrak borrokari lotuta jarraitzera eraman gintuen. Ehunka baino milaka izan gara azken hamarkada hauetan atxilotu, torturatu eta espetxeratuak izan garenok, baita ihesari ekin diogunok ere. Espainiar Estatuaren zapalkuntza, ankerkeria, krudelkeria eta mendeku gosea bizi izan ditugu; bizi ditugu oraindik. Espainian iruzurrez iruzur sorturiko demokrazia ezaren garai haietatik egungo sakabanaketa politika hiltzailearen errealitaterainoko sufrikarioa. UCD, PSOE zein Alderdi Popularraren esku faxista, mendekatzaile eta odoltsuek gure kontra kolpez kolpe eginiko marra gorri latza, alegia.

Egun ere, beraien eskuetan gauzkatela-eta, ahalik eta denbora gehien nahi gaituzte burdin eta porlanezko etxola mingarri hauetan; egunerokotasunaren krudelkeriak mugarik ezagutu ezinean, gure izatearekin bukatu nahirik. Baina gu aspalditxo lotu ginen borrokari. Gure herriak eta bere historiak erakutsi eta emandakoak barne barnean daramatzagularik, bere askatasunaren aldeko lubakietan eraikuntza lanetan jardutea merezi duela ongi aski dakigu: halaxe sentitzen dugulako, halaxe amesten dugulako, halaxe lortuko dugulako.

Hiru hamarkada hauetan gure hatz minduekin ildoa egiten ari gara, Euskal Herriaren aurreneko egun askerainoko zubia gurutzatu nahirik. Une horretan, gure herria aitortua, gure etorkizunari buruz euskal herritarrok erabakiko duguna errespetatua izango dela bermatua izanen denean, espetxeak hustuta eta iheslariak etzean izango garenean, Amnistia bere zentzu zabalean izango dugunean alegia, izango du herri honek benetako bakea.

Urteetako lan horretan aldaparik eta harri koskorren kolperik ere pairatu izan dugu; bidean burkide, lagun eta senide askok utzi gaituztelarik. Madarikatuak diogu sarri, madarikatuak hiltzaileak, geureak direnekin batera gailurrera ailegatu nahi izan eta utzi ez digutelako. Haiei, inori baino lehenago, haiei diegu zor lortuko dugun garaipen hori.

Oraindik orain, lubaki honetan egin beharrekoak ez dira gutxi izango. Iruzurrez eta bortxaz inposatu diguten gatazka honek, finean, Euskal Herria eta bere eskubidearen aitortza baino ez du behar. Dagokiona. Jakinik gure konpromisoak hamarkadetako historia duela eta euskal eragileen arteko indar metaketak konpromiso eta zintzotasun berbera behar duela, horrelako benetako bultzada beharko dugu Estatuei gure herriaren etorkizuna beraien atzapar bortitz horietan duten giltza kentzeko.

Eta ari gara. Etorkizun askea irudikatu nahi dugun aro berri honetan euskal eragileok gatazkaren behin betiko gainditze bidean urrats esanguratsuak ematen ari gara. Horietan azkena, ETA erakundeak adierazitako borroka armatuaren bertan behera uztearena. Bere historia luze eta emankorraren ildotik, oraingoan ere ETA erakundeak arduraz eta Euskal Herriaren askatasunaren mesedetan ekin du. Bere ereduari begiratu behar dionik ez da falta ez, tamalez. Duela ez asko esan genuen, eta berriro diogu: Hobe lukete errepresio eta zapalketaren bide antzuari uko egin eta, beraiek ordezkatzen dituzten Estatuek ere prozesu demokratikoa bultzatzeari begira jarriko balira. Historiaren lezioa ikas dezatela behingoz Sarkozy, Zapatero, Rubalcaba, Rajoi eta enparauek. Konturatu daitezela “Et Domuit Vascones” zaharrarekin ametsetan joango direla beraiek ere. Beste batzuk saiatu ziren aurretik, baita porrot egin ere. Ibi amiltsu hori baztertu eta Euskal Herriarekin duten gatazka politikoa konponbidean jartzeko hautua egin beharrean daudela konturatu daitezela behingoz.

Guri dagokigunez, jakitun gara espainiar zein frantziar estatu horiek geu, euskal preso politikook gaituztela itu beraien zapaltzaile eta hiltzaile den asimilatze politika horretan. Zapalketa eta errepresio gordinaren bitartekoez baliatuz oraindaino ez dutela gure herriaren asimilatzerako obsesioan atsedenik. Atxiloketak, torturak, milaka herritarrekiko apartheid politika, aske geratu diren kideenganako herritarren ongietorri adierazpenak kolpeka ekiditeko saioak, kolaborazio eskaintza-mehatxuak, espetxe politika kriminalaren mantentzea… luzea da, bai, zerrenda. Legeak errepresioaren mesedetan nahikoa manipulatu ez eta jazarpen eta mendeku politikoak agintzen dutela erakutsi digute argi eta garbi.

Kontrako norabidean kokatu du etorkizuna gure herriak. Aspaldi hartu zuen etorkizun askearen hautua. Ez da, egun, Espainia eta Frantziaren errepresio eta mendeku politika justifikatzen duen herritarrik. Are gehiago, herritarren gehiengo zabal batek egin du bat euskal preso politikoen kontrako jazarpenaren kontra. Gernikako akordioaren baitan bildu diren indarrek, Amnistia osoaren bidean eta lehen urrats gisara Euskal Preso Politikoen eskubideak, oinarrizkoak zein politikoak, errespetatuak izan daitezen aldarria jarri du mahai gainean.

Bide horretan, presoon eskubideak berehala errespetatu, gaixo larriak askatu, baldintzapeko askatasunean egon beharko genukeenak aske utzi, bizi arteko espetxe zigor politikarekin amaitzea dira jada Estatuek eman behar dituzten lehen urratsak. Berehala eta inongo baldintzarik gabe.

Euskal Preso Politikoen kolektiboak indarra jarri nahi du aldarrikapen hauetan. Zentzu horretan, egoera horietan dauden gure kolektiboko kideek berehalako askatasun eskaera egingo dute datozen egunotan. Aldarrikapena kolektiboa da, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak eskaera hori publikoki berresten du eta euskal Jendarteari baldintza horiek inolako baldintzarik gabe eta berehala bete daitezen aldarrikatzeari dei egiten dio.

Prozesu demokratikoan urratsak eman bidean dispertsioarekin amaitu eta euskal preso politikoak, dagokigun estatus politikoa aitortuta Euskal Herrian batzea ezinbestekoa da ere. Prozesuan gure parte hartzea ahalbidetuko duen egoera betetzea ezinbestekoa baita prozesuak aurrera egin dezan.

Geuk, gure aldetik, heriotza edota bizi arteko zigor guztien gainetik, Euskal Herri aske baten aldeko apustuan tinko eginen dugu. Esan moduan, tinkotasunez, harrotasunez, umiltasun osoz eta itxaropentsu, nola ez, bada?

Jite honetan, igandean ere gure ekarpena egingo diogu apustu horri.

Gure herrian aro berri bat gauzatzeko urratsak ematen ari garen honetan, garrantzi berezia dute igandean Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroa Garaian izango diren espainiar gorteetarako hauteskundeak. Konpromiso une honetan ere gure bozka zuenarekin batera izango da bozka ontzietan.

Ez dezatela Espainiako estatuaren egonkortasunaren aldeko apustuan dihardutenek gure arteko inoren bozik jasoko dutenik espero. Madrilek finkatzen duen Estatu politika babestu, gure herriaren etorkizuna Espainiari lotuta irudikatu, autonomismoan sakonduz Euskal Herriaren zatiketa iraunkortu, Espainiako gobernuek urteetan abiatu dituzten ekimen errepresiboak esplizituki onetsi eta egun ere, Espainiako gobernuari egonkortasuna emanez gure kontra indarrean daukan dispertsio politika babesten duenak ez du, ez, gure bozik jasoko. Aho txikiarekin gure eskubideen alde daudela esan baina aho handiarekin eta ekintzekin gure kontra eta gure herriaren kontra estatuen jazarpen politika babesteak ez du balio. Hautua egin behar dute. Euskal Herriaren alde herri gisa gure hitza aurkezteko aukera paregabeari berriro ere ezetza eman dioten PNV eta pareko alderdiek ez dute gure bozik izango, inolaz ere.

Euskal Preso Politikoen Kolektiboa abertzaleekin, independentistekin, eraldaketa sozialaren aldeko borrokalariekin, parekotasunaren aldekoekin… finean, ezkertiarrekin! Gure herriaren askatasunarekiko konpromisoa dutenekin, apartheid politikoa sufritzen eta borrokatzen dutenekin, baztertuekin egongo da igandean EPPK. Baita etorkizuna den gazteria erreboltariarekin. Azken batean, Euskal Herria eszenatoki demokratikoan kokatu ahal izateko indarra egingo duten Euskal herritarrekin batera egongo da EPPK. Haiekin nahi baitugu askatasunerako zubia gurutzatu. Igandean milaka eta milaka izango gara Euskal Herri aske baten aldeko apustua egingo dugunok, Euskal Herria libre baterantz zubi hori igarotzeko apustua egingo dugunok. Eta astelehenean proiektu hori garatzen jarraituko dugu. Herri gisa, Espainiako gorteetan gure eskubideak aldarrikatuz behar bada ere, herritarronak diren udaletxe eta herrialdeetako parlamentuetatik noski, baina bereziki herri antolakundeetatik eta herritar dinamiketatik, baita gauzkaten ziega ilunetatik ere. Aurrerantzean ere, gure kolektibo izaerari eutsiko diogu, gure izaera politikoak eztabaida mahaietan izanen du tokirik, ahotsik eta ekimenik, elkar lanari hauspoa eman eta herri honi beharrezkoa egiten zaion prozesu horretan indar horiek askatuko ditugu: gutxiengo baldintzak lortuz, prozesuaren eraikuntzari hatz mindu umil hauekin ekinean jarraituz eta Estatuei euskal herritarron hitzari errespetua exijituz, beste biderik ez baitago herriaren libertatetik eratorritako bakean bizitzeko.

Hau da gure konpromisoa eta hau da Euskal Herritar orori luzatzen diogun eskaera.

Euskal Herriak amnistia eta autodeterminazioa!

Gora Euskal Herria askatua!

2011eko azaroan

Utzi iruzkina

  • Atalak

  • Artxiboa

  • idatzi zure e-posta helbidea

  • etengabe[abildua]gmail.com