Archive for category Tortura

Orkatz Gallastegiri ezarritako zigorra kentzea eskatu dute, Nazio Batuek torturak ikertu ez zituztela esan ostean

Orkatz Gallastegiren abokatuek eta etxekoek, Torturaren Aurkako Taldeko ordezkariekin batera eginiko agerraldi batean, ezarritako zigorra kentzea eskatu dute, NBEko Torturaren Aurkako Komiteak Espainiak ez zuela Orkatz Gallastegiren salaketari buruz ikerketa azkar eta inpartzial bat egin esan ondoren.

Orkatz Gallastegiren kasuan ezarritako zigorraren arrazoia Lironen familiari 1.000.000 euro eman ahal izatea izan zela salatu da behin baino gehiagotan, “Orkatz Gallastegiri 26 urteko espetxe zigorra ezarri diote” sarreran egindako lehen eta bigarren iruzkinetan irakur daitekeen bezala.

>> berria.info: Nazio Batuen Erakundeak dio Espainiak torturaren aurkako hitzarmena urratu duela
> naiz.info: Instan a Madrid a que revise la sentencia contra Orkatz Gallastegi
>> naiz.info: Naciones Unidas acusa al Estado español de violar la Convención Contra la Tortura
>> etengabe: Orkatz Gallastegiri egindako torturak aipagai izan dira NBE-aren Torturaren Aurkako Komisioan
>> estengabe: Paule Sodupe: Demokraziak ez du esan nahi justizia nahitaez

Orkatzen tortura lekukotasuna

“Ahalik eta zehatzen idazten saiatuko naiz atxiloketa momentua eta inkomunikazio egunak. Agian, detaileren bat edo beste ez ditut gogoratuko baina dena gogoratzen saiatuko naiz.

ATXILOKETA MOMENTUA- Goizaldeko seiak aldera ateari joka hasi ziren eta “zabaldu atea, Ertzantza!”, “zabaldu atea, bestela behera botako dugu!” esaten. Etxe ingurua guztiz hartua zeukaten ertzain ugarik, linternekin argiztatzen zuten etxe aurrea, baita “ertzantza, irten etxetik” oihukatuz ere. Orduan, anaiak zabaldu zuen atea eta nere izena oihukatzen hasi ziren. Metrailetaz armaturik zeuden eta ni agertzearekin batera lurrera bota ninduten lepoa indar handiz zapalduaz eta besoa, bortizki, atzera botaz eskuburdinak jarri ahal izateko. Azkenean, sokazko eskuburdinak jarri zizkidaten eta kanpo aldera eraman ninduten hormari begira belaunikaraziz. Horrela eduki ninduten idazkari judiziala etorri arte, terrorismo delitu bategatik atxilotua nengoela jakinarazi zidan eta, “nire presentzian”, etxea arakatzeari ekin zioten. Baina kanpoaldean eduki ninduten denboran eta arakatze momentuan ere ertzain mordoa ibili ziren etxe barruan, beraz, ni egon barik etxea miatu zezaketen. Miaketa bukatuta furgona batean sartu ninduten eta Arkautera eraman. Furgona barruan, justu-justu jesarri nintekeen toki batean sartu ninduten eta leiho txiki batetik ikusi nuen Arkautera eramanak ginela.

INKOMUNIKAZIOA- Furgonatik jaistearekin batera lurrera begiratzera edota begiak ixtera eta makurtutik ibiltzera behartu ninduten bertan izan ninduten denbora guztian. Argazkiak atera, hatz markak hartu eta grabatua izan ostean kalabozora eraman ninduten. Bertan, zutik mantentzera eta hormara begiratzera behartu ninduten. Jarraian, galdeketekin hasi ziren. Begiak ixtera eta makurtzera behartzen ninduten eta gela batera eraman. Sarritan, begiak itxirik izanagatik hormen kontra kolpatua izaten nintzen. Galdeketetan hormaren aurka, besoak altzata eta belaunak flexionatuak izatera behartzen ninduten. Orduan, galderak egiten, mehatxatzen eta kolpeak ematen hasten ziren. Beno, galderak beharrean egozten zitzaizkidan gauzak esaten zizkidaten, mehatxuak era guztietakoak ziren: “egun batean, bide bazterrean utziko zaitugu buruan tiro bat duzula”, “hemetik, hankak aurretik dituzula irtengo zara, gero, istripu bat izan dela esan eta ezer gertatu izan ez balitz bezala izango da”, “anaia atxilotuko dugu baina etxean ez badago ama atxilotuko dugu”, “Lasai egon, nik ez zaitut hilgo, elbarri utziko zaitut”… mehatxuak heriotzezkoak eta familiaren aurkakoak ziren. Galdeketetako batean, “kolaborazioa eta negoziazioa” eskaini zidaten. Kolaboratuz gero bost aukera eskaintzen zizkidaten: espetxe zigorra murriztea, Euskal Herriko espetxeren batean sartzea, EAJ-k dena kontrolatzen duenez aitaren lan-eskeintzetan esku ez hartzea… ez ditut besteak gogoratzen.
Bi galdetegi mota bereiztuko nituzke, batetik informazioa eskuratzeko egiten zutena bestea, aldiz, egurtua eta mehatxatua izaten nintzen. Bi galdetegi mota hauek tartekatu egiten zituzten.
Postura behartuetan izaten ninduten, garrasika eta mehatxatzen zidaten bitartean ukabilkadak zein ostikadak ematen zizkidaten gorputz guztian eta ezintasunagatik lurrera erortzen nintzanean kolpeka hasten ziren eta postura behartuan jartzen ninduten. Horrela behin eta berriz egiten zidaten konortea galtzen nuen arte. Ondoren, aulkian eserita agertzen nintzen eta ura edanarazten zidaten, orduan, galdetegia hasten zen baina lortu nahi zutena lortzen ez zutela ikusirik berriro hasten ziren. Noizbehinka, kalabozora eramaten ninduten eta hormaren kontra, besoak altzata eta belaunak flexionatuta egotera behartzen ninduten, horrela egon ezean kalabozora sartu eta kolpeka hasten ziren. Galdeketetako batean ahoa zabaldu zidaten eta zerbait sartu zidaten ahoan eta hau izan daiteke hormetan ikusten nituen irudien arrazoia (neska baten aurpegia, zaldi gurdi bat…). Baita, barrabilak indar handiz ebatzen zizkidaten ere eta hankatartean ostikadak eman, anaia edo ama atxilotuko zutenaren harira “anaiaren” ahotsa entzuten nuen kalabozoan eduki ninduten batean, gainontzeko atxilotuen garrasiak entzuten nituen ere.
Momentu batean hospitalera eramango nindutela esan zidaten baina nik ezetz esan nien, “ondo” nengoela. Ez bainuen haiekin atzera eta aurrera ibili nahi, kontaktu minimoena izan nahi nuen, beste barik. Forensea bi aldiz ikusi nuen, esan nion belaunean min nuela (herrenka nenbilen) eta bizkarraldea zein zerbikalak minduak nituela.
Azkenean, igande goizaldera gutxi gora behera, deklaratzera eraman ninduten. Deklaratu ostean kalabozora jaitsi ninduten eta jarraian mehatxatua eta zorabioa arte kolpatu ninduten. Ondoren, bigarrren deklarazioa egitera eraman ninduten, igandeko goizladeko zortziak edo bederatziak ziren, eta bukatu ostean kalabozora eraman ninduten berriro ere. Berttan, etzanda egotea baimendu zidaten, lo egiteko esan eta zerbait jateko erregutu zidaten.
Lehenengo eta bigarren deklarazioen artean, eta egurtua izan ostean, txarto pasatu nahi ez banuen eta familiari buruzko mehatxuekin bat, deklaratu behar nuena errepikatzen zidaten behin eta berriz.
Astelehen goizaldera furgonan sartu eta Madrilera eraman ninduten, oraingoan tratu zuzena edukiz.
Beno, espero dut ahalik eta zehatzen deskribatu izana. Nahi izanez gero, dena delakorako prest egongo nintzateke.
Bakarrik esatea, torturaren profesionalak direla, den dena neurtua daukatela. Noiz, nola eta non jo; zerekin mehatxatu; zein hizkera eta hizkuntza erabili…

Beste barik, zerbaitetarako balio izango duelakoan

Orkatz.”

Utzi iruzkina

Berango | Tortura salatzeagatik eskualdeko bi gazte identifikatu dituzte


Argazkian, Torturaren Aurkako Egunean elkarretaratzea egin zuten Sopelan / © Sopela.net.

ukberri.net: Tortura salatzeagatik eskualdeko bi gazte identifikatu dituzte Berangon

Joan den astelehenean, Torturaren Aurkako Egunean, arratsaldez, bi gazte identifikatu zituen Ertzaintzak Berangon; herri horretako eta Algortako mutil bana, hain zuzen ere. Aipatu lagunek UKBERRI.NETi azaldu diotenez, torturatutako herritar bat irudikatzen zuen panpina eta kartelak jartzen ari ziren Berangoetako kultur etxe inguruan, polizia autonomikoaren patruila bertaratu zitzaiela. “Egiten ari ginena legezkoa zela esan ziguten, udaltzainekin hitz egin behar zutela… Hala eta guztiz ere identifikatu behar gintuztela”, azaldu dutenez. “Ardura saihestu” nahi zutela zirudien arren, DNIa eskatu zieten gazteei.

Utzi iruzkina

Sopela | Torturari buruzko hitzaldia, ostiralean

>> sopela.net: Torturari buruzko hitzaldia

Sopelako Herri Bilguneak tortura buruzko hitzaldia emango du otsailaren 10ean, ostirala, arratsaldeko 19:00etan, Kurtzio kultur etxean. Bertan torturak jasan dituzten euskal herritarren testigantzak entzuteko aukera egongo da. Bestalde, Euskal Herriko Torturaren Aurkako taldearen eta psikologoen eskutik, torturak eragindako ondorioak aztertuko dira.

Utzi iruzkina

Gorenak atzera bota du tortura ez ikertzeagatik Garzonen kontra egindako helegitea


Arkaitz Goikoetxea Guardia Zibilaren kalabozoetan

>> ukberri.net: Bost getxoztarren senideek aurkeztutako Garzonen kontrako kereila atzera bota du Gorenak

2008ko uztailaren 22ko polizia operazioaren ondotik, Baltasar Garzon epailearen, Espainiako Auzitegi Nazionaleko auzi-mediku baten eta bi guardia zibilen kontrako kereila aurkeztu zuten uztailean Auzitegi Gorenean atxilotuen senideek. Magistratuari “torturak saihesteko protokoloa bete ez eta torturak ahalbidetu izana” leporatzen zioten. Gorenak, ordea, atzera bota egin du kereila, Europa Press albiste agentziak zabaldu duenez. Auzitegiko Zigor Aretoaren arabera, “salatutako tratu txarren zantzurik ez da existitzen, ez baitago horietaz aztarna objektibo eta segururik”. Besteak beste, Aitor Cotano, Inge Urrutia, Arkaitz Goikoetxea, Iñigo Gutierrez eta Mikel Saratxo getxoztarrak atzeman zituzten aipatu polizia operazioan. Torturaren Aurkako Taldeak (TAT) beraien lekukotasunak erabili ditu “Tortura Euskal Herrian” dokumentala egiteko.

>> europapress: El TS rechaza la querella de detenidos del comando Vizcaya contra Garzón por no investigar supuestas torturas

Utzi iruzkina

Torturan oinarritutako beste epaiketa politikoa: Arkaitz Goikoetxea epaituko dute astelehenean Auzitegi espainolean

Arkaitz Goikoetxea berriro espaituko dute Espainiako auzitegian, astelehenean, abenduak 12.

Torturan oinarriutako epaiketa izango da. Irakurri Arkaitz Goikoetxearen tortura testigantza, berarekin batera atxilotutakoen testitantzen artean. Kasu honen inguruan bideo bat ere zabaldu da azken egunotan.

>> europapress: La Fiscalía pedirá el lunes 79 años de cárcel para Arkaitz Goikoetxea por atentar contra el cuartel de Durango

Utzi iruzkina

Uribe Kostako hainbaten kasuak aztertzen dira Torturaren Aurkoko Taldearen dokumental berrian

Dokumentalean Uribe Kostako hainbat herritarren kasuak aztertzen dira besteren artean

Aitor Cotano, Inge Urrutia, Arkaitz Goikoetxea, Iñigo Gutierrez, Mikel Saratxo, Maialen Zuazo, Libe Agirre, Gaizka Jareño eta Anabel Prietoren tortura testigantzak:

>> tortura testigantzak euskara.pdf
>> testimonios tortura español.pdf

>> berria.info: ‘Tortura Euskal Herrian’ dokumentala egin du TATek

Larunbatean aurkeztuko du lana, Bilbon, eta aurrerapena Interneten jarri du. 2008ko operazio batean Garzonek agindutako protokoloko irudiak ikus daitezke, besteak beste.

Tortura Euskal Herrian dokumentala aurkeztuko du larunbatean TAT Torturaren Aurkako Taldeak Bilbon, Bilborock aretoan, 11:30ean, eta aurrerapena sarean jarri du.

2008ko uztailean Bizkaian egindako polizia operazio batean atxilotu zituzten lagunei Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak protokoloa aplikatu zien, eta, teorian, atxilotuekiko hainbat neurri hartu zituen Guardia Zibilak; tartean, atxiloaldia grabatu zuen. Ahozko epaiketan ziegetako zenbait irudi eskaini zituzten: atxilotuak guardia zibilekin batera agertzen dira pasilloetan gora eta behera —Arkaitz Goikoetxea, Iñigo Gutierrez, Maialen Zuazo eta Anabel Prieto—, eta horiek dokumentalean ikus daitezke.

“Operazio horretatik abiatu eta tortura bere orokortasunean aztertzen duen dokumentala egin dugu azken hilabeteotan”, esan du TATek. Hainbat elkarrizketa ere egin ditu; “torturaren errealitatea aztertzen da ikuspegi ezberdinetatik”.

Lana gazteleraz egin du, eta azpitutuluak euskaraz, frantsesez eta inglesez jarri ditu.


Arkaitz Goikoetxea Guardia Zibilaren kalabozoetan


Iñigo Gutierrez Guardia Zibilaren kalabozoetan

Utzi iruzkina

Torturaren kontrako kontzertua egingo da ostiralean Leioan


Argazkian, irailaren 14an atxilotu zuten Erika Bilbao eta egun horietan mobilizazioak egin ziren Leioan. (ukberri.net)

>>ukberri.net: Torturaren kontrako kontzertua egingo dute ostiralean Leioan

Guardia Zibilak 2010eko irailaren 14an atxilotu zuen Erika Bilbao Barzena. Bost egunez inkomunikaturik egon ondoren torturak eta tratu txarrak pairatu izana salatu zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean. Egun horietan hainbat mobilizazio egin ziren Leioan. Orain, horiek egiteagatik 3.000 eurotako zigorra jarri nahi diote torturak salatu zituen herritar bati, tokiko ezker abertzaleak jakinarazi duenez. Hori guztia gaitzetsi eta dirua lortzeko hiru bide jarraituko dituzte: batetik, ostiral honetan, azaroak 18, Vendetta eta Itziarren Semeak taldeen kontzertua izango da Udondo gaztetxean, 21:30ean. Sarrera 5 eurotan egongo da, aipatu isuna ordaintzeko dirua ateratzeko asmoz. Bestalde, hilaren 24ean, mobilizazioa egingo dute 19:00etan Leioako Bulebarrean. Egun berean mozioa aurkeztuko dute udal osoko bilkuran.

>> kartela.jpg

Utzi iruzkina

“Torturarik ez!” kontzertua izango da ostiralean Leioako Udondo Gaztetxean

Utzi iruzkina

Mikel Saratxo eta Anabel Prietoren tortura lekukotasuna


Anabel Prieto (Bilbo) eta Mikel Saratxo (Algorta)

>> berria.info: «Hodi antzeko bat sartu zidaten aluan; bortxatzaileak ere badira»

Tortura. Garzonen kontrako kereila. Anabel Prieto eta Mikel Saratxo. Atxilotuak
«Hodi antzeko bat sartu zidaten aluan; bortxatzaileak ere badira»

Hiru urte bete dira Anabel Prieto eta Mikel Saratxo atxilotu zituztenetik. Bost egunez tratu txarrak jasan zituztela diote, nahiz eta torturaren prebentziorako protokoloa ezarri zieten.

Anabel Prieto eta Mikel Saratxo 2008ko uztailaren 22an atxilotu zituen Guardia Zibilak, beste zazpi lagunekin batera. Bost egun inkomunikatuta egon ostean, tortura gogorrak salatu zituzten. Torturaren prebentziorako protokoloa ez errespetatzeagatik, kereila kriminala jarri dute Auzitegi Gorenean, eta beharrezkoa den tokietara joko dutela adierazi dute. Inkomunikazio garaia, ordea, nekez ahaztuko dute.

Zuen kasuan, tortura saihesteko protokoloa ez zela bete salatu duzue. Zertan huts egin zuen?

Anabel Prieto: Atxiloaldian egindako grabaketetan ikus daitekeen bakarra da ziegatik nola ateratzen eta sartzen gintuzten. Ez dago galdeketen edo miaketen irudirik. Gu polizia etxean 24 orduz egon ginen, baina soilik segundo txiki horiek grabatu zituzten. Ez da agertzen momentu batean ere galdeketen irudirik, ezta gure etxeetan egindako miaketen irudirik ere. Eta protokoloaren arabera, atxiloaldiak iraundako denbora osoan hartu behar zituzten gure irudiak.

Mikel Saratxo: Protokoloan medikuaren bisiten eskubidea jasotzen den arren, ez nuen konfiantzazko medikuaren bisitarik izan bigarren egunera arte. Gainera, etortzen zen bakoitzean, auzitegiko medikuarekin etortzen zen. Horrek erabat baldintzatzen zuen konfiantzazko medikuari esan ahal niona.

Tratu txarrak salatu dituzue. Nolakoa izan zen tratua atxiloaldian?

M.S.: Nire kasuan, goizeko lauretan sartu ziren etxera; lo nengoen, eta familia ere bertan zegoen. Miaketa egin ostean, Madrilera abiatu ginen. Bidaia osoa kolpe eta mehatxu artean egin nuen, eta Madrilera iritsi ginenean esan zidaten: «Hau asko iruditu bazaizu, orain dator dibertigarriena».

Tres Cantoseko komandantzian, bost egunez egon nintzen inkomunikatuta, eta tortura fisiko zein psikologikoak jasan nituen. Familiaren aurkako mehatxuak egin zizkidaten, baina nahiko ondo eutsi nion horri. Tortura fisikoari dagokionez, poltsa jarri zidaten, jo egin ninduten… Ez dakit zer izan zen gogorrena; azkenean dena ziklo bat da, eta guztia batzen denean, iristen da momentu bat lur jota zaudena.

A.P.: Ni beste bi pertsonarekin batera atxilotu ninduten. Hasiera bera oso bortitza izan zen: atea bota zuten, eta ohetik atera ninduten kolpe batez. Irudi hori ez dut burutik kenduko: erdi biluzik nengoen, hormaren kontra, eta ez zidaten janzten uzten. Konturatu nintzen okerrena hastera zihoala. Madrilerako bidaian eta inkomunikazio garaian bortxatuta sentitu nintzen. Uneoro ukitzen ninduten, eta biluztera behartu ninduten. Mehatxuak etengabeak ziren, familiarekin, lagunekin eta une horretan espetxean zegoen bikotekidearekin. Hala ere, gogorrena Madrilen egindako simulazioa izan zen, hodi antzeko bat sartu zidaten aluan. Hori oso bortitza izan zen. Guztia irrien eta hitz umiliagarrien artean. Torturatzaileak izateaz gain, niretzat bortxatzaileak ere badira, dena batera doa.

Inkomunikazioa amaitzea tortura bukatzeko gakoa dela esan duzue. Zergatik?

M.S.: Protokoloa ez betetzeagatik jarri dugu kereila. Baina horrek ez du esan nahi protokoloa betez gero tortura amaituko litzatekeenik. Azken finean, protokolo hori tortura mantentzeko diseinatuta dago. Inkomunikazioa existitzen den bitartean, tortura existituko da, protokoloak protokolo. Inkomunikazioak bost egunez desagerrarazten zaitu, ez zara existitzen. Hutsune bat dago espazioan eta denboran, eta, beraz, zurekin nahi dutena egin dezakete. Horregatik, tortura bukatzeko, inkomunikazioa, denbora hutsune hori desagertu behar da.

Salaketa honen aurrean, zer espero duzue?

A.P.: Espero dugu aurrera egitea. Hasieran tramitazioa Espainian egingo dugu, eta aurrera ez badoa, Europan aurkeztea planteatuko dugu, ondorioak izan ditzan. Azken finean, Espainiako Estatuko justiziaz ezin da lar espero.


Ane Ituiño, Gaizka Jareño eta Haizea Ziluaga, atzean atxilotu eta senideak eta aurrean preso daudenen argazkiak dituztela. / MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

>>berria.info: Tortura. Garzonen kontrako kereila. Garzonen aurkako kereila aurkeztu dute, torturak ez saihesteagatik

>> berria.info: [bideoa] Garzonen aurkako kereila kriminala

Orain hiru urte tortura salaketa gogorrak egin zituzten 9 lagunen senideek epailea, bi guardia zibil eta mediku bat salatu dituzte

Beren betebeharrak bete ez izana eta delitua egitea ahalbidetu izana leporatu diete

Baltasar Garzon epaileak, Espainiako Auzitegi Nazionaleko auzi-mediku batek eta bi guardia zibilek kereila bana jaso berri dute. Torturak saihesteko protokoloa bete ez izana eta torturak ahalbidetu izana egotzi diete duela hiru urte Guardia Zibilak atxilotu zituen bederatzi euskal herritarren senideek. Hain justu, operazioa egin zutenetik hiru urte bete diren egunean aurkeztu dute salaketa Espainiako Auzitegi Gorenean: atzo. Kereilaren nondik norakoen berri ere atzo bertan eman zuten, agerraldia eginda. 2008ko uztailaren 22an akusazio gogorrekin atxilotu zituzten, eta egun kalean diren Maialen Zuazo, Gaizka Jareño, Adur Aristegi, Anabel Prieto, Mikel Saratxo eta Libe Agirre agerraldian izan ziren. Preso dituzten Aitor Cotano, Arkaitz Goikoetxea eta Iñigo Gutierrez sinbolikoki, argazkien bidez. Horien guztien senideen babesa izan zuten agerraldian. Areago, senideek beraiek jarri dute kereila. Atxilotuen defentsarako abokatuek zein Torturaren Aurkako Taldeko kideek auziaren azalpen juridikoa egin dute.

Tortura salaketez josia egon zen, eta oso mediatikoa izan zen 2008ko uztailaren 22ko operazio hura. Bederatzi lagun atxilotu eta inkomunikatu zituzten ETAko kide izan edo hari laguntza ematea egotzita, eta latzak izan ziren atxilotuek emandako tortura testigantzak. Atxilotuentzat ez ezik, haien senideentzat ere izan dira latzak azken hiru urteak. Haien hurkoengatik esan direnengatik eta haiei egin zaizkienei buruz esan ez direnengatik bor-borka dituzte oraindik barruak. Horregatik erabaki dute senideek gertatutakoa salatzea. Espainiako Auzitegi Nazionalean, operazio hari dagokion epaiketan ikusi dituzten bideoak ikusi, eta haien hurkoen ahotik entzun dituzten tortura salaketak entzun ondoren erabaki dute neurriak hartzea. Auzian parte hartze zuzena izan zuten lau pertsonaren aurkako kereilak aurkeztea.

Baltasar Garzon epailea operazioa agindu zuen instrukzio epailea izan zelako salatu dute. Haren ardura zelako atxilotuen egoera egokia bermatzea. Atxilotuak inkomunikatzeko hark agindu zuelako, eta inkomunikatu zituen arren torturak saihesteko protokoloa ezarriko zuela lau haizetara zabaldu zuelako. Baita atxilotuek, Guardia Zibilen esku bost egunez egon ondoren, epaileari berari torturen berri eman zieten arren, epaileak ez zuelako inolako neurririk hartu.

Carmen Baena Salamanca Auzitegi Nazionaleko auzi-medikuaren aurka ere aurkeztu dute kereila senideek, hark artatu zituelako atxilotuak. Haien egoera ikusi zuen arren, ez zuelako hartu oso agerikoak ziren torturak amaitu edo salatzeko inolako neurririk.

K-75.616-N eta B-27.808-B zenbaki profesionalak dituzten guardia zibilak, operazio hartako instruktorea eta idazkaria izan ziren. Haien agindu eta ardurapean aritu ziren guardia zibilak, eta horregatik salatu dituzte horiek ere.

Torturak ahalbidetzea egotzi diete laurei senideek; Zigor Kodeko 176, 408, 410 eta 450. artikuluetan oinarrituta, haien betebeharrak ez betetzea eta delitua egitea ez eragoztea.

Garzoni agindutakoa ez betetzea ere leporatu diote. Tortura saihesteko protokoloa ezarriko zuela hitz eman zuen publikoki. Atxiloaldi osoa bideoz grabatuko zuela, konfiantzazko medikuek atxilotuekin egoteko aukera izango zutela eta senideei atxilotuak non eta nola zeuden jakinaraziko ziela. Agindu bai, baina protokoloa ez zuen bete. Itxura hutsean geratu zen. Eta, bideo grabaketak egin ziren arren, zatikatuak eta oso zehatzak izan ziren. Ezagutu direnak behintzat polizia etxeetako pasilloetakoak izan dira soilik.Eta tratu txarren inguruko kezkak areagotu dituzte, gainera.

Epaiketan ezagutu dituzten irudi horiek gordetzen dutenaz ohartarazi du Ane Ituiño Torturaren Aurkako Taldeko kideak. «Ikusten da guardia zibilek pertsona bat nola ateratzen duten pasillora, guardia zibilek eskuetan antifaza dutela. Ikusten da atxilotu bat nola ateratzen den pasillora danbadaka, jaso dituen jipoien ondorioz tente ibiltzeko gai ere ez dela».

Guardia Zibilak atxiloaldiaren inguruan egindako txostenetan kontraesanak eta gezurrak agerian uzten dituela ere azaldu du. Atxilotu baten kasuan, esaterako, ziegatik lau aldiz atera zutela jasotzen du txostenak, epaiketan hamalau aldiz atera zutela ikusi zenean. «Nola da posible?».

Eta bai TATeko kideak, bai atxilotuen defentsa lanetan ari den Haizea Ziluaga abokatuak, bai atxilotuak izan zirenek argi dute inkomunikazioa dela tortura ahalbidetzen duena; bata amaitzen ez den artean ez dela bestea ere amaituko. Horregatik eskatu dute guztiek inkomunikazioa amaitzeko.

Jareñok, inkomunikatuta egon ziren bost egun haietan bizi izan zutena azaldu ondoren, torturen ondorenak oraindik pairatzen dituztela kontatu du: «Beldurra, segurtasunik eza, lo egin ezina, urduritasuna, antsietatea». Horrez gain, torturapean egindako testigantza haiek berriz espetxera ditzaketela ohartarazi du.

Azken 50 urteetan 10.000 euskal herritar torturatu dituztela ohartarazi, eta oraindik errealitate dena behingoagatik amai dadin mobiliza daitezela eskatu die herritarrei.

ANE ITUIÑO. Torturaren Aurkako Taldeko abokatua

«Bideo urri horietan ikusten da atxilotu bat, jasotako jipoien ondorioz tente ibiltzeko gai ere ez dela»

ESANA. GAIZKA JAREÑO. Atxilotua

«Beldurra, segurtasunik eza, lo egin ezina, antsietatea, urduritasuna… egunerokoak ditugu ordutik»

Neurriak TORTURA GAINDITZEKO

Tortura amaitzeko, asko dago egiteko, TAT-eko Ane Ituiñok ohartarazi duenez. Eta, inoiz gatazka amaitu eta eszenatoki demokratiko batera igaroko bada, hiru neurri «ezinbesteko» izango direla dio:

• Onarpena. Euskal Herrian 10.000 torturatu egon direla onartu behar da.

• Bermenak. Torturatu bakar bat gehiago ez dela egongo bermatzeko baldintzak egon behar dira. Horretarako, ezinbestekoa da inkomunikazioa behin betirako amaitzea.

• Kalteak konpontzea. Tortura jasan duten guztiei gaitza gainditzeko laguntza profesionala eman behar zaie, eta baita kalte ordaina ere.

Tortura zantzu bakar bat ikusi ez izana, «eskandaluzkoa»

Torturaren Prebentziorako Mekanismoan Espainiako Arartekoak kaleratu berri duen txostena «eskandaluzkoa» da TATen ustez. Iaz 300 gune aztertu, eta tortura zantzurik ez duela ikusi dio txostenak. «Nola da posible hemen torturaren aurkako taldeek 63 kasu jaso izana eta zantzu bat ere ez ikustea?».

Utzi iruzkina

Amets, Guti, Ibai eta Marimertxe absolbitu egin ditu Espainiako Tribunal Gorenak


Epaiketa torturetan oinarrituta zegoela salatu zuten TAT, AAM eta akusatuek epaiketaren aurretik

>> Espainiako Tribunal Gorenaren sententzia osorik.pdf
>> hemen ere bai.pdf
>> berria.info: Lau herritar absolbitu ditu Gorenak, eta torturak ez ikertzea gaitzetsi du
>> gara.net: Absueltos por el Supremo tras no investigarse la denuncia de torturas
>> europapress: El Supremo absuelve a cuatro colaboradores por falta de pruebas e irregularidades en los interrogatorios
>> elmundo: El Supremo vuelve a reprochar a la Audiencia Nacional que no investigue torturas a terroristas
>> berria.info: Sententzia harrigarria (Xabier Makazaga)

Espainiako Tribunal Gorenak absolbitu egin ditu Amets Ladislao (Algorta), Ibai Egurrola (Algorta), Xabier Gutierrez (Leioa) eta Marimertxe Alcocer (Algorta). Auzitegi Nazionalak zazpi eta bost urteko espetxe zigorrak ezarri zizkien, Aitor Artetxeri ihes egiten lagundu ziotela leporatuta. Beste akusatu bat, Maribel Prieto (Berango) absolbitu egin zuen. Auzitegi Gorenak maiatzaren 19an ikusi zuen auzi hau eta absoluzioaren berri gaur jakin dute akusatuek.

Ibai Egurrola (Algorta), Amets Ladislao (Algorta) eta Javier Gutierrez (Leioa) Irunen atxilotu zituzten Guardia Zibilek 2008ko abenduaren 8an eta Marimertxe Alcocer Gabaldon (Algorta) eta Maribel Prieto Plaza (Berango) abenduaren 10ean atxilotu zituzten Itzubaltzeta/Romon eta Berangon hurrenez hurren. Guztiek salatu zuten Guardia Zibilek basatiki torturatu zituztela.

>> Amets Ladislaoren tortura salaketa.pdf
>> Ibai Egurrolaren tortura salaketa.pdf
>> Xabier Gutierrezen tortura salaketa.pdf

>> Maribel Prietoren tortura salaketa.pdf (oharra: pdf hau ezin da zabaldu, baina Maribelen tortura salaketa TATen 2008ko txostenean jasota dago, eta hemen ere irakur daiteke)

Marimertxe Alcocer-ek Euskal Preso Politikoen Kolektiboa utzi eta bere aldetik jotzea erabaki zuen espetxean zegoenean. Hartara, jasandako torturak bere aldetik salatu zituen jendaurrean, Iñaki Zarraoa eta Martxelo Otamendirekin batera egindako agerraldian. Salaketa hau ikertzeko agindu zuen Madrilgo auzitegiak.

Auzipetutako guztiak espetxean izan ziren prebentibo gisa. Maribel Prieto 2009ko martxoan irten zen kalera, Amets Ladislao, Ibai Egurrola eta Xabier Gutierrez apirilean irten ziren, eta Marimertxe Alcocer maiatzean. Orain kalean ziren denak, Tribunal Gorenaren epaiaren zain.

Iruzkin 1

  • Atalak

  • Artxiboa

  • idatzi zure e-posta helbidea

  • etengabe[abildua]gmail.com