David Alvarez

DAVID ALVAREZ PEÑA

(Bilbo 1952.08.08, Bilbo 1978.01.14)

Lemoizen aurkako borrokan eroritakoen
zerrendan, David Alvarez Peña hogeita bost urteko gazteak hasi
zuen, 1978aren bukaera aldera. Hilabete batzuk lehenago, 1977ko
ekainean, ETAk proiektu honen aurkako ekintza armatuei ekin zien
zentralaren eraikuntza obren leherketa batekin. Durangoko zentral
elektrikoaren aurkako atentatuek eta Iberduero enpresaren hari
elektrikoen aurkako sabotaiek Euskal Herrian oso errotuta zegoen
sentimendu antinuklear bati erantzuten zioten. Sentimenduon estreinako
adierazpena 1976an hasi zen, Lemoizko zentral nuklearra eraikitzearen
aurka gizartearen alderdi desberdinetan jasotako milaka sinadurekin.
1976ko abuztuan milaka lagun bildu ziren Plentzian “Zentral nuklearrik
ez” lemapean, eta 1977an martxa izugarri jendetsu batek Bilbo zeharkatu
zuen.Jose David Alvarez Peña gaztea Plentzian bizi zen, Lemoiztik
hurbil. Zentral nuklearra jartzeko hautatu zuten lekuaren inguruko
zonaldean jakinmin handiz bizi ziren haren inguruko berriak.
Proiektuaren aurkako herri mugimendua handitzen joan zen astiro.

Dabi Bilbon jaio zen 1952ko abuztuaren 8an; ama, Julia Peña,
Barrika herri bizkaitarrean jaioa zuen; euskalduna eta baserriko alaba
eta aita, David Alvarez, Ourense probintzian sortu zen, ehun biztanle
eskas dituen La Illa herrixkan. Jostun izateko asmoa izan arren,
atzenean Goardia Zibilean egin zuen soldadutza, Euskal Herrian hain
zuzen ere. Soldadutza amaitu eta gero, beste urtebetez jarraitu zuen
Gorputzean eta orduan Julia Peña ezagutu. “Goardia Zibila uzteko
asmoa sortu zitzaionean niri esateko beldur zen -kontatzen du Juliak-,
uste baitzuen uniformeak txunditzen ninduela. Egia esatera, ni asko
poztu nintzen utzi zuenean”.

Handik hiru urtera ezkondu eta sei urtez David Alvarezek lurra lantzen
jardun zuen soldata eskas baten truke; Enekuriko familia
aristrokratikoa zen Lezama Legizamon familiaren lurrak hain zuzen ere.
Garai honetan jaio ziren bikotearen lehen hiru seme-alabak. Estatu
frantsesean igeltserotzan hiru urte lanean aritu eta diru pixka bat
aurreztu ahal izan zuen. Diru horrekin Plentzian lursail bat erosi eta
etxea eraiki zuen, egun Julia Peña eta seme-alaba batzuk
oraindik bizi diren etxea.

Familia bitxia

Garai hartan oso arraroa zen bikotea osatzen zuten David Alvarez
eta Julia Peñak. Amak ortua eta azienda zaindu, eta hondartzan
txirlak biltzen sos batzuk ateratzen zituen. Aita, berriz, igeltsero
aritu eta zortzi zema-alabez arduratzen zen, lau mutil eta lau neska.
“Arropa dena berak egiten zigun, ilea moztu, zinemara edo
Logroñon eskolan zeuden bi arreba gazteak bisitatzera eroan.
Neba-arreba guztiok berdin hezi gintuen eta denok ikasi genuen denetik
egiten: josten, plantxa egiten, garbitzen…”.

David Alvarez jostun, ileapaintzaile eta era guztietako tramankuluen
asmatzailearengandik balore eskala oso bat jaso zuten seme-alabek.
Norbera gobernatzen jakitea, kontsumismoaren gaitzespena eta, bereziki
Dabik, hainbesteko familia batean desordena
saihetsi nahi duen aita baten zuzentasuna.

Gaixotasun batek eraman zuen aita 1972ko maiatzaren 5ean, Dabi seme
zaharrenak artean hemeretzi urte zituenean. Logroñon eginak
zituen batxilergo ikasketak eta, aita hilez geroztik, etxeko buru
bihurtu zen. Beregan zegoen, hein handi batean, ama eta anai-arrebak
aurrera ateratzeko erantzukizuna. Astegunetan Plentzian lan egiten zuen
zabor-bilketa zerbitzuan, eta asteburuan, berriz, tabernari aritzen zen
Algortan.

Zuzenbide ikasketak egiten ziharduen Deustuko Unibertsitatean lanean
ari zen batera, baita ikasturte guztiak gainditu ere gaueko klaseetara
joaten. Haren izaera gordea gogoratzen dute lagun eta ikaskideek. “Bere
militantziaz susmatzeko moduko adierazpenik ez zuen sekula egin. Ez
zuen sekula politikaz hitz egiten, ezta bere ideologia erakusten ere.
Jarrera arrunta zuen, bere adineko edozein gazteren modukoa. Igandeetan
mendira edo arrantzara joaten zen motorarekin”.

Nahiz eta, lekukotasun hauen arabera, haren ideologia adierazi ez,
nabarmena zen euskara ikasten egiten zuen esfortzua. “Plentziako
taldeko mendi irteeretan ibiltzen zen. Talde horrek kultur ekitaldiak
ere antolatzen zituen, eta han mugitzen zen arren, euskararena zen bere
etengabeko kezka”, zehazten du neskalagun batek.

Bagoia euskara gela bihurtuta

Unibertsitateko klaseek eta lanak ez zioten asti handirik uzten, baina
moldatzen zen euskara ikasi ahal izateko. Azken urtean aurrerakada
agerikoa egin zuen eta menderatu ere ia, lagunek diotenez.
“Denborarekin hain zebilen larri ezen Bilbotik Plentziarako tren
bidaiako hiru ordu laurdenak baino ez zitzaizkion geratzen. Bidaia
elkarrekin egiten genuen eta ia bi urtez euskarazko klaseak ematen
genituen gaueko hamarretatik aurrera. Dexente aurreratu zuen klase
ezohizko hauen bidez”. Honela, eta ia bi urtez, Bilbo-Plentzia trenaren
azken bagoia bat-bateko euskara gela bihurtu zen Dabi eta Roberto bere
lagunarentzat. Bi ikasle hauen ezagutzak aurrera egin zezan
erantzukizuna Elisabethe andereñoak zuen, gerora Mario
Alvarezekin ezkondu zena. Mario, Dabiren anaia eta erakundeko
militantea halaber, 1981ean hil zen. Treneko beste bidaideak, gauero
berak, animatu eta txantxak egiten zizkieten. Plentziara iristean Dabi
zabor-bilketa lanera joaten zen.

Anaiek diotenez, injustizia sozialekin loturiko gaiek kezkatzen zuten
hasiera batean, nahiz eta “noizbehinka kezka politikoak ere suma
zitezkeen harengan”. “Hala ere -gehitzen dute-, naturaren zainketa eta
harekin orekan bizitzea zituen mintzagairik gustukoenak. Edozein
drogarekiko menpekotasuna gorroto zuen, izan tabako edo alkohola, eta
ohardun zen gizartean ematen den ustiakuntzaz. Bere bizimodua eta gurea
atera behar izan zuen gaizkien ikusitako lanak eginez. Orduan gaizki
ikusia zegoen gazte bat zabor-bilketan aritzea, baina beregan balore
eskala horrek ez zuen eraginik. Azaluskeria eta iruzurra ezin zituen
jasan”.

Lemoizen zauritua

Beren familia harremanei dagokionez, “perfekto” hitza erabiltzen dute
hura gogoratzeko; xehetasun txikiena ere beti zuen gogoan eta oso
txukuna zen. “Ez zen batere harroa, beti beltzez janzten zen, hori
deigarria zen eta, noski, neskei asko gustatzen zitzaien”.

1977ko abenduaren 18an, igandean, lau gazte zentral nuklearraren
aurkako atentatua prestatzen ari ziren. Aurreneko tiroa goizeko 06:20ak
aldera entzun zen, eta atzenekoa hamar minutu beranduago. Hamar gizon,
sei goardia zibil eta lau laguneko komandoa, elkarri tiroka ari ziren.
Goardia Zibilaren egoitzako ateari eraso egitera zihoala, hurbileko
barrakoi batetik bi agenteek egindako tiroek ezustean harraptu zuten
komandoa. ETAko militanteek ez zituzten bi hauek ikusi. Goizeko
06:30etan dena amaitua zen. Dabi Alvarez Peña lurrean zetzan,
oso larri zaurituta.

Komandoak ihesari ekin zion, eta hiru lagunek lortu zuten aldegitea
erabilitako ibilgailua han utzita; Dabi Alvarez ere han geratu zen,
lurrera erori baitzen sabelean jaso zuen tiroren eraginez. Lagunek
atzera egin zuten lagutnzeko, baina Dabik ihes egin zezaten ekin zien:
bera bizkarrean hartuta ihesa ezinezkoa izango zatekeen.

Basurtoko Ospitaleko Birgaitze Unitatean sartu eta sabeleko zauria
gainditu ahal izan zuen, baina ezin izan zuen gainditu Goardia Zibilak
eragindako preso jasangaitza eta hogeita zazpi egun beranduago hil zen.
Denbora epe guzti horretan Goardia Zibil bikote batek zaindua egon zen,
biak metraileta eskuan bere ohetik metro erdira. “Bi goardia zibil beti
zeuden zainketa bereziko gelaren atearen aurka, eta beste lauzpabost
kanpoan. Oso gogorra zen hura hala iksutea, presio emozional izugarri
baten eraginpean. Hura tortura psikologikoa zen. Handik joan zitezen
baino ez zuen eskatzen”.

Davidek jasaten zuen tentsioa ikusirik, eta familiak hala eskatuta,
ospitaleko zuzendaria Bilboko komisari buruarekin elkarrizketatu zen
zaidnariak gelatik erretira zitezen. “Harrezkero, kendu beharrean
bikoiztu egin zuten. Lau goardia zibil jarri zizkioten muturren
aurrean”.

Goardia Zibilak izutua

“Konortea ez zuen inoiz galdu -zehazten dute senitartekoek-. Ez
zitzaion burutik pasatu hiltzera zihoanik, baina erabat beldurtuta ikus
zitekeen, izutua. Gauez galdeketa egitera sartzen ziren goardia
zibilak. Erabateko inpotentzia egoera zen”.

“Oso harro zegoen galdeketetan izenik ez zuelako eman. Behin baino
gehiagotan esan zigun: “Ez dut ezer esan”. Buruan zeukan gauza bakarra
zen erakundeari ohar bat helaraz geniezaion komandokideei lasai egoteko
esanez. Komunikazioa iritsi zen bere tokia, eta gutun bat eman ziguten
erantzun gisa, animoak emanez. Sendatzea zela garrantzitsuena esaten
zioten, ez zezala bizitza arriskuan jar isilik irautearren, militante
baten bizia ezer baino inportateagoa zela. Gutuna irakurri genion. Oso
errukiorra zen gutuna”.

1978ko urtarrilaren 14ean, heriotzaren aurka lau astez borrokan jardun
ondoren, Dabi Alvarezek azken arnasa eman zuen. Arratsaldeko ordu bata
t’erdiak aldera. Une hartaz dagoen lekukotasun bakarraren arabera, hil
baino lehentxeago erizainari deitu eta zera esan zion: “Ez nazazu
bakarrik utzi”.

Ordu batzuk lehenago medikuak baikor azaldu ziren haren osasun egoeraz.
“Egoera hobetzen zihoala zeinuak zeuden, odola galtzeari utzi zion. Guk
gaua han egin genuen eta etxera joanak ginen atseden pixka bat hartzera
gertatu zenean”.

Alvarez Peña familiak kereila kriminala jarri zuen Dabiren
heriotzarengatik, baina ez zuen aurrera egin. “Komentzituta gaude
Dabiren heriotza jasan behar izan zuen polizien tortuta psikologikoaren
ondorio zuzena izan zela. Haren gorputzak ez zien ebakutnzei aurre
egiten eta ez zuen odol transfusiorik onartzen, dena goardien
presentziak eragiten zion nerbio estresagatik. Medikua ziru zen
lasaitasun egoera batean sendatu ahal izango zela. Organu bakarra kendu
zioten, barea, eta honek ez du galerazten bizitzen jarraitzea.
Pixkanaka hil zuten”.

Euskadi osoan mugimendua

Gaitzespen eta salaketa ugari eragin zituen haren heriotzak. Euskal
lurretan leku askotara hedatu zen greba orokorra., Bilboko Zuzenbide
Fakultateko kideek Goardia Zibilaren presentziari egozten zioten errua,
hark sortutako tentsioari, loak ezin hartzeari eta honen eraginez sortu
ziren hemorragia eta ultzerei.

Basurtoko Ospitaleko langileek ere beren gaitzespena azaldu zuten Dabi
Alvarezek jasan zuen egoeraz. “Polizi zainketaren aitzakian birgaitze
gela bateko atea irekia mantendu izana, garbiketa funtsezkoena den
areto batean, har dezakegu Daviden egoeraren gaiztotzearen arrazoi
nagusietako bezala”.

Milaka lagun bildu ziren biharamunean, Plentziako plazan, hildako
militantearen gorpuari Barrikara joaten laguntzeko. Etxetik lau eta
zentral nuklearretik hamairu kilometrora. Ibilbidean zehar,
manifestaldikoek Dabiren aldeko oihuak eta Suarezen gobernuaren
aurkakoak bota zituzten. Gogor entzun zitezkeen Martin Villa Barne
ministoari zegozkion esaldiak -“Martin Villa, zurekin binako
berdinketa”-. Itsaso aurretik igarotzean gelditu egin ziren txalupa
baten aurrean, argiztuta zegoen eta ikurrin batek apainduta; bertan
joaten zen Dabi arrantzara.

Hori baino lehenago, Plentzian egindako asanblea batean, herriko
batzorde antinuklearrak dei egin zien denei zentral nuklearra uranioa
iritsi baino lehen geldiarazteko mugimendu handi bat era zezaten.

(testoa eta argazkiak: “Euskadi eta
Askatasuna” Txalaparta)

 

David Alvarez, Bilbon jaioa (26 urte) 1978; Lemoizen aurkitzen

David Alvarez, Bilbon jaioa (26 urte) 1978; Lemoizen aurkitzen

 

 

  1. 34 urte. Dabid Alvarez, gogoan!! « ETENGABE
  2. 33 urte. Dabid Alvarez, gogoan!! « ETENGABE
  3. Mario Alvarez gogoan, 31 urte « ETENGABE

Utzi iruzkina

  • Atalak

  • Artxiboa

  • idatzi zure e-posta helbidea

  • etengabe[abildua]gmail.com